Bergaran eta Oñatin apirilean jarriko dute atez atekoa, hori da behintzat Mankomunitatearen asmoa

Amaia Txintxurreta Guridi 2012ko abenduaren 4a

Bi herri horietan atez ateko sistema ezarri aurretik baina, fase berri bati ekingo diote: parte-hartze prozesu berri bat jarriko dute martxan erdiguneko bizilagunendako. Bertan, orain arte egindakoari buruzko informazioa emango diete herritarrei eta euren proposamenak jasoko dituzte. Leintz Gatzagan, berriz, udaberritik aurrera sortzen duten organiko guztia herrian bertan kudeatuko dutela ere azaldu dute Mankomunitatetik.

Oñati eta Bergarak erronka handia dute aurretik, horixe esan du Mikel Biain Oñatiko alkateak. Bi herrietan duela hilabete batzuk hasi ziren landa eremuko eta zenbait auzotako herritarrekin atez atekoaren asmoak eta proiektuak partekatzen eta gaur Biain alkateak esan du Bergaran eta Oñatin atez atekoa apirila ingururako jartzea dela Mankomunitatearen asmoa.

Horretarako, datozen egunotan herriko hainbat eragileekin bilduko dira, esaterako, kultur zein gizarte eragileekin eta atez atekoaren alde eta kontra daudenekin, bilketa sistema berriaren xehetasunen gainean elkarrekin aritzeko. Ondoren, urte hasieran, herriguneko bizilagunekin zabalduko dute parte-hartze prozesua.

Oñati eta Bergara

Oñatiren kasuan, parte-hartze prozesu horretan hitz egingo dute papera eta kartoia eta ontzi arinak zein eratara batu eta beste bi gai hauei buruzko herritarren proposamenak ere jaso nahi dituzte: bilketaren zirkuitua nolakoa izan behar den eta auzoetan zintzilikarioak non jarri erabakitzea.

Bergaran ere dagoeneko zabaldu dute informazio bulegoa eta parte-hartze prozesuan, besteak beste, gai hau landuko dute: auzoetan zintzilikarioak edo aportazio guneak jartzea komeni den.

Arrasaten 2014an

Arrasaten, berriz, asmoa da 2014an jartzea atez ateko bilketa sistema. Aurretik, baina, orain arte Bergara eta Oñatik jarraitu dituzten pausuak jarraituko ditu Arrasatek ere.

Gatzagan organiko guztia herrian kudeatuko dute

Bestalde, Leintz Gatzagan udaberritik aurrera sortzen duten organiko guztia herrian bertan kudeatuko dutela ere azaldu dute. Eugenio Otsoa alkateak zehaztu du herriko bi gune zehaztuko dituztela konpostaje komunitarioa egiteko eta baserritarrekin harremanetan jarriko direla egin beharrekoari buruz berba egiteko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak