Ezeizabarrena (EAJ): "Ezinezkoa da Bruselak Bilduren hondakinen plana aintzat hartu izana"

Goiatz Arana Begiristain 2012ko irailaren 11

EAJko batzarkide Xabier Ezeizabarrenaren hitzetan, hondakinen kudeaketaren arloan, "Bilduk gipuzkoarrei gezurra esaten jarraitzen du". Bere esanetan, zabortegiak ixteko eta zaborra baliabide moduan tratatzeko helburuak ipini dizkie Europak estatuei eta "Bilduren hondakin planak ez du betetzen ez bat ez bestea".

"Bildu zaborra biltzearen eta zabortegi berrietan lurperatzearen alde dago. Gainera, oraindik ez dugu zabortegien kokapenen berri. Eta horrek guztiak ez du bat egiten helburuekin, hau da, ez zabortegiak ixtearekin ez hondakinen balorizazioarekin”, esan du batzarkide jeltzaleak. Horri gehitu dio, ezinezkoa dela Bruselak Bilduren hondakin plana aintzat hartu izana: "Ezinezkoa da, ez baitu betetzen ez Europako Zuzentarauarekin ez Europako Parlamentuaren azkeneko ebazpenekin”.

Bilduri Batzar Nagusiei "errespetua galdu izana" egotzi dio eta galdera egin: "Europako erakundeetara jota, komisarioari esan al diozue aurkeztutakoa Gipuzkoako araudiaren aurkakoa dela, babesik ez duela eta bete nahi ez duzuen egungo araudiak Europako zuzentarauekin bat egiten duela?”.

EAJren ebazpen proposamena

Ezeizabarrenak iragarri duenez, “EAJk ebazpen proposamena aurkeztu du, Europari Gipuzkoako herrietan egiten ari diren oinarrizko hiru lanei buruzko informazioa bidaltzeko: lehenik, hondakinen birziklapen, konpostaje eta prebentzio- tasak handitzeko egiten ari den lana; bigarrenik, zabortegiak ixteko eta berririk ez irekitzeko egindako plana; eta, azkenik, hondakin-hondarra energia bihurtzeko plana”. Horrenbestez, Gipuzkoako Batzar Nagusiek osoko bilkuran nahiz Ingurumeneko eta Lurralde Antolaketako batzordean hartutako erabakiak zein ebazpenak bidaliko dizkiete Europako Parlamentuari, Ingurumeneko komisarioari eta Europako Parlamentuko kideei.

"Bilduk frustrazioa du"

Izaskun Bilbao europarlamentari jeltzalearen iritziz, “Bilduk frustrazioa du, Gipuzkoako gehiengoaren aurka ezarri nahi duten hondakinen bilketa eta kudeaketarako planak ez duelako bermerik jaso”.

Horrekin batera, Europako legebiltzarkide jeltzaleak kritikatu du Bilduk Bruselako bileran ez duela hitz egin errausketa-instalazioaren ez ireki nahi dituen zabortegien gainean: “Europako gomendio guztiek errealitatearekin bat egiten dute. Hondakinen zati bat ezingo da inoiz birziklatu eta, beraz, irtenbidea eman behar zaio. Horretarako, Europa hondakin-hondarra erraustearen alde dago, ez ordea, zabortegien alde, Bildu bezala”.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak