Arrasate, Bergara eta Aretxabaletako euskara elkarteetako ordezkariak, udaletako euskara zerbitzuetako teknikariak eta AEKko eta udal euskaltegietako koordinatzaile eta zuzendariak Arrasateko Kulturaten batu dira gaur, martitzena. Mariatxiz jantzita agertu dira, eta ez da kasualitatea izan, Topagunearen kanpainarekin bat egin gura izan dutelako modu horretan.
Zaharberri, Berriketan eta Barriketan
Egitasmoa Zaharberri deitzen da Arrasaten, Berriketan Bergaran eta Barriketan Aretxabaletan, baina helburua bera da denean: euskaraz hitz egiteko ohitura dutenak eta ez dutenak astean behin batzea, elkarrekin euskaraz hitz egin dezaten, une atsegin bat igaroz aldi berean.
5.000 lagun inguru
5.000 lagun inguru mugitzen dira gaur egun mintzapraktiken egitasmoaren bueltan. Donostiako Bagera euskara elkartean hasi zen mugimendua, 1993an, eta poliki-poliki Euskal Herrian barrena hedatzen joan da. Debagoienera orain dela dezente urte heldu zen eta Arrasate izan zen aitzindari, 1997an; Bergara eta Arrasatera 2006-2007 ikasturtean heldu zen.
Familia transmisioa
Erabateko normalizazioa gauzatu dadin arlo sozial ezberdinetara jo beharra daukatela azaldu du Bergarako koordinatzaileak eta horien artean familia transmisioak duen garrantzia azpimarratu nahi izan dutela gaineratu. Horixe da, hain zuzen, aurtengorako aukeratu duten esparrua; eskolan ez ezik etxean ere eragitea gura dute eta gurasoek egitasmo honetan parte hartzea, belaunaldien arteko hizkuntza transmisioa erabakigarria delako normalizaziorako.
Parte hartzeko
Astean ordubeterekin eta euskaraz natural berba egitearekin aski da laguntzaile izateko; euskara titulurik ez da behar eta adinak ez du inporta. Izenematea zabalik dago euskaraz berba egiteko ohitura dutenentzat nahiz euskara praktikatu nahi dutenentzat; interesatuek Jardun (943 76 08 19 edo Errotalde jauregia z/g), AED (943 77 12 28 edo Pablo Uranga 6) edo Loramendira (943 77 09 70 edo Durana kalea 11) jo dezakete edo telefonoz deitu.
Iaz 76 lagunek parte hartu zuten Arrasaten, 70ek Bergaran eta 45 inguruk Aretxabaletan, eta asmoa da taldeak mantendu eta berriak osatzea. Dela elkartzen direla pasioan egiteko, jolas parkera joateko edo tabernan kafe bat hartzeko, parte hartu dutenek diote oso lagungarria izan dela eurentzat.