Ugaritze hori samur antzeman daiteke. Errekara begira, ohartuko gara, gainera, ur sakonera handiagoko gunetan eta itzaletan dauden tokietan hauen presentzia askoz txikiagoa dela. Algen ugaritze hori ez da kaltegarria.
Algen eragina arrainetan
Kiko Alvarez biologian doktoreak dio algek ez dutela zertan eragin kaltegarririk izan arrainengan. "Algek ura depuratzeko gaitasuna daukate. Alde batetik, fotosintesiaren bidez, oxigenoa gehitzen dute uretara eta horrela gehiegizko materia organikoa oxidatzen lagundu. Bestalde, uretan disolbatutako oxigenoa gehituz, ibai ekosistemen osagai diren beste organismo batzuen alde jokatzen dute".
Hala ere, uraren mailak nabarmen egingo balu behera alga kopuru handiak pilatuko liratekeela dio Alvarezek, eta algak materia organikoa diren heinean usteltzen hasiko liratekeela gaineratu du: "Orduan oxigenoa kontsumituko litzateke eta amoniakoa askatu. Honek egoera toxikoak sortzen ditu ur itxietan, baina Deba ibaiaren ezaugarriak kontutan hartuta,pentsatu behar dugu hemen eragina ez litzatekeela nabarmena izango".
Errekaren bilakaera
Deba ibaiak bilakaera ona izan du azken urteetan. Dena den, hobekuntza nabarmenagoa da parametro fisikoetan eta kimikoetan eta mugatuagoa, berriz, indize biologikoetan. "Nahiz eta Epeleko araztegia abian jarri ondoren ia amaituta dagoen oinarrizko saneamenduaren lehen fasea, beti geratzen dira jasotzen ez diren isurketak, industriguneak, eta behe- hornidurako udal sareetako gabeziak", azaldu du Felix Izco Foru Aldundiko Uraren kontrol eta kalitate saileko buruak. Gaineratu du kalitate hidromorfologikoa galtzeak (ur desbideratzeak, ubideratzeak, ertzetan landarediaren falta...) errekako kalitate biologikoa berreskuratzea eragozten duela.
Alvarezek dio: "Araztegiei esker uraren kalitateak hobera egin du eta egingo du. Baina, alga hauek erakusten diguten bezala, uraren kutsadura kimikoa ezabatu eta uraren kalitate fisikoa hobetu diren arren, kutsadura organikoaren arazoa oraindik hor dago eta ibaiak ez du bere oreka lortu oraindik". Erreka bazterren (erriberen) kontserbazio egoera negargarria izaten jarraitzen duela dio Alvarezek: "Ur bazterretako basoen zati txikiak baino ez zaizkigu geratzen eta tarte askotan, espezie exotiko inbaditzaileek estaltzen dute ibai bazterra (akaziak, Reinutria)".
Izcok dio Debagoiena prozesu argi batean dagoela: "Epeleko araztegia arazte-errendimendu handiak lortzen ari da eta kalitate fisikoa eta kimikoa nabarmen hobetu da". Gaineratu du datozen urteetan egingo diren kontrolen bidez ikusiko dutela makro-ornogabeen eta arrainen populazioan izan duen eragina. Errekan ematen diren aldaketa morfologiko larriek (bideratzeak, estaldurak eta abar) kalitate ekologiko ona izatearen xedea arriskuan jartzen dutela azaldu du Izcok.
Loinak eta ezkailuak
Arrainei dagokienez loinak eta ezkailuak ikusten dira gehien gure errekan, nahiz eta amuarrainak ere gero eta gehiago egon. "Ibai bateko uraren kalitatea berreskuratzen denean arrainak oso azkar azaltzen dira, inguruko erreka garbiek ekarpen-haztegiaren papera egiten baitute", dio Izcok. Azaldu du arrainen inguruko datu gehiago jasoko dituztela datozen egunetan egingo duten arrantza elektrikoaren bidez. Bestalde, ahateak ere asko ikusten dira erreketan: "Ahateak granjatik sartutako basahateak dira eta ibaietara oso ondo egokitu dira". Ahate asko egoteak arazoak ekartzen dituela ere gaineratu du: batetik, arrainen arrautzak jaten dituztelako eta, bestetik, jendeak ogia eta janari-hondarrak ematen dizkienez, arratoiak azaldu ahal direlako. Ahate horiek arazo barik ugaltzen dira; horregatik, ohikoa da txita asko ikustea debagoieneko erreketan.
Eta, noiz hartu ahal izango da bainua Deba ibaian? "Oso baikorra izan behar da ibaia erabat lehengo erara bueltatuko dela pentsatzeko", dio Alvarezek. "Ibaia arro edo unitate hidrografiko bakar eta osoa dela kontsideratu behar da eta ez bakarrik ur korronte bezala", dio biologian doktoreak. Faktore askori aurre egin behar zaie ibaia hobetzeko:, erriberaren basoa berreskuratu, espezie inbaditzaileak erauzi, zentral hidroelektrikoak mugatu... Izcok dio esperientziak erakusten duela saneamendu maila handiko ibaietan bainuarekin bateragarriak ez diren parametro bakteriologikoen kontzentrazioak jarraitu egiten dutela.
-----------------
Udan sartu ginenetik euri gutxi egin du
Ibaien ur emari eskasa eta eguzkiaren beroak eragin handia izan dute algen ugaltzean. Ekain hasierako tenporek iragarri bezala, uda lehorra izaten ari da gurean. Dagoeneko hiru bero-alerta izan ditugu, eta euri gutxi, oso gutxi. Pello Zabala eguraldian adituak esan du udan sartu ginenetik ez duela apenas euririk egin. Sortzen diren borraskek indar gutxi dute; eta, ondorioz, ez du euririk egiten:"Ekaina polita izan genuen baina udan sartu ginenetik ez du euririk egin". Uztailean 12 egunetan bakarrik egin zuen euria, 51 litro metro koadroko botaz. Abuztuan ez du euririk egin, azken egun hauetan egin duen zirimiria bakarrik: "22 bat litro botako zituen, hortaz, uda sartu ginenetik 75 litro inguru". Indar barik botatzen du, eta Zabalaren esanetan euri-langar hori ez da nahikoa ura erreketara iristeko. Inguruko zelai eta mendien egoera larria da, eta larriagoa izan daiteke. Samur antzeman daiteke zelaiak lehor daudela. Zabala beldur da ez ote duen euri gehiago egingo. Uste du lehorte egoerak udazkeneko lehen zatia ere har dezakeela. Oraingoz, Urkuluren betetze maila nahiko ona da: %81,21.
-----------------
Kiko Alvarez (biologian doktorea): "Algek arrainendako itzala eta babesa eman dezakete, eta ura depuratu"
Biologian doktorea da Kiko Alvarez bergararra. Deba errekan hazi diren algen inguruan galdetu diogu Alvarezi, eta baita horiek arrainengan duten eraginaz ere.
Errekan dauden alga edo belar berde horiek zer dira? Alga berdeak dira. Korronte lasaietako urak behar dituzte hazteko eta ugaltzeko, sakonera gutxikoak, zeren eta argi asko behar dute; gainera nitrogeno eta fosforo asko behar dute uretan, horiek dira erabiltzen dituzten nutriente nagusiak.
Zergatik hazi dira? Errekan ikusten dugun alga hauen hazkunde masiboa, ekosistemaren desoreka garrantzitsu baten ondorioa dira: errekara gehiegizko elikagai kopurua iristen da. Elikagai horien jatorria nekazaritza (ongarri nitrogenatuak...) eta hondakin urak izaten dira (fosforoa), uretara iristen direnak.
Nolako eragina dute errekan dauden arrainengan? Hasiera batean ez dute zertan eragin kaltegarririk izan behar Deba ibaian poliki-poliki leheneratzen ari diren arrainen populazioarengan. Algak ur azalera eguzkitsuenetan garatzen ari direnez, arrainentzat itzala eta babesa ere eman dezakete. Gainera, algek ura depuratzeko gaitasuna daukate.