"Daukagun indar guztiarekin zera eskatu nahi dugu: gera dezatela zorakeria hori. Gipuzkoar guztiekin elkarbanatu nahi dugu Debagoienan gertatzen ari dena; gure ondoren, Bilduk gobernatutako beste herri batzuren txanda izango da eta", ohartarazi dute EAJko hautetsiek.
Jakinarazi dutenez, Debagoieneko Mankomunitateak jada onartu du atez ateko zabor bilketa martxan jartzeko zerbitzuak lehiaketa publikora ateratzea. Sistema hori eskualde oso batean zabaltzeko lehen saiakera da hori eta horrek 60.000 gipuzkoarri eragingo die. "Mankomunitateak zazpi milioi inbertituko ditu gai horretan, baina ez dakigu zertarako erabiliko dituzten", azpimarratu dute zinegotziek: "Bilduko arduradunek ez baitakite zenbat kostatuko zaien, ez daukate errealitatean oinarritutako aurreikuspenik", esan dute EAJko ordezkariek.
"Badakite Usurbil, Hernani, Oiartzun eta Antzuolako modeloak ez direla bideragarriak. Oso garesti irtetzen zaie eta, kostuak murrizteko, bilketarako posteak isletan jartzea nahi dute. Zenbat eta poste gehiago isla batean, orduan eta hobeto. Hori al da atez atekoa?", galdetu dute EAJren ordezkariek.
"Arduragabekeria da Bilduren jokabidea"
"Planifikazio serio baten falta" salatu dute eta Bilduren jokabidea "arduragabekeria hutsa" dela, eta "egungo egoera ekonomikoa kontuan izanda, gainera, langabeziari aurre egitea" izan beharko lukeela eskualdeko arduradunen konpromiso nagusia.
Azaldu dutenez, urtarrilaren 21ean hasiko dira Oñati eta Bergaran atez atekoa ezartzeko lanak eta lau hilabete "eskas" geratzen badira ere, "Bilduko udal arduradunek informazioa ezkutatzen jarraitzen dute": "Ez herritarrek, ez hautetsiok, ez dakigu zenbat kostatuko den, nola eragingo duen herriko zergetan, zenbat zorpetuko den mankomunitatea, nola ezarriko duten gure herrietako gune babestuetan".
Bosgarren edukiontziaren alde
Esan dutenez, atez ateko bilketaren kontra 5.622 sinadura jaso dituzte Debagoieneko herritarren artean, "hautesle erroldaren %55 dagoeneko". Salatu dute "gizartearen borondatearen aurka sistema hori inposatzen" ari dela Bildu. "Horren aurrean hiritarrek nahi dute eguneroko bizitzan oztoporik ez edukitzea, zerga altuagorik ez ordaintzea zaborrengatik, eta hondakin bakoitza bere edukiontzietan utzi ahal izatea", argitu dute.
Testuinguru horretan, bosgarren edukiontzia bultzatzeko eta herritarrentzako informazioa biltzen jarraitzeko konpromisoa berritu dute Debagoienako EAJko hautetsiek: "Eskualdeko alkate eta mankomunitateari zera eskatzen diegu: berriz pentsa dezatela, ez gaitzatela eraman zulo batera nahiz gure udalen etorkizuna hipotekatzera".