Debagoieneko udalen eta erakunde publikoen kasuan, gehienetan oraindik ere erabakitzeko dago langileek Gabonetako aparteko ordainsaria jasoko duten ala ez. Dena den, Aramaion dagoeneko erabaki dute langileek ez kobratzea ordainsaria, ezta alkateak ere. Eskoriatzan bestalde, bertako alkate Beñat Hercek esandakoaren arabera, legez ezin dute ordaindu aparteko ordainsaria eta ez dute ordainduko. Eta legeak ahalbideratzen duen arren, zinegotzi liberatuek ere ez dute kobratuko.
Gainerako udalei dagokienez, Aretxabaletan astelehenean egoingo duten ezohiko osoko bilkuran hartuko dute erabakia; Leintz-Gatzagan aldiz, abenduaren 20an egingo duten osoko bilkuran.
Antzuolan erabakia hartzeko dago; dena den asmoa ordaintzea dela adierazi du bertako alkate Ima Beristainek, baina nola egin aztertu egin behar dutela. Bergaran bestalde, oraindik erabaki formalik egon ez arren proposamena ez ordaintzea da, nahiz eta dagoeneko erabaki duten abenduko nomina urtarrilean ordaindu beharrean, datorren astean zehar ordaintzeaq. Elgetan antzerakoa da egoera: ez dute erabaki aparteko ordainsaria ordaindu ala ez, baina proposamena da langileek nomina abenduaren 31an kobratu beharrean, abenduaren 21ean kobratzea.
Oñatin ere erabakia hartzeko dago eta asteartean egingo dute bilera langileekin; Arrasaten bestalde, ez dago erabaki ofizialik.
Debagoieneko Mankomunitatearen kasuan, abenduaren 27ko gobernu batzarrean hartuko dute erabakia.
Aldundiak, ordainsari osagarria
Martin Garitano aldun nagusiak iragarri duenez, Gipuzkoako Foru Aldundiak ordainsari osagarria ordainduko die bertako langileei. Atzo eta gaur bitartean jasoko dute langileek ordainsaria, diputatu nagusiaren esanetan, erosteko ahalmenean izandako galerari aurre egiteko. Ordainsari osagarri hori hilabete bateko ordainsariaren parekoa izango da.
Garitanoren hitzetan, Madrildik datozen "inposizioekin" Euskal Herriari ukatu egiten zaio besteak beste arlo politiko, sozial zein administratiboetan erabakitzea. Bere esanetan Espainiako Gobernuaren neurriak ez dira ez zentzuzkoak ezta eraginkorrak ere, ez baitie erantzuten Aldundiak xedetzat dituen herritarren interesei. Gaineratu du Aldundiak eskura dituen tresna guztiekin erantzungo diola bide horri eta bide horretako beste urrats bat dela ordainsari osagarria ordaintzeko erabakia.
Aldun nagusiaren arabera, Aldundiak hasieratik izan du argi foru administrazioa osatzen duten 1.900 langileekin hartutako konpromisoa betetzea, langile horiek ere bete dituztelako euren egitekoak. Esan du baita ere Aldundiak eskura dituen neurri guztiak hartuko dituela herritarren defentsan. "Aldundiaren ustez, eskubide sozialak errespetatu behar dira, eta horien arten daude langile guztien eskubideak bermatzea eta errespetatzea, eta bistan denez, baita langile publikoenak ere" azaldu du Garitanok, eta gaineratu: "Herri honen eta herri honetako instituzioen eskubideen eta eskumenen defentsan jardungo dugu".