Mankomunitateak eta Eskoriatzak hondakinak prebenitzeko planetarako dirulaguntza jasoko dute

Leire Kortabarria 2012ko irailaren 20a

Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak 547.592,65 bideratuko ditu aurten hondakinak prebenitzeko eta berrerabilpena sustatzeko egitasmoak laguntzera.Tartean, Debagoieneko Mankomunitateari dirulaguntza emango dio konpostatze plana diseinatzeko eta martxan jartzeko; eta Eskoriatzako Udalari, konpostaje komunitarioa egiteko gunea sortzeko.

Aldundiak diruz lagunduko dituen proiektuak 29 dira, udalek, mankomunitateek eta elkarteek aurkeztutakoak.

Hondakinen prebentzioaren oinarria hondakinik ez sortzea denez, proiektu gehien-gehienak konpostajearekin lotutakoak dira: autokonpostaje komunitario guneak sortzeko, etxean konpostatzea sustatzeko edo konpostaje planak egiteko.

Adunako, Legazpiko, Usurbilgo eta Eskoriatza udalek konpostaje komunitarioa egiteko guneak sortuko dituzte. Donostiakoak ere hamar konpostatze leku jarriko ditu. Etxeko konpostajea sustatuko du Astigarrako Udalak.

Mankomunitateek, bestalde, konpostatze plan osoak diseinatzeko eta martxan jartzeko jasoko dute diru laguntza: guztiek egin dute eskaera eta guztiek jasoko dute diru laguntza.   

Heziketari begirako proiektu bat ere bada, Urola Kostan.

Kontzientziazioa, "agerian"

Ainhoa Iraola Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako zuzendariak adierazi duenez, “diru laguntza hauek eskaera handia izan dute, iaz baino handiagoa, eta horrek Gipuzkoako herritarren eta udalen kontzientziazioa agerian uzten du. Gipuzkoarrek gero eta garbiago dute ahalik eta hondakin gutxien sortzea, hondakinak berrerabiltzea eta birziklatzea dela irtenbidea. Gipuzkoako Foru Aldundiak mota horretako proiektuak laguntzeko konpromiso sendoa du, gipuzkoarrek ongizate hobea izaten, denok ardura handiagoaz jokatzen eta naturarekiko harreman egokiagoa izaten laguntzen dutelako”.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak