Gutxitan ikusten ditugu gure errepide eta kaleetan, baina bada jendea harri bitxiak bailiran zaintzen dituena, eta domekan, Elgetan dute hitzordua. Fermin Iribar elgetarrak dihardu besteak beste antolatzaile lanetan eta esan dezakegu Elgetako topaketa finkatuta dagoela.
Iribarrek garai eta modelo ezberdinetako Vespa eta Lambretta motorrak espero ditu domekan. Hala, goizean Herriko plazan egingo den elkarretaratzean barietate polita ikusteko aukera egongo dela adierazi du. Hori bakarrik ez. Elgetarra bere Lambretta motorrak prestatzen eta txukuntzen ari da egunotan.
Esan digunez krisi ekonomikoak bere eragina izan du sektore honetan ere, baina badu itxaropena elgetan 80 bat motor elkartuko direla. Motorzale hauena benetako zaletasuna da. Iribarrek, aurten, katea egin dio bere Lambretta motorretako bati, eta neguan probatzeko intentzio osoa du.
Baina lehenengo domekakoak. 10:00ak aldera hasiko dute izenematea plazan, eta eguerdian 50 kilometroko ibilbidea egingo dute motorzale guztiek batera Bizkaia aldera. Elorrio, Berriz, Matiena, Abadiño, Atxondo eta Axpe zeharkatuko dituzte bazkaltzera Elgetara itzuli aurretik.
Intxorta elkartean egingo den bazkarian izena emateko interesa dutenek barikura arteko epea dutela adierazi du antolatzaileek.