Gaur banatu dituzte sariak. Sergio Armentia Cerio (Mondragon Unibertsitatea), Julen Perurena Lomas (Tecnun) eta Alex McCloskey Gomez (Mondragon Unibertsitatea) izan dira irabazleak.
Ekitaldi horretan MUko eta Oronako arduradunek nabarmendu dute horrelako ekimenak oso garrantzitsuak direla enpresako berrikuntza-arloa unibertsitateari eta gazte talentudunei hurbiltzeko.
Honakoak dira aurtengo sarituak:
1. saria: Sergio Armentia (MU)
Mondragon Unibertsitateko Sergio Armentia Zeriok aurkeztutako Diseño de motores de reluctancia asistida por imanes lanak jaso du Proiektu Onenaren Saria (1.500 euroko saria).
Proiektuaren helburua izan da makina baten errotoreen diseinu-ereduak garatzea, imanaren bolumena txikitzeko, energia-kontsumoa murrizteko —egun eskari handia duen alderdia— eta funtzionamenduaren fidagarritasuna handitzea.
Saridunarentzat, saria jasotzea "oso pozgarria izan da, eta motibazio gehigarri bat ibilbide profesionala indarrarekin hasteko". Gainera, doktoretza-lana Oronan egiteko asmoa azaldu du.
2. saria: Julen Perurena (Tecnum)
2. saria (1.000 eurokoa) Tecnun unibertsitateko Julen Perurena Lomasek jaso du, Elementos de seguridad en el ascensor izeneko proiektua garatzeagatik.
Lan horretan, safety mugimendu elektronikoaren kontrol-sistema baten bideragarritasuna eta ezarpena aztertu da, haren funtzionamendua igogailuaren zuloan mantentze-lanak egiten dituen teknikariari babesa ematera bideratzeko. Proiektuaren ezaugarri nagusia da oso praktikoa dela igogailuak zulo oso txikietan instalatzeko garaian; kasu hori askotan ikusten da birgaitzeen eremuan.
Julen Perurenak aipatu duenez, "ustekabekoa izan da sari hau jasotzea" eta, gainera, pozik agertu da bere lanaren erabilgarritasuna nabarmentzeagatik.
3. saria: Alex McCloskey (MU)
Alex McCloskey Gomez, Mondragon Unibertsitatekoa, izan da hirugarren sariaren irabazlea, Metodología de diseño vibroacústico y análisis de calidad sonora en ascensores proiektuagatik. Hainbat ate-motaren irekitze- eta ixte-mugimenduen soinu-kalitatea eta makinen portaera akustikoaren analisia izan ditu proiektu honek aztergai nagusiak, zarata-maila apaltzeko eta igogailuaren erabiltzailearen erosotasuna areagotzeko.
Bere esker ona azaldu du Alex McCloskeyk, eta, esan duenez, "karrera-amaierako proiektu hau Oronan egin ahal izatea aukera izan da niretzat enpresa bateko ikerketa-taldeak nola jarduten duen gertutik ikusteko".
"Saiatuak eta kementsuak"
Beren ahalegina eskertu die Oronak parte-hartzaile guztiei, bai eta berretsi ere, eta eskatu die segi dezatela lanean ikerketa-alorrean "saiatze eta kemen bera erakutsiz", etorkizunean aukera profesionalik onenak jaso ahal izateko.
Mikel Tolosa Oronako Giza Baliabideen zuzendariak, Antonio Perez Orona eic-ren zuzendaritzakoak, Jon Altuna Mondragon Unibertsitateko errektoreorde akademikoak eta Mikel Arzelus Tecnun-eko garapen-zuzendariak hartu dute parte ekitaldian.