Irudienea, Szenatokia eta K@bia guneak indartzera dator 47. Durangoko Azoka

Goiatz Arana Begiristain 2012ko aza. 21a, 19:23

Durangoko azokarako bi asteren faltan, apurka-apurka badoa argitzen aurtengoak zer dakarren: aurreko astean azokaren aurkezpena egin eta gero, gaur –eguaztena– gune bakoitzean izango denaren gaineko xehetasun gehiago eman dituzte antolatzaileek. Abenduaren 6tik 9ra irekiko ditu ateak, inoizko egitaraurik zabalenarekin.  

Abenduaren 6tik 9ra, aurreko urtean baino egun bat gutxiago izango du aurten Durangoko Azokak, baina 300 ekitaldi inguru jasotzen dituen egitaraua prestatu dute, inoizko zabalena. Zazpi gune izango dira horiek hartzeko –Areto Nagusia, Ahotsenea, Saguganbara, Plateruena, Irudienea, Szenatokia, K@bia eta–, baina bereziki azken hiru horiek, iaz zabaldutakoak, nabarmendu dituzte antolatzaileek, horiek indartzeko eta egonkortzeko sekulako ahalegina egin dutela esanez.

Hedabide askok jarraitu dute aurkezpen ekitaldia.

Irudienea, K@bia eta Szenatokia

Horrela, Irudieneak, Kabiak eta Szenatokiak ekitaldi gehiago hartuko dituzte "jauzi kualitatibo nabaria" eskainiz. Irudienea 20:00ak arte egongo da zabalik eta ikus-entzunezkoetako aurtengo nobedadeen erakuslehio izango da. Gainera, 3Dn egindako lehen euskal filmak estreinatuko dira bertan. Szenatokiak bere presentzia nabarmen handituko du; San Agustin Kultur Gunean, esaterako, antzerki maratoiak izango dira. Eta K@bia teknologia berrien eta Interneteko proiektuen gunean "Euskal Wikipediaren elikatze masiboa" egingo dute, Aiert Goenaga azokako zuzendariak esan duenez.

Gainerakoan, Ahotsenea, adibidez, gaueko 22:00ak arte izango da zabalik Azokako lau egunetan; Plateruena aretoa azokako beste gune bat izango da aurten, eta sortzaileek –musikariek gehienbat– bertan aurkeztuko dituzte euren lanak, lehen aldiz; Areto Nagusian, ohikoa den legez, hitzaldiak eta aurkezpenak izango dira; eta Haur Literatura Txokoak Saguganbara izena hartuko du aurten. 

Ijito kultura

Ijito kultura izango da aurten kultura gonbidatua eta Kale Dor Kayiko elkarteak presentzia zabala izango du; ijito kulturaren eta euskal kulturaren arteko bizikidetza posible izateaz gain, ederra ere badela erakutsiko dute, Manuel Vizarraga elkarteko presidenteak jakinarazi duenez.

Hiru urtemuga gogoan

Eta Oroitzak izenburupean, hiru urtemuga gogoratuko dituzte azokan: Nafarroako konkistaren 500. urteurrena, 36ko gerrako bonbardaketen 75. urteurrena eta Bizkaiko lurraldeen elkargoaren 800. urteurrena. Hiru horien inguruko hitzaldiak egingo dituzte Areto Nagusian. 

Azoka TV

Eta EITBk, Hamaikak, Berriak, Argiak eta Goienak elkarlanean kudeatzen duten Azoka TVrekin lotuta ere bada nobedaderik. Izan ere, azokan gertatzen den guzti guztiaren jarraipena Landakoko pantaila erraldoiaren zein streaming bidez egin ahalko da eta, aurten lehen aldiz, euskarazko tokiko telebistetan ere ikusi ahal izango da zuzenean. Goiena telebistak, esaterako, Azoka TVk eskaintzen duen eduki bera eta aldi berean eskainiko du azokak iraungo duen lau egunetan.

Abenduaren 6an irekiko da Durangoko azoka, baina irekiera ofizialari aurre hartuko dio Plateruenak, izan ere, Durangoko kafe antziokian emango zaio hasiera aurtengo egitarauari azoka bera hasi baino aste bete lehenago; hainbat kontzertu izango dira azaroaren 30ean hasita.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak