Oraindik Epele egin zuen aldi baterako enpresa-elkarteko ordezkariak daude han, eta baita Gipuzkoako Uretako langileak ere. Konexioa egiten denean, Gipuzkoako Urak hasiko da kudeatzen. Sei ofizial, arduraduna eta analista ibiliko dira han.
Iker Ibarra arrasatearra izango da Epeleko araztegiko arduraduna eta dagoeneko badihardu han lanean. Bere esanetan, Arrasaten, Aretxabaletan eta Eskoriatzan dagoeneko igartzen da Epele martxan dela. Honela esaten du: "Kolektorea, lehen, araztegia dagoen lekuraino etortzen zen eta ur zikin guztia hemen botatzen zen. Kolektoretik gora, araztegia jarri aurretik hona ez da alde handirik igarriko, hor dagoeneko ez zirelako hondakin-urak errekara joaten. Arrasate inguruan ikusten da garbiago dagoela, eta ezkailuak ere ikusten dira". Eta araztegiaren lanaren eragina gero eta handiagoa izango da, izan ere, zenbat eta luzaroago egon erreka ur zikin barik, orduan eta gehiago etorriko da bere onera.
Edozein modutan, errekak ez du beti garbi itxura, ez dituelako bakarrik hondakin-urak hartzen: "Obrak-eta egiten baldin badabiltza, mendia ebakitzen… hori dena errekara doa. Bailara nola, erreka hala", laburtzen du Ibarrak.
Elorregiko tramuan "bai, igarriko da, zalantza barik" araztegiaren lana, Ibarraren esanetan. Elorregi inguruan eta Zubillagan doa ibaia zikinen, kiratsa dariola, egunaren arabera. Bada, araztegia zeharo martxan jartzen dutenean, hori konpontzen hasiko da.
Horrenbestez, bukatuta geratuko da Deba ibaiaren saneamendu sarea. Zortzi urte dira lehenengo kolektoreak ipintzen hasi zirenetik.
Oxigeno bako garbiketa
Epeleko araztegia Sustapen Ministerioak egin du, interes orokorreko obra gisa kalifikatu zuelako, eta hainbat berezitasun ditu gainerako araztegiekiko.
Funtsean, urak beste edozein araztegik moduan tratatzen ditu: solidoak kendu; gero, hondakin txikiagoak –koipeak, xaboiak, denetariko kutsagarriak– kentzeko tratamendua egiten diote, hots, lehenengo aldiz dekantatzen dute, solidoak, pixkana-pixkana, hondoan gera daitezen. Gero, bigarren dekantazioa egiten zaio, materia organikoa kentzeko. Bukatzeko, ibaira bueltatzen da ura.
Hondakinak eurak ere tratatzen dira eta kutsagarria ez den lokatza mota bat ateratzen da handik. Horretarako, digestorean, tanke itxi baten, hondakin solidoen fermentazioa eragiten da eta lokatza lortzen da, eta azpi-produktua, gasa, ere bai. Hondakin solido horiek bi dekantazio-lerroetatik ateratakoak dira: batetik, lokatza primarioa –lehen dekantaziotik ateratakoa– eta lokatza sekundarioa –bigarren dekantazioan materia organikoa, fosfatoak, nitratoak… kenduta lortzen dena.
Bada, Epelek daukan berezitasun nagusia hauxe da: uren tratamendu biologikoa egin dezakeela eta, horren barruan, fase anaerobioa duela, hau da, oxigeno bakoa. Ezaugarri hori duen bakarra da Gipuzkoako Uren sarean.
Zehazki, urak daukan fosforo kontzentrazioa muga batetik azpikoa izan behar da, eta fosforoa "jaten" duten bakterioak uretan ugaritzeko eta horien bidez garbitzeko teknologia dago Epelen. Fase anaerobioan, oxigeno bakoan, bakterio horiek ugaritu egiten dira eta materia organikoa desegiten dute. Beste araztegi batzuetan ez dute oxigeno bako fase erreaktibo hori.
Lerro biologikoak gura adina ez badu garbitzen, ohiko sistema ere badago Epelen: kloruro ferrikoa gehitzea.
Oso instalazio ona
Instalazioei dagokienez, beste ezaugarri batzuk ere bereziak ditu Epelek: dekantadoreak, ura iragazteko instalazioak, lauki zuzen formakoak dira –Mekolaldekoak eta beste araztegi askorenak borobil handiak dira– eta lamela edo filtro antzeko batzuk dituzte azalera azpian. Ura hortik pasatzen da, gorantz, eta, filtroak diagonalak direnez, hantxe itsatsita geratzen da zikinkeria asko. Urari korrontea kentzen joaten zaio eta lokatza sortzen joaten da. Lauki zuzenak izanda, azalera txikiagoan lan bera egiten duten instalazioak egin dira.
Badu ere araztegi gehienek ez duten beste azpiegitura berezi bat, flotadorea deitzen den tankea. "Oso garestia da eta araztegiek, normalean, ez dute halakorik izaten. Oso ondo funtzionatzen du", esaten digu Iker Ibarrak.
Flotadorea solidoen lerrorako erabiltzen da eta bigarren dekantazioan lortzen den hondakin organikoa loditzeko eta lokatza sortzeko balio du.
Flotadorean, bere izenak adierazten duen moduan, lokatza tankearen goialdera azaleratzen da, eta handik batu eta digestorera bidaltzen dute. Digestorean batzen da hori eta lokatza primarioa, oinarrian harea, koipeak, xaboiak eta halako kutsagarriak dituena.
Energiaren erdia sortzeko gai
Energia aldetik, beste ezaugarri garrantzitsu bat du Epeleko araztegiak: beretako elektraindarra sortzeko moto-sorkuntza instalazioa dauka. Araztegi gehienetan ez bezala, honakoan gasa aprobetxatu egiten da –gehienetan, bakarrik erre egiten da– eta, berau erreta, motor batek beroa sortzen du. Ur bero hori digestorea berotzeko erabiltzen da.
Beraz, elektraindarra plantarako erabiltzen da. Eta plantak bere burua elikatzeko gaitasun handia dauka: "Epelek egunero 6.500 kilowatt kontsumitzen ditu orduro, eta motorrak orduko 300 kilowatt sor ditzake. Beraz, 10 orduan martxan badugu, 3.000 kilowatt sortuko ditu, plantak behar duen erdia, gutxi gorabehera", azaltzen du Iker Ibarrak. Motor horrekin, digestorea bero edukitzea lortzen da. Oraingo fase honetan, martxan jartzekoan, 10 orduan izaten dute motorra lanean.
Bitsa, garbiketaren ondorioz
Epelen saneatzen duten ura parametro ofizialen arabera saneatuta dagoela egiaztatzen dute une oro. Horretan jarduten du Deiane Bengoa analistak hango laborategian. Egunero hainbat aldiz neurtzen du fase bateko eta besteko uraren kalitatea eta garbitasuna. Horrela, ibaira ur zikinik ez dela botatzen ziurtatzen dute.
Edozein modutan, depuratzen doan neurrian, batez ere bigarren dekantazioan, bukaera aldera, bitsa sortzen da uretan. Ez da kutsadura, prozesuaren ondorioa baizik eta, Iker Ibarrak dioen moduan, "araztegi askotan gertatzen da hori". Bere esanetan, apar horrek atentzioa eman dio Epele inguruan paseatzen zebilen bati baino gehiagori, eta hala komentatu izan diote, baina ez dago zertan kezkatu.
Etorkizunerako prestatuta
Epelekoa da Gipuzkoako Ur Kontsortzioaren sareko araztegi handienetariko bat. Ura garbitzeko hiru lerro ditu; konparaketa egitearren, Mekolaldeko araztegiak, Bergarako, Antzuolako eta Elgetako urak saneatzeko, bi dauzka. Oraingoz, lerro bakarra erabiltzen dute Eskoriatza, Aretxabaleta eta Arrasateko kolektoreetako urak saneatzeko, eta "ondo" dabiltza horrela. "Oñatiko urak datozenean, beharbada bigarren lerro bat erabiltzen hasi beharko gara", esaten du Iker Ibarrak.
Epeleko araztegiak Aretxabaleta, Eskoriatza, Arrasate eta Oñatiko herrietako urak hartzen ditu, hau da, 46.200 bat biztanlerenak, baina 70.000 biztanle ingururi dagokion ur kopurua da. Horri populazio baliokidea deitzen zaio. Izan ere, ez dira soilik etxeko ur zikinak; komertzioak, industriak… sortzen dituzten urak ere saneatzen ditu.
Bestalde, araztegiak etorkizun urrunera begira egiten dira, aurreikuspen handiarekin. Populazioak gora egingo duela jotzen da. Horregatik, 54.400 biztanle eta 85.765 biztanle baliokideko populazioarendako dago prestatuta. Gipuzkoako Uretako ordezkariak honela dio: "Diseinu aldetik, 800 litro segundoko baino gehiago tratatzeko gaitasuna dauka araztegiak, baina gaur egun 500 bat tratatzen ditugu". Orduro prozesatzen duen ur-
emaria 240 litro segundokoa da, baina gehienez ere 850 litro prozesatu ditzake segundoko. Herriak banaka hartuta, hauek dira Epelera datozen ur-emariak: Eskoriatzatik, 21 litro segundoko (gehienez, 170 bat har ditzake); Aretxabaletatik, 34 litro segundoko (gehienez, 200 litro har ditzake segundoko); eta Arrasatetik, 134 litro segundoko (gehienez, 848 har ditzake). Herri horiek eta Oñati batera hartuta, 240 litro prozesatuko ditu segundo bakoitzeko, batez beste, baina 1.700 litro segundoko emaria ere har dezake Epelek.
Konpentsazio neurri gisa, Sustapen Ministerioak bidegorri tramu bat eginda utzi zuen, eta handik paseatzen duenak araztegiaren beste ikuspegi bat har dezake eta, bide batez, langileak agurtu; ohiko paseatzaile batzuk dagoeneko ezagunak dituzte.
-----------------
Oñatiko urak hartzeko gertu
Epele gertu dago Zubillagako kolektoreak batzen dituen urak hartzeko. Bi hodi handitik bidaliko dituzte ur zikinak araztegi barruraino. Trenbide zaharraren bidea jarraituko dute hodiek. Epelek, batez beste, 53,14 litro segundoko jasoko du Oñatitik, baina ia 500 litro segundoko emaria hartzeko gai da. Oñatirekiko lotura konplikatua izan da. Hasieran, 2 kilometroko tuneletik bidali behar zen, baina azkenean, ponpatu egingo dute ura.