AEBetako burtsa jaitsi egin da, etorkizunaren beldur

Leire Kortabarria 2012ko aza. 8a, 12:35

Burtsak galerekin hartu du Barack Obamaren garaipena AEBetako hauteskundeetan, martitzenean. Dow Jones kotizazio-indizeak %2,36 galduta itxi zen sesioa. Indize horrek, New York-eko indize nagusiak, 312,95 puntu galdu zituen. Burtsak etorkizun hurbilaren beldur dira, AEBetan negoziazio gogorrak datozelako demokraten eta errepublikarren artean.

Beste indize batzuek ere galerak izan zituzten: teknologiako enpresen Nasdaq indizeak 74,69 puntu galdu zituen (-%2,49) eta 2.937,29rekin geratu zen.

Adituen esanetan, horrek hainbat azalpen ditu, baina garrantzitsuena hau da: Obamak AEBek dituen premia ekonomikoei eutsi diezaion nahi dute merkatuek. Erronka handiena laster baten izango dute demokratek (nagusi dira Senatuan ere, baina ez Kongresuan): demokratek eta errepublikarrek paktu handi bat egin beharko dute Bush-ek onartu zituen kenkari fiskalak luzatzeko, eta Obamak lideratu beharko du paktu hori. Bada, merkatuak ez dira fidatzen. Hori lortu ezean, "amildegi fiskala" deitzen dena sortuko litzateke, hau da, kenkari horiek desagertu egingo lirateke eta etxebizitza-jabe askok zerga gehiago ordaindu beharko dituzte, edo langabezia-prestazioak txikitu egin beharko lituzke gobernuak. Amildegi fiskal horrek moztu egingo luke AEBek azkenaldian duten suspertze ekonomikoa.

Beste azalpen posible bat hau da: inbertitzaileek hautagai errepublikarra, Mitt Romney, hobesten zuten energian, osasunean, defentsan eta bankan, hortik burtsako galera handiak sektore horietan ere.

Europan, hasieran, pozik

Europan, aldiz, burtsek pozik hartu zuten emaitza, ez hainbeste kolore politikoarengatik, baizik eta merkatuek normalean ondo hartzen dutelako jarraipena eta egonkortasuna. Hala, Espainiako arrisku-prima 418 puntutaraino jaitsi zen, baina gero berriz igo da.

Dena dela, adituek diotenez, egonkortasun sentsazio hori desagertzen joango da AEBetako negoziazio fiskalak hasten diren neurrian, eta Europako burtsek neurrira erantzungo dute. Horrez gain, Europak bere finantza-krisian sartuta jarraitzen du eta horrek eragin handiagoa izango du, azken baten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak