Gasteizen, Donostian… gutxituen alde lan egiten duten elkarteek antolatzen dituzte ekintzak, bai. Baina ume debagoiendarren gurasoek ez dituzte ekintzak kanpoan nahi; hemen, bailaran, herrian, etxetik gertu nahi dituzte. Aisialdi ludikoa, jolas egin eta ondo pasatzekoa; alderdi terapeutikoarekin ere bai, jakina; baina herriko beste umeekin, normaltasunez, denok elkarrekin, integratuta.
"Integrazioa", "denok batera"… hitz horiek sarri esaten ditu Marisol Andrade eskoriatzarrak, Lorenaren amak. Lorenak 7 urte ditu eta garun paralisiarekin jaio zen; beraz, behar bereziak ditu, norbait behar du aldean, eta bere aisialdia ere berezia da. Baina Marisolek ez du nahi aisialdi hori bereizia izan dadin. Alabarendako eta gutxitasun fisikoak edo psikikoak dituzten beste ume eta gaztetxo debagoiendar guztiendako aukera hori sortzeko asmoz, Zu Behar Zaitut elkartea sortu du Marisolek.
Irribarrea, aisialdiaren bidez
Ama horrek onartzen digu "bide gogorra" dela eurena, baina poza ematen dieten uneak ere badituztela: seme-alaben irribarrea ikusten duten uneak. "Eta irribarre horiek bakarrik aisialdiaren bidez lortu ditzakegu, hori da daukagun bidea", esaten du Marisolek. Horregatik da seme-alaben denbora librea Zu Behar Zaitut elkarte jaio berriaren helburu nagusia.
Baina denbora libre hori gizartearekin batera izan dadin gura dute: "Disfrutatzeko aukerak landu gura ditugu eta, aldi berean, gure munduan sar daitezen nahi dugu, gutxitasunak dituztenak beste umeekin batera ibiltzea, denok batera, inklusioa lor dezakegula erakusteko, pluraltasunaren eta elkartasunaren bidez eta poliki-poliki joanda".
Debagoienean hutsuneak ikusten dituzte: "Ez dugu gura umeen aisialdia Gasteizen, Donostian… izan dadin. Ez, gure bailaran, gure herrian gura dugu. Eta hemen ez dago aukerarik eurak igerilekuan, zaldiekin… ibil daitezen".
Urruti joan gabe, ludotekak ez daudela eurendako prestatuta esaten du ama horrek: "Kasu batzuetan, bai: Down sindromea duten umeendako prestatuta egoten dira. Baina kasu oso bereziek errefortzuak behar ditugu. Eta zergatik ez gure tartetxoa izan? Igual hor bultzatzen hasi behar dugu".
Helburu txikiak dira eremu fisiko aldetik eta egunerokotasun aldetik, baina oso handiak, familiendako ekar dezaketen aldaketa neurtzen badugu.
Beste ume batzuekin
Bere familiaren eta Lorenaren beharrak asetzeko asmoak eta "ilusioak" sorrarazi zuten Marisolengan elkartea sortzeko ideia. Baina horretarako, elkarkideak behar zituen. "Hasieran, garun paralisia zuten umeendako egitea pentsatu nuen; baina gero, konturatu nintzen, integrazioaz hitz egiten badugu, lehenengo geuk eman behar dugula pauso hori". Beraz, denetariko gutxitasunak, izan paralisia izan beste gaitz batzuk dituzten ume eta gazteendako da Zu Behar Zaitut.
Lorena joaten den igeriketa egokitu saioetako beste guraso batzuei planteatu zien. "Atzegin, Gautenan edo Aspacen daude guraso gehienak. Hasieran, konfiantzarik ez zuten agertu: nolatan dator amatxo hau, ideia zoro batekin?", gogoratzen du Marisolek irribarrez. Baina han topatu zuen bidelagun bat: Silvia Mendizabal arrasatearra.
Silviaren semeak, Haritzek, 11 urte ditu eta autismoa du. Berak elkartearekin dituen helburuak kontatzen dizkigu. Helburu xumeak: "Haritzek norbait behar du ondoan etxetik irteten den momentutik; ezin da kaletik bakarrik joan, ez da autobusa hartzeko gauza… Guretako oso laguntza handia izango litzateke norbait izatea". Izan ere, beti norbait aldean izanez gero, "denborarekin, akaso, Haritz kapaz izango litzateke kalean bakarrik ibiltzeko".
Denbora libre aldetik, Haritzendako gauza "txikiak" eskatzen ditu Silviak: "Pasiatzera irteteko aukera, beste ume batzuekin". Oñatin ekinoterapia, zaldiekin ibiltzeko aukera ere lortu gura dute Marisolek eta Silviak.
"Gauza txikiak eskatzen ditugu, baina egingo ditugu. Baina ez bagara familiak batzen, ez dugu aukerarik izango eskaintza batzuk izateko. Niretako oso inportantea da elkartzea", gaineratzen du Haritzen amak.
Autofinantzazioa
Gauza guztietan bezala, elkarte berri horren kasuan dirua da gakoa. Marisol Andradek esaten duenez, alde horretatik duen helburua elkarteak bere burua finantzatzea da, izan ere, dirulaguntzak gero eta txikiagoak izango direla uste dute, eta ume gutxituak izateak gastu handiak ditu: "300 euroko gastua egiten badugu, nahiz eta %60 bueltatu, gastu handia izango da. Eta aurrerantzean, zenbateraino bueltatuko digute? Muga %40 izango da? Beste dena gure poltsikotik ipini behar dugu".
Aisialdia ezinbesteko gastua da familia hauendako, umeek jolas egiteko aukera izan dezaten, eta gurasoek, umeen poza ikustekoa. Eta hori garestia da: igeriketa egokitua astean bi egunean egitea hilean 40 euro da; ekinoterapia, beste 40 pasa… Eta aisialdia garestia da, hain zuzen, beste umeek dituzten aukerak ez dituztelako: "Nahiz eta plazan egon, gure umeak ez dira behar bezala sartuta egoten". Espazio horiek ume guztiendako ireki arte, eta, era berean, Zu Behar Zaitut elkartearen asmoak egia bihurtzeko, dirua beharko dute.
Hedatuta dago plastikozko tapoiak batzea, behar bereziak dituzten umeen familiei laguntzeko. Marisol Andradek horren antzeko zerbait asmatu du. Biologia ikasitakoa da, eta konturatu zen plastikoen artean bazegoela metal bat: aluminioa. Hori ere birziklatu egin daiteke. Bada, aluminioa batu nahi du Zu Behar Zaitut elkarteak.
Horretarako kanpaina hasi dute Marisolek eta Silviak: batetik, inguruan aluminio hondakinak eskatzen, batez ere ile-apaindegietan, han material horrez egindako gauza asko erabiltzen dituztelako; beste batetik, zenbait ikastetxerekin harremanetan jarri dira, ikasleekin eta familiekin hezkuntza kanpaina egiteko: aluminioa non dagoen eta nola garbitu edo tratatu behar den elkarteari emateko. Zenbait lekutan, aluminioa uzteko kaxak ipiniko dituzte, haien logotipoarekin. Dagoeneko lortu dute akordioa aluminioa birziklatzen duen enpresa batekin; gertu dago elkarteari laguntzeko.
Herritarroi deia
Zu Behar Zaitut elkarteak denon laguntza behar du: ingurukoon laguntza, lehenik eta behin. Izan ere, aldaketa eskatzen du herritarron aldetik ere: "Gure helburu nagusia integrazioa da, eta hori aldaketa handia da gure mentalitatean", esaten du Marisol Andradek.
Gaineratzen duenez, "ezjakintasun handia dago. Gorputz deformea ikusten duzu eta uste duzu garuna deformea dela; eta bai, kognitiboki ere egon daitezke atzerapen batzuk, baina horrek ez du esan nahi ezin dugula aurrera egin". Horregatik, helburu bat da umeen komunikazio beharrei ere erantzutea, herritarron eta beste umeon laguntzarekin. "Batzuetan hitzak ez dira beharrezkoak; begiradek asko esaten dute".
-----------------
Aluminioa, irribarreen truke
Zu Behar Zaitut elkarteak aluminioa batzeko kaxak ipini ditu leku batzuetan: Jose Arana gunean, farmazian, unibertsitatean eta gasolindegian, Eskoriatzan. Euren logoa (ondoan) agertzen den edozein lekutan utz daiteke aluminioa.
Material hori leku askotan dago: sukaldean jatekoak batzeko erabiltzen den paperean; bat-batean kafea egiteko saltzen diren kapsuletan; ardo-botilen muturreko bilgarrian; botikak datozen blisterretan; kontserba-lata gehienetan; txokolate, bonboi eta antzeko elikagaien bilgarrietan; laka, gomina, ilerako gel, tindagai… poteetan (horregatik ile-apaindegiak dira hain garrantzitsuak elkarte horri laguntzeko); txakurrendako edo katuendako janari-latetan…
Batzuetan, metalarekin nahastuta agertzen da. Biak bereizteko modu bat dago: imanak ez du aluminioa erakartzen. Bestalde, elkarteari emateko, ez du balio aluminioa plastikoaz, latorriz edo kartoiaz nahastuta badago. Laten kasuan, goiko parteak bakarrik balio du. Aluminiozko poteak eman nahi baditugu, lehenengo garbitu egin behar ditugu.