Errazkinekin batera, Ainhoa Iraola Ingurumen zuzendaria eta Juan Carlos Alduntzin kabinete burua batzartu ziren astelehenean Bruselan Janez Potocknik Europako Batzordeko Ingurumen komisarioarekin.
Iñaki Errazkinek, lehenik, komisarioak egindako harrera beroa nabarmendu du eta Gipuzkoan hondakinen kudeaketan zer nolako oinarri eta irizpiderekin ari den lanean arretaz eta interes bereziz jarraitu dutela gaineratu du. Eskerrak eman dizkie horregatik.
Murriztea, berrerabiltzea eta birziklatzea
"Luze jardun dugu geure garapen estrategiaren berri azaltzen. Azaldu diegu gobernua hartu genuenean zer nolako egoera zegoen eta hura zuzentzeko zer neurri hartu dugun; murriztearen, berrerabiltzearen eta birziklatzearen norabidean zer nolako estrategia osatu dugun eta horretarako zer urrats egin ditugun eta aurrerantzean zeintzuk egingo ditugun. Oso bilera emankorra izan da: Foru Aldundiaren garapen estrategiaren helburuek eta Europako Batzordearenek bat egiten dute", esan du Ingurumen diputatuak.
Gipuzkoako errealitatea gertutik
Janez Potocknik Ingurumen komisarioaren iritzia ere ezagutu nahi zuten Foru Aldundiko ordezkariek. "Potocnik komisarioak esan digu Gipuzkoako hondakinen kudeaketa gertutik jarraitzen ari direla, eta esan behar dut egia dela, gure planaren ezagutza zabala zuelako lehendik ere. Gipuzkoako esperientziaz jakin-mina dute; herrialdeko hainbat herritan lortutako birziklatze maila altuaz jakin nahi dute. Potocnikek defenditu du hondakinen kudeaketa emankor batek baliabideen kudeaketa emankorra ekartzen duela eta Europak lehengaietan duen gabeziari aurre egiten ez badio, arazo larria izango duela; hori saihesteko neurrietako bat hondakinak baliabide gisa erabiltzeko esperientziak bultzatzea dela dio komisarioak. Horixe egiten ari gara gu Gipuzkoan", esan du Errazkinek.
"Berresten gaitu guk hartutako bidean"
Kointzidentzia horrek berresten gaitu guk hartutako bidean, Gipuzkoak prebentzio, berrerabilpen, birziklapen eta hondakinen balorizazio materialaren aldeko apustu egin duelako", gaineratu du Ingurumen diputatuak.
Harremanetan
Bi ordezkaritzek kontaktuan jarraitzea, informazioa trukatzea eta jakintza eta gogoetak elkarrekin konpartitzen jarraitzea adostu dute, helburuak lortzeko urratsak emateko.