Iñaki Errazkin Ingurumeneko eta Lurralde Antolaketako diputatuaren aurkezpenaren ondoren hitzarmena sinatu dutenak hauek izan dira: Francisco Etxeberroa Aranzadiko lehendakaria, Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko lehendakaria, Mikel Ormazabal Kristau Eskola elkarteko zuzendariordea eta Martin Garitano diputatu nagusia.
Bertan, hondakinak arazo global bat direla esaten du, eta horri aurre egiteko ezinbestekoa dela Zero Zabor filosofiari ekitea. Hori horrela, eskoletan Zero Zabor programa sustatzeko konpromisoa hartu dute, Francisco Etxeberriak dioenez, gazteei sustatu behar baitzaie programa honen garrantzia: "Hondakinak ez metatzea etorkizunean errealitate izatea nahi badugu, gazteek kontzientzia har dezaten lortu behar dugu".
Aranzadi Zientzia Elkarteak hezkuntza materialak, jarduerak eta tailerrak diseinatzeaz gain, urtebete iraungo duen sekuentzia didaktiko bat egingo du 2012-2013 ikasturtean esperientzia pilotu bezala. Horren gainean, Koldo Tellituk sekuentzia didaktiko bat egitea guztiz egokia dela esan du, "hondakinen kudeaketan aurrerapausoa ematen ari gara" gaineratuz.
Martin Garitano diputatu nagusiak adierazi duenez, "hitzarmenak agerian uzten du Gipuzkoako jerdarteak gero eta kontzientzia handiagoa duela hondakinen arazoari zentzuzko irtenbidea eman eta ingurunearekin errespetu handiagoaz jokatu beharraz. Herritarrek gero eta garbiago dute ahalik eta hondakin gutxien sortzea eta sortutakoa berrerabiltzea eta birziklatzea dela konponbidea”. Foru Aldundiak eta beste hiru erakundeek instituzioak eta gizarte eragileak ados jar daitezkeela eta jendarte osoarentzako ekimen onuragarriak gauza ditzaketela agerian utzi dutela gaineratu du Garitanok.
Azkenik, Iñaki Errazkinek adierazi du Foru Aldundiak Gipuzkoako eragileekin elkarlanean jarraitzen duela, Gipuzkoa garbi, eder eta iraunkorra egitea eta zero zabor lurralde bihurtzea baita beraien erronka.