Zein da AGIPAD elkartearen zeregina?
Bideratzea drogamendekotasunaren inguruko zenbait alor: tratamendu zentroak (Haizea); umeei zuzendutako tratamendu zentroa (Haurtxoak), tratamendu anbulatorioa (analisiak, tratamenduen jarraipena…), espetxeko zerbitzua (Martutenekoa, droga arazoak dituztenekin), prebentzio arloa eta adikzioa duen familiekin egiten den lanketa.
Eta zein da helburu nagusia?
Droga arazoa ez izatea. Dagoen zerbait da, urtetan egon da, lehen egon da, orain dago eta egongo da, hori ezin da ukatu.
Zelako profila dute drogamendekotasuna dutenek?
Gure memoriaren datuen arabera, 35-40 urteko gizonezkoak dira, bakarrik (alargun edo ezkongabeak) daudenak, eskola graduatua dutenak, Oarso aldekoak… Dena den, hori ez da profil orokorra, da gure elkarteak duen profila. Horrek ez du esan nahi droga arazoak dituzten guztiak 40 urtekoak direnik, gizonezkoak…
Emakumezko asko daude?
Datuek diote emakumeen kontsumoa handitzen doala. Baina hori ez da errealitate gordina. Gertatzen dena da orain arte emakumeen kontsumoa gordeta izan dela, ze emakumeak baitauka atzetik bere etxeko pisua. Alkoholarekin, adibidez, arazoa daukat, baina familia daukat atzetik eta ezin dut tratamendurik egin; orduan, nire arazoa ezkutuan gelditzen da. Pixkanaka-pixkanaka lortzen eta ahalbidetzen gabiltzana da tratamenduak denon eskura izatea. Kontsumoak oso antzerakoak dira. Emakumeek gizonen ohiturak hartu dituzte gizonek emakumeenak hartu beharrean.
Haurtxoa zerbitzua haurrei zein haurdunei zuzendutakoa da?
Bai. Berez, Haurtxoa programa eta zentroa sortu zirenean, bideratu ziren droga arazoak zituzten emakumeengana, baita gizonezkoengana ere. Orain, berriz, 5 urte arteko umeak dituzten amendako bakarrik da. Ez bakarrik drogekin arazoa dutenendako; gizarteratzeko arazo handiak dituzten emakumeei laguntzeko ere ahalbidetu da. Gizarteko errealitatearen arabera, aldatu egin da zerbitzua.
Gazteei dagokienez, gero eta gazte gehiago doa laguntza eske?
Bada, datuak erlatiboak dira. Gero eta jende gehiago gerturatzen da, baina gerturatzen da adikzioa duena; eta adikzioa ez da egun batetik bestera sortzen. Guregana gerturatzen direnek, adibidez, agian badaramatzate 10 urte kontsumitzen. Izan ere, gazte baten tratamendua ez da 15-18 urterekin hasten, aurrerago baizik. Horrez gainera, azken datuek diote gazteen kontsumoa ez dela igo, jaisteko joera hartzen ari dela.
2011ko memorian diozue lehen aldiz 10.000 onuradunen kopurua gainditu egin duzuela. Zenbatek jaso dute prebentzio zerbitzua eta zenbatek tratamendua?
Kontuan hartu behar da prebentzioa zabalagoa dela, gelaka egiten delako. Inguruan ibili gara Arizmendin, Oñatin, institutuan… Gutxi gorabehera, 8.000 dira prebentzioan esku hartu dutenak eta 2.000 dira prebentzioa bai baina zerbait espezifikoagoa landu dutenak.
Zer kontsumitzen da gehien?
Gehien, legezkoak: alkohola eta tabakoa. Askotan, ahaztu egiten zaigu drogak direla. Tabakoaren kontsumoa asko jaitsi da erretzaileen gaineko kanpainak efektua izan duelako; gazteen artean oso gaizki ikusita dago erretzea. Zer gertatzen ari da? Lehen tabakoa erretzen hasten zena orain porruak erretzen hasten dela. Jendeak uste du gauza bera dela, baina ez da horrela. Beraz, gehien kontsumitzen direnak dira legezkoak. Atzetik leudeke kokaina, kalamua eta beste zenbait substantzia; anfetaminen kasua, adibidez. Guregana gerturatzen diren gehienak dira kokainarekin arazoa dutenak, alkoholarekin arazoa dutenak... Gertatzen dena da normalean polikontsumoak izaten direla; hau da, kokaina kontsumitzeaz gainera, alkohola ere kontsumitzen dute…
Noiz bihurtzen da droga arazo?
Ezin dira pauta batzuk eman. Kontuan hartu behar da zer kontsumitzen den, kontsumitzailearen profila, ze ingurutan ze momentutan kontsumitzen duen, zergatik… Ez da gauza bera 30 urteko batek zapatu gau baten zurito bat hartzea edo 30 urteko batek astelehen baten, 08:00etan, baso bat ardo hartzea. Susbtantzia, adina eta sexua bera da, baina kontsumo arrazoia eta ingurua aldatu egiten dira. Askotan, orokortzeko ohitura dugu, baina, sarritan, kontuz ibili beharra dago. Ez da gauza bera 20 urteko batek porru bat erretzea zapatu gau baten edo unibertsitatera joan baino 10 minutu lehenago…
Tratamenduak ze irizpideren arabera izaten dira?
Saiatzen gara, betiere, pertsonaren arabera ahal den eta egokituena egiten. Sartzen da laguntza eskatzen eta horretan ahalegintzen gara. Psikologo batetik pasa behar du, ikusi zer substantzia kontsumitzen duen, zelako arazoa iruditzen zaion duela, benetan zein duen, zein helburu lortu nahi duen… Izan ere, askotan, helburua ez da ez kontsumitzea; nahikoa da gutxiago kontsumitzea edo kontsumo hori egokia izatea.
Tratamenduak eraginkorrak dira?
Datuen arabera, %50ek lortu nahi dituzten helburuak lortu egiten dituzte.
Debagoieneko zenbat pertsona hartu dituzue elkartean?
Prebentzioaren ikuspegitik bailaran izugarrizko lan piloa egiten da: Oñatin, Arrasaten, Aretxabaletan, Eskoriatzan, Bergaran… egon gara. AGIPAdek urte askoan egin du bailara honetan lan. Horrez gainera, Arrasateko eta Oñatiko udalekin programak lantzen dira, guraso eskolekin, ludotekekin, gaztelekuekin… Presentzia gero eta nabariagoa da.
Mezuren bat bidaliko zenuke?
Garbi gelditzea, azken batean, errealitate bat dela, ukatu ezin dena; eta dela zerbait berba egin beharrekoa, landu beharrekoa. Drogak beti egon dira, daude eta egongo dira. Beraz, denon artean eta lanketa ezberdinen artean ea arazorik ahalik eta gutxien sortzen diren eta haiekin bizitzen ikasten dugun. Desagertzea zaila da.