Berriro gerta ez dadin
Gizatasuna eta justizia ere aldarrikatu zuen Herrirak, giza eskubideen unibertsaltasunarekin batera. Eszenatokira, gaixotasun larriak dituzten hamahiru preso politikoen senideak eta Jabi Uribetxeberria, Iosuren anaia igo ziren #13akHerrira aldarrikatuz. Iosuren hutsunea irudikatzen zuen ahulkia kendi eta txalo zaparrada artean hartu zuten Amaia antzokikoek Jabier Uribetxeberria. "Txalo hauek Euskal Herriarendako izan behar dira. Mila esker Euskal Herria", zioen guztiz hunkituta.
Hausnarketarako deia
Uribetxeberriaren egoerak inori onurarik ekarri ez diola azpimarratu zuten. "Ezin da berriro errepikatu. Inoiz gehiago ez dadin gertatu, eskubideak bermatu behar dira eta konponbidea bilatu denok sufritzeari uzteko", azaldu zuen Nagore Gartziak Herrirako ordezkariak. Hala, aurrera egiteko urratsak eman nahi dituzten herritarrei tokia egiteko sasoia dela aldarrikatu zuen. "Bakea eta soluzioa behar du herri honek eta Gobernuek ezin dute oztopatu; gizarte honek bakea merezi du", gaineratu zuen. Kartzela politika jasan ezina dela eta presoak politika egiteko erabiltzen dituztela salatu zuen Herrirak.