Liztor horren elikadura erleetan oinarritzen da, eta, orain arte ikusitakoaren arabera, bere zabalkundea oso azkarra da, Gipuzkoako erleak eta ondorioz biodibertsitate eta ingurumena arriskuan jarrita, behar den moduan eta behar den azkartasunarekin jokatzen ez bada. Asiatik etorri zen, eta Europara Frantziatik, Bordeletik sartu zen. Kostaldetik heldu zen Debagoienera. Azken habia joan den astean aurkitu zuten, Antzuolan, Irimo baserrian. Horrez gain, habiarik aurkitu ez duten arren bailarako beste herri batzuetan ere ikusi dute Asiako liztorra. Oñatiko Etxeberrialde baserrian hainbat harrapatu dituzte. Uste dute inguruan habiaren bat izango dela, baina, orain zuhaitzak hostoz beteta daudenez, oso zaila da habia topatzea. Arrasaten ere ikusi dutela esan digute erlezainek.
Erleak, ezinbestekoak
Erleak dira Vespa Velutina-ren jomuga eta helburua; haietaz elikatzen da, eta halako lauzpabost liztor 30.000 aleko erlategi bat bi orduan birrintzeko eta erle guztiak akabatzeko gauza dira. Gipuzkoako Erlezainen Elkartekoen esanetan, arazoa "jendarte osoarena" da, erle xume eta langileak ezinbestekoak direlako ingurumenaren osasunarendako, eta erleak ezinbestekoak direlako polinizatzeko. Hortaz, erlerik gabe, ekosistema larri zaurituta geratuko litzateke.
Antzemateko samurra da
Itxura aldetik oso samur antzematen zaio: erle arrunta baino hiru aldiz handiagoa da, gutxienez, eta, gehienbat, beltz kolorekoa, hanka horixkekin –bertako liztorrak ipurdi horia eta hanka beltzak ditu–. Erlauntzen inguruan egoten da, hegaldian, baina geldikor. Polenez edo nektarrez erlauntzera zamatuta datorren erlea du gustuko, eta horiek erasotzen ditu. Gainera, erleek liztorra inguruan ikusten dutenean ez dira erlauntzetik irteten, eta gosez hiltzen dira barruan. Erlauntzak ere ez dira leku seguruak; liztorrak horietan ere sartzen dira. Erleei burua kentzen diete eta gorputzak jaten dituzte. Liztor hiltzaileek duten beste defentsa bat habiak egiteko modua eta lekua da. Habiak erraldoiak dira: zirkunferentzia 1,50 metro ingurukoa da.
Jon Urtzelai eta Migel Angel Ormazabal erlezainek Oñatiko Zubillaga auzoan dituzte erleak. Iaz agertu zitzaien Asiako liztorra eurei –Oñatin lehenengo aldiz agertu zenean–, baina aurten ez dute ikusi. Iaz abuztuan Olabartako Ugarte baserrian ere agertu zen. Habia bat egin zuten liztorrek teilatu azpian –irudikoa. "20 erlauntz ditugu Zubillagan; tranpak jarri ditugu, baina aurten ez da batere jausi", dio Jon Urtzelaik. "Normalean, liztorrek erlauntzaren kanpoan itxoiten dute. Gure erleak erlauntzera sartzera doazenean harrapatzen dituzte, askoz ere handiagoak direlako, eta, gainera, gure erleak lan egitetik datoz, nekatuta. Burua kendu eta jan egiten dute. Batzuetan, erlauntz barrura ere sartzen dira, nekatuta daudela ikusiz gero", azaldu du.
Josu Agiriano aretxabaletarrak Mendiola auzoan ditu 16 bat erlauntz: "Ez dut izan arazorik, ez zait ezer sartu", azaldu du.
Andoitz Barriolak zortzi bat erlauntz ditu Araotzen, eta hark ere ez du liztorrik ikusi: "Hemen ez dugu ikusi. Lehen esaten zuten altuera batetik gora ez zela agertzen, baina badakit Legazpin agertu dela, eta Legazpi Araotzen antzerako altueran dago", dio.
Gero eta erle gutxiago daude
Agirianok dio hemengo erlea gero eta gutxiago dagoela eta gero eta zailagoa dela eztia egitea. Erleari kalte egiten dioten parasitoen artean, 1982 inguruan etorri zen Barroa parasitoa dago: "Erlea poliki-poliki jan egiten du eta, gainera, erlea malformazioekin irteten da arrautzatik", azaldu du Agirianok.
Gizarteak naturarekin duen harremanaz ere kezkatuta dago Agiriano. Haren ustez, erabiltzen ditugun pestizidak, telefono antenak... horiek guztiek eragina dute erleen populazioan. Asiako liztorra eragiten dabilen kaltearen ondorioz erleen egoeraz jabetu garela dio Agirianok, baina orain arte inork ez duela ezer egin erlearen alde. "Orain dela urte batzuk erle mordoa zeuden, baina azkenaldian gero eta gutxiago. Ezin dira mantendu, hiltzen dabiltza. Denbora luzea eskatzen dute, gastua da…", azaldu du.
Ekosistemaren oreka mantentzeko beharrezkoak direla dio, baina, hala ere, erlezainek dirulaguntza gutxi jasotzen dituztela nabarmendu du. "Dirurik ez dagoela esango dute", dio, "baina lehen ere ez zuten ematen".
Jon Urtzelaik ere igarri du gero eta zailagoa dela eztia egitea: "Negu batzuetan igarri dugu erle asko hil direla. Aurten, adibidez, oso uda lehorra ari da egiten; eta erle batzuk hasi dira negurako egin duten eztia jaten. Lehortea dagoelako da hori. Ez daukate lorerik eta negurako egin duten eztia jaten hasi dira" azaldu du. Bestalde, hauxe gaineratu du: "Honetara dedikatzen garen gero eta jende gutxiago dago –gero eta nagusiagoak dira erlezainak–, laguntza gutxiago dago… azken finean, lotua da", azaldu du.
Udalek ez diete erlezainei diru-laguntarik ematen, Diputazioak ematen die."Laguntza jasotzeko gutxienez 20 erlauntz izatea eskatzen zuten, eta ematen zuten 30 euro erlauntz bakoitzeko bost urterako. Baina, gaur egungo egoera ekonomikoa ikusita, hurrengo laguntza hutsa izango da", gaineratu du Urtzelaik.
Bestalde, Jon Urtzelaik nabarmendu du Gipuzkoa ez dela eztia egiteko leku egokiena: "Fruta sail handiak dituzten lekuetan gehiago jartzen dituzte; izan ere, fruitua hobea irteten da". Erlearen alde lan egitea ezinbestekoa izango da haien bizi iraupenerako.
-----------------
Irimo baserrian habia kendu zuten
Antzuolako Irimo baserri ondoan asiar liztorrek egindako habia erretiratu zuten abuztuaren 29an. Felix Aranburuk etxe ondoan duten zuhaixka mozten zebilela erle baten ziztada jaso zuen. Liztorrak oso handiak zirela ikusita asiar liztorra izan zitekeela pentsatu zuen. Hala, 112 zenbakira eta Antzuolako Udalera deitu zuten. Futboleko baloi baten tamaina zuen habia hartu zuten suhiltzaileek, eta tranpa jarri dute habia zegoen lekuan.