Manifestazio buruko pankartan irakurri zitekeenez, Legazpin sistema horren kontrako 3.683 sinadura batu dituzte eta sinatu duten pertsona horietatik gehienak irten ziren atzo kalera, antolatzaileek aditzera eman zutenez: "Atez atekoaren kontra eta bosgarren edukiontziaren alde sinatu duten herritar gehienak kalera ateratzea lortu dugu. Aurrekaririk gabeko manifestazioa izan da".
Adierazi zuten Bilduk ez duela herriaren iritzia kontuan izan eta horregatik hartu zutela kalera ateratzeko erabakia, eta ez dutela atzera egingo.
Debagoiena "hurrengo jomuga"
Gipuzkoako plataformak batzen dituen koordinakundetik adierazi zuten, bestalde, atzoko manifestazioko "indarra" beste herri batzuetara zabaltzeko asmoa dutela, eta Debagoienari egin zioten erreferentzia hurrengo jomuga moduan: "Mugimendua Zarautzen hasi zen indarra hartzen, plataformak sortzeko erreferentzia izan zen herri askorentzat; indar hori areagotu egin da gaur Legazpin; eta espero dugu herriaren ahotsa ozen entzutea laster Debagoienean ere, Bergaran eta Oñatin urtarrilaren 1ean ezarri gura dute-eta atez atekoa".
Manifestazio gehiago egiteko aukera ez dutela baztertzen eta, modu batean ez bada bestean, atez atekoaren kontra mobilizatzea erabakitzen duten herri denetan egongo direla esan zuten.