Unai Sordo: "Ez dugu nahi greba orokorra liturgia edo inoren justifikaziorako ekimen bihur dadin"

Eneko Azkarate Laspiur 2012ko aza. 9a, 01:00

CCOO eta UGT sindikatuek beste greba orokor baterako dei egin dute, eta, oraingoan, ELAk eta LABek ez dute bat egin. Hirugarren greba orokorra da azaroaren 14koa, ELAren eta LABenetik hilabete eta erdi eskasera. CCOOko Euskadiko idazkari nagusi Unai Sordok hitz egin digu grebarako arrazoiez.

Azaroaren 14an beste greba orokor bat…

Batzuk badira, baina ekonomiaren hondamenak eta langileen eta herritarren gehiengoaren eskubideetan urraketak horretara behartu gaitu. Greba honek badu balio erantsi bat, gainera: Europa osora zabaldu da. 

Oraingoan, ze aldarrikatu nahi duzue, bereziki?

Lehenbizi, eskubide sozial eta laboralen desegitea dakarren doikuntza politika horien aurrean planto egiten dugula. Urte askoko esfortzuarekin lortutakoa deuseztatzen ari dira eta gobernuek darabilten politika ekonomiko honek langabezia eta krisia areagotzea dakar. Beste politika ekonomiko bat aldarrikatzen dugu: errenta handiei eta kapitalekikoei zerga politika bortitzagoak ezartzea eskatzen dugu; enpresaburu eta langileen arteko lan harremanak orekatuagoak izatea eta Europako Iparraldeko herrialdeetako finantza erakundeen interesei erantzuten dieten politikak amaitzea. Hondamen eta suizidio ekonomikora garamatzate politika hauek. 

Ze erantzun espero duzue?

Erantzun zabala. Europa mailako deialdia da eta horrek beste perspektiba bat ematen dio greba egunari. Bai Euskadin, bai Estatuan eta baita Europako beste herrialde batzuetan ere, milaka lagunek bat egitea nahiko genuke. 

Hego Euskal Herrian, aurten, hirugarrena izango da. Ez dago grebaren eragina, indarra, desegiteko arriskua?

Ez dugu nahi greba orokorra liturgia edo inoren justifikaziorako ekimen bihur dadin. Uste dugu greba deialdiak eszenatoki ezberdinetan kokatu behar direla, eta, testuinguru honetan, non erabaki ekonomiko eta politiko orokorrak esparru globaletan hartzen diren, nahi dugu lokaletik globalera erantzun. Herrian hasi eta Europaraino, erantzun zabal eta bateratua eman behar zaio eraso honi. 

Herritarrengan zer nabaritzen duzue?

Denetariko erantzunak daude: batetik, haserrea, samina, egonezina sumatzen ditugu. Oso injustua da gertatzen ari dena, ze krisi hau ez baitute herritarrek sortu, baina bai ari gara denok ordaintzen. Egia da, bestalde, beldurra ere sumatzen dugula: hainbat enpresa zailtasunekin dabil eta lan barik geratzeko arriskua gertu ikusten dute langileek. Uste dugu egoera honek bi eratako erantzunak ekar ditzakeela: batetik, barrura, etxekora, gertuko esparrura, begiratzea, ixtea; bestea da elkarrekin, batera, modu koordinatuan, eta pertsona ezberdinen arteko baturarekin, erantzutea. Azken honen aldekoak gara. Alternatibak badira.

Ze alternatiba?

Gertuenetik hasita, zerga politika ezberdinak bultzatzea, gehiago dutenek gehiago ordain dezaten. Bestetik, enpresaburuen eta langileen artean oreka handiagoa behar da, lan hitzarmen kolektibo duinak sinatzeko. Eta sektore publikoak bultzatu behar du jarduera ekonomikoa, enpresek finantzazio arazo handiak dituztelako, une honetan, eta ez direlako ekonomiaren motor edo traktore. Bestalde, ezin dugu ahaztu hondamendira garamatzaten politika hauek guztiak Europa iparraldetik bultzatu dituztela, eta demokratikoak ez diren erakundeetatik, gainera. Merkelek dio bost urtez berdin jarraitu beharra dugula. Ezin dugu hori onartu. Beste bost urtez jarraituz gero, pobrezia, miseria, lanik eza… jasanezin bihurtuko dira. Alternatibak behar ditugu. Arazoak dituzten herrialdeak ezin dira utzi espekulatzaileen mendean. Ekonomia eta lana bultzatzeko politikak behar ditugu eta Europako herrialde ahaltsuek bultzatu behar dituzte politika berri horiek. Demokratizatu egin behar da espazio europarra; bestela, diru publikoak beste erakunde ez demokratikoek baldintzatuko dute.

Zerga politikak aipatu dituzu. Ze iruditzen zaizu euskal ogasunen zerga politika?

Batzuk egokiak izan daitezke, baina ez dira nahikoa. Estrategia orokorra behar dugu hiru lurraldeetarako, harmonizazioa beharrezkoa da eta, horretan, Eusko Legebiltzarrak protagonismoa behar du. Ezin dezakegu hiru ogasun ezberdin izan, diru publikoak batzeko hiru ikuspegi ezberdin izan… Are gehiago, Europa mailan ere harmonizazio edo bateratasun fiskala bultzatu behar da. Itun fiskal orokorra behar dugu, gehien dutenek gehiago ordain dezaten.

Legebiltzarra eta Jaurlaritza aurki berrituko da. Hortik etor daitezke politika berriak?

Lehentasun kontua da. Errealitateak behartuta, politikariak erabaki egokiak hartu beharrean izango dira. Lehenengo, dirua; gero, forua. Estrategia bakarra beharrezkoa da erkidego osorako.

ELAk eta LABek grebari ezetz esan izana zela baloratzen duzu?

Sinestezina da Euskadiko lehen eta hirugarren sindikatuek bat ez egitea Europa mailako mobilizazio honekin. ELAk, gainera, Europako sindikatuen konfederazioan babestu egin zituen mobilizazioak, baina orain atzera egin du. Ulergaitza. Langile klase izaerari lehentasuna eman beharrean, beste arrazoi batzuk lehenetsi dituzte. 

Euskal Autonomia Erkidegoa da langabezia gehien hazi den erkidegoa.

Langabezia drama handi bat da. Argi geratu da Raxoiren Lan erreformak ez duela lanik sortu eta lana erraz eta azkar deuseztatzea ekarri duela. Ekonomia pribatuak zailtasun handiak dituenean, sektore publikotik halako murrizketak egiteak dakar langabezia handitzea. 

2017ra edo 2018ra arte ez ei gara krisitik aterako…

Hala da. Gauzak aldatu egingo dira, baina ezin jakin zelan. Bidegurutze batean gaude. Norbaitek erabaki du ekonomia globalizatu honetan Europa lehiakorra izan dadin, gastu soziala eta ongizate estatua murriztu edo deuseztatu egin behar direla. Eta horretan gaude. Orain, erantzun egin behar da. Krisi hau koartada bezala erabiltzen ari dira ekonomia, politika eta giza ereduak goitik behera aldatzeko. Giza paradigma aldatzea nahi dute. Eta ez da onargarria. Horregatik dauka zentzua azaroaren 14koak. 

Dagoeneko langabezian dauden langabe askok eta askok ez dute laguntzarik jasotzen. Dramatikoa da egoera…

Eta okertu egin daiteke izugarri beste bost urtez hala segitzen badugu. Gizarte ehuna desegiten ari dira. Giza mugimendu aurrerakoien ordez, mugimendu edo talde atzerakoi eta erreakzionarioak ugaltzen ari dira eta hori oso arriskutsua da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak