Ander Artzak: "Txalotzekoa da herri hedabideetako jendearen lana"

Txomin Madina Milikua 2012ko aza. 3a, 01:00

Txingudi Telebistan hasi zen irundarrak ez ditu ahazteko Parisen korrespontsal moduan emandako lau urteak; orain, egunak utzitakoen berri ematen digu gaueko 'Gaur Egun'-en.

1. Informazio aldetik udazken beroa ari da izaten. Nola daude estres kontuak?

Aztoratuta. Hauteskunde gauaren ostean oso gaizki egin nuen lo. Orain hasi naiz apur bat errekuperatzen; baina bai, giroa gori-gori dago erredakzioan. Gustatu arren, urduri samar ere banago.

2. Hauteskundeetan politikariak moderatzen ikusi zaitugu. Zenbateko plusa du horrek?

Oso interesgarria eta baikorra iruditzen zait, eurekin zuzenean hitz egiteko aukera dugulako. Kamerak itzalita eta lasaiago daudela nolakoak diren ikusita oso esperientzia baikorra izan da. 

3. Itzuliko da ekonomia informatiboetan zuen bigarren mailara?

Espero dezagun; kontatzeko astuna da, kezkagarria da gertatzen dabilena eta garaia da honi buelta emateko. Ekonomiaz ikasi behar izan ditut: guk ulertzen ez badugu, kostata ulertuko dute ikusleek.

4. Parisko urteak gogoratzean, zer datorkizu lehenengo burura?

Batetik, egindako lagunak: beste kazetariekin oso harreman ona izan nuen. Bestetik, maila profesionalean bizitakoa: hemen babestuago zaude eta atzerrian, bakarrik egonda, erronka izan zen.

5. Egun, korrespontsalia bat eskainita, nongoa aukeratuko zenuke?

Erromakoa, Italian: iruditzen zait han gauza asko gertatzen direla eta EITBk ez dituela kontatzen.

6. Zertan nabari zaizu toki hedabide baten hasi zinela?

Herri telebistetan aritutakook badakigu askotan oso zaila dela baliabide gutxirekin gauzak aurrera ateratzea. Uste dut askok baino gehiagok baloratzen dudala ETBk dituen baliabideekin lan egitea. Txalotzekoa da herri hedabideetako jendearen lana.

7. Egun txarra daukazu; ikusleok  nabarituko al dugu?

Nik uste dut ikusleek ez dutela nabaritzen, eta hori da niri dagokidana: guztiaren gainetik betikotasunari eustea. Baina  lagunek edo amak esan izan didate: "Zer gertatzen zitzaizun gaur?".

8. Aktore senari kasu egin izan bazenio, non egongo zinen orain?

Batek daki, akaso Hollywooden! Ikastolan-eta antzerki tailerrak egin arren, kazetaritza aukeratu nuen; lanbideak irentsi eta oso gustura nago informatiboetan.

9. Zer pasa behar du Anderrek Irungo San Martzialetan kale egiteko?

Orain arte ez da gertatu. Beti esan izan dut kazetari moduan leku eta une historiko baten egotea gustatuko litzaidakeela; beraz, orduan, akaso.

10. Aurten Kazetaritza ikasten hasi denari aholkurik ematekotan... 

Lanbidearen egoera eta baldintzak ez dira onak, baina, benetan gustatzen bazaio, ekiteko esango nioke, oso polita da-eta. Baita informazioa jarraitzea ere.

-----------------

Makila magikoa baneuka: "Aukera izanez gero, egun gizartean dauden bidegabekeria guztiak bukatuko nituzke. Gaur egun, gainera, krisiarekin lotuta daude asko; beraz, bide batez, horiek ere bukatuko nituzke. Krisiaren eragina pairatzen dutenei laguntzen saiatuko nintzateke".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak