Elkarhezitzen taldearen inguruan batu dira eta, oraingoz, hantxe dute egoitza ere: Arrasateko Jose Luis Iñarra kaleko 30. zenbakian.
Goiena Magazinea-ko Ekonomia saioan Fiareko bi kidek, Juankar Olaetak eta Elena Aizpitartek, honela definitzen dute Fiare banka etikoa: "Helburua ez da bankua, gizartea garatzea baizik. Horretarako bide bat da bankua". Beraz, gizarte proiektua da Fiare, lehenik eta behin; dena dela, bankua denez, tresna finantzarioak erabiltzen ditu eta horiek eskaintzen ditu –oraingoz, gordailu edo depositua eta mailegua–, baina betiere ikuspegi etikoa nagusi dela.
Datorren urtean espero dute Fiare sendotzea Debagoienean ere. Gainera, bultzada handia jasoko du Fiare banka etikoak, izan ere, Italiako Banca Popolare Etica (BpE) kreditu kooperatibarekin bat egingo du.
Tokian tokiko taldeak
Fiare banka etikoak baditu zenbait berezitasun, bere oinarriko filosofiatik abiatuta, hau da, erabaki ekonomiko guztiak erabaki etikoak direla.
Alde batetik, tokian tokiko taldeek erabakitzen dute ze norbanako edo erakundek egin dezaketen diru-depositua, gordailua, eta zeintzuei emango dieten mailegua. Talde horiek kudeatzen dute ere bankua. Bestetik, diruz laguntzen diren edo bezero egiten direnen helburu etikoak ziurtatzeko, tokiko talde horietan batzorde etikoa egoten da eta finantzazioa eskatzen duen proiektu bakoitza tokiko batzorde horrek aztertzen du lehenengo, eta, gero, batzorde ekonomikoak. Fiarek diru-mailegua emateko onartzen dituen proiektuak lau sektorekoak izaten dira: gizarteratzea eta ekonomia solidarioa; nazioarteko kooperazioa; agro-ekologia; eta gizarte balioekin lotuta dauden kultura, kirol edo beste arlo bateko proiektuak.
Bestalde, diru-gordailua egitea eta aurrezki-libreta eskatzea edozeinen esku dago, pertsona fisiko zein juridikoa dela. Horretarako baldintza nagusia da Fiareren sorrera-printzipioekin bat datorrela jakinarazteko adierazpena sinatzea. Pertsona juridikoek kontu korrontea ere ireki dezakete.
Fiareko kide Elena Aizpitartek dioenez, "bezero gisa, beste edozein kutxatan bezala, dirua sartzeko eta aurrezteko aukera dago. Aurrerantzean, beste aukera batzuk ere egongo dira; txartel bidez dirua ateratzeko, adibidez".
Hiru bazkidetza mota
Bezero izatea Fiareren proiektuari laguntzeko modu bat da, baina beste batzuk ere badaude, eta norberak ondoen datorkiona aukeratu dezake.
Bazkide egitea oso samurra da eta hiru modu daude: pertsona sustatzailea, lankidea edo boluntarioa. Sustatzaile izan daitezke Fiare bultzatzen "protagonista izan nahi duten pertsona eta erakunde guztiak", Fiareren esanetan. Horretarako, bi diru ekarpen egiten dituzte –bat kapital sozial gisa eta bestea proiektua abian jartzeak dakartzan gastuetarako–, eta bere denboraren zati bat emateko gertu daude ere. Beste mota bat lankidea da: kasu honetan, kapital sozialean aportazioak egiten dituzte, baina ez gastuetarako aportaziorik. Denbora aldetik, ahal duten neurrian parte hartzen dute. Eta azkenik, Fiare eraikitzen lagundu nahi duten baina kapitala ipini ezin dutenek, baina hala ere proiektuarekin bat egiten dutenek, bere denbora ematen dute Fiare zabaltzeko eta indartzeko, eta lurraldeko sarea osatzen laguntzen dute.
Debagoieneko taldearekin bat egin nahi duenak hiru bide ditu: Arrasateko euren egoitzara joatea; 943 77 17 38 telefonora deitzea; edo elkarhezitzen@gmail.com helbidera mezua bidaltzea.
-----------------
Aitzindariarekin bat egingo du 2013an
Aurtengo maiatzean, pauso "historikoa" eman zuen Fiarek, arduradunen esanetan, Italiako Banca Popolare Etica kreditu kooperatibarekin bat egitea onartu eta gero, batzarrean. Horren ondorioz, 2013an Italiako banku horren Hego Euskal Herriko eta Espainiako ordezkaria izango da eta beste edozein bankuk bezala funtzionatuko du, banketxeek normalean eskaintzen dituzten produktuak eskaintzeko aukerarekin; orain arte, BpEren agentea izan da eta Italiako legediaz eta hango produktuekin bakarrik lan egin zezakeen. 2013an bategitea egiten denean, BpEren kapital sozialarekin eta lan-oinarriekin bat egingo dute Fiarerenek. BpEk 36.900 bazkide inguru eta 37,6 milioi euroko kapital soziala zuen joan den maiatzean, bategitea onartu zenean; Fiarek, une berean, ia 2.900 bazkide eta 3,2 milioi euroko kapital soziala.
-----------------
Begirada baten
Filosofia: Fiare uste honetatik abiatzen da: ekonomia jarduera ez da neutrala, eta erabaki ekonomiko guztiak etika erabakiak dira.
Tresna: Fiaren parte hartzen dutenen helburua da gizartea "zuzenagoa, parte-hartzaileagoa eta gizarteratzea gehiago bultzatzen duena izan dadin".
Herritarrak: helburuak betetzeko, herritarren eskuetan dagoen bankua izan nahi du Fiarek. Horregatik, tokian tokiko lantaldeak dira Fiareren funtsa.
Batzordeak: Fiareri mailegua eskatzen dioten proiektuak tokiko batzorde etiko batek aztertzen ditu lehenengo, eta haren oniritzia ezinbestekoa da. Gero, batzorde ekonomiko batek begiratzen du.
Aitormena: Fiareko bezero izan nahi duenak ere Fiareren filosofiarekin konforme dagoela aitortu behar du, horretarako dokumentu bat sinatuz.