Sorturen oinarri ideologikoak finkatzeko hitzorduak, asteburuan

Ubane Madera 2012ko azaroaren 22a

Sortu alderdi politikoa eratzeko prozesuan, etzi, zapatua, Arrasate (09:30ean, KulturAten), Bergara (10:00etan, Irizarren), Oñati (09:00etan, gaztelekuan) eta Eskoriatzan (10:00etan, Ibarraundin) hitzorduak egin dituzte. "Sorturen izena legeztatuta dago, baina izen horri proiektua jarri behar zaio eta zapatuan proiektu horren zati bat erabakiko dugu: oinarri ideologikoak. Euskal Herri osoan egingo da, 290 herri ingurutan", azaldu du Ibai Redondo ordezkariak. 

"Kanpora begira behin eta berriz parte-hartzea aipatzen dugunez, etxetik bertatik hasi behar dugula uste dugu, eta prozesu osoa modu parte-hartzailean gabiltza egiten. Debagoieneko ezkertiar eta abertzale guztiek aukera dute prozesuan parte hartzeko, eta eurek erabakiko dute Sortu zelakoa izan beharko den". 

EH Bilduren aldeko apustua

Edozelan ere, abiapuntua izan badute: "Independentziaren eta sozialismoaren bidean, aldaketa politikoa gura dugu. Euskal Herriarentzat erabakitzeko eskubidea lortu behar dela uste dugu, gatazkaren ondorioak konpondu egin behar direla, eta hor presoen gaiak lehentasuna hartuko du; bestalde, bizi dugun krisiaren egoeraren irtenbidea ezkerretik etorri behar dela uste dugu, neoliberalismoa baztertuz. Eta proposatzen dugu, baita ere, prozesuan alde guztietako biolentzia bukatzeko estatuek pausuak eman behar dituztela; indar bilketan oinarrituko gara, hala EH Bilduren aldeko apustua egingo dugu".  

Kongresuaren onespena

Behin oinarri ideologikoak finkatuta, hurrengo pausoak honakoak izango dira: ildo politikoa zehaztu; antolaketa eredua; organoetako ordezkariak (arduradunak…) aukeratu eta azkenik, kongresu baten bitartez kargu denak onartu, eta behin betiko ponentziari onespena eman. Asmoa da hori otsailaren amaierarako bukatzea. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak