Juanjo Elordi: "Asko 'Gartxot'-ek eragindako grina kontatzera gerturatu zaizkigu"

Jon Berezibar 2012ko ira. 12a, 10:00

Euskarazko filmak eskainiko dituzte hiru eguaztenetan Zabalotegi aretoan, 20:00etan. Jardun elkarteak eta Udalak elkarrekin antolatuta, Gazta zati bat dokumentala, Sua filma eta Gartxot animaziozkoa ikusteko aukera egongo da. Azken horrekin, Asisko Urmeneta marrazkigileak eta Juango Elordui zinemagileak zuzendutako filmarekin, hasiko dira gaur. Urmenetaren komiki ezagunean oinarritutako filma da Gartxot.

Iazko azaroan estreinatu eta gero, ia urtebetean, zelako ibilbidea izan du filmak?
Pozik gaude batez ere filmak emozionalki izan duen erantzunarekin. Kopuru eder bat egin du helduentzako euskarazko animazio filma izateko baina izugarria izan da ikusi eta gero jendeak transmititu diguna; filmak piztu dizkien pentsaera, grina ala sentimenduak kontatu dizkigute. Arrakasta baino gehiago eragina izan du Gartxotek, kasik espero ez genuena.


Filma bera bai istorio aldetik eta baita estetikoki ere inpresioa uzteko modukoa da.
Asiskoren komikia abiapuntu oso potentea zen eta asko erraztu zigun horrek. Film gogorra eta ederra da aldi berean. Ikusi eta gero batek baino gehiagok esan digu gogorra egin zitzaiela baina aretotik irtendakoan gauzei beldurra galdu izanaren sentsazioarekin irten zirela azaldu ziguten. Istorioa bera gogorra eta iluna da berez eta guk ez genuen istorio gogor eta ilunarekin bakarrik geratu.


Maila emozionalean ere filmak egungo nerbio asko ukitzen ditu, klabe politikoan uler daitezkeenak erabat, ezta?
Sekulako lana egin da historian benetan zer gertatu zen argitzeko ze istorioak Kanpionek jasotako kondaira baten hartzen du oinarri. Egia esan, lanean hasi ginenean ez ginen oso kontziente barnean zegoen materialaz. Kanpionek, baina, kontaketarako orain mila urte benetan existitu ziren pertsonaiak erabili zituen eta kontakizunak zuen indarraz jabetu ginen. Horregatik, filma amaitu bezain pronto, azalpenak emateko liburu bat idazteko beharra sentitu genuen, azaltzeko narrazio hutsa izan barik Gartxoten kondairan agertzen diren pertsonaia eta gertaera asko historikoak direla. Gure tesia da orain dela mila urte hasi zela herri honen konkista prozesua, hain ondo ezagutzen dugu orain dela 500 urteko prozesu militarra baino lehenago, eta orain dela mila urte hasi ziren gauzak gertatzen Nafarroa irensteko.


Bitxia da filmaren prozesuaren erdian konturatu izana istorioak zeukan potentzialaz.
Fedea bageneukan Kanpion historialaria izanda kontatutakoak izango zuela benetako oinarria. Azkenean, fikzioaren eta errealitatearen artean egiten diren kontakizunetan, bien artean geratzen diren gertakizun asko dago eta horregatik izan genuen ostean kontatzeko behar hori.


Aretoez gain orain filma streaming bidez ikus daiteke, ezta?
Oso gauza berria da baina iruditzen zitzaigun askok ezin izan dutela filma ikusi eta aukera hau ikusi genuen [filmin.es/pelicula/gartxot] DVDarekin batera. Diru-laguntzetarako gainera ezinbestekoa da ikusle kopuru bat izatea eta Internet bidez ikusitakoak orain zenbatu egiten dute. Izan ere, Gartxot gehien ikusi da herrietan eta herri gehienetako aretoetako ikusleek ez dute ofizialki kontabilizatzeko balio. Ikusteko modu berria denez eta ohiturarik ez dagoenez, ahalegin hori eskatu gura diegu ahal dutenei, guretzat garrantzitsua baita.


Zinema jaialdietan ere erakutsi duzue, ezta?
Bai, tribunal batek baino gehiago hautatu du filma, bai. Kontua da helduentzako animaziozko merkaturik ez dagoela inon eta atzerrian mugitzea zaila da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak