Jende asko aurkitu dut aurten aparkalekuan. Harridura sortzen dit mendi eta aran hauek oso bakartiak zirelako duela ez hainbeste urte. Mendia aisialdiaren jomuga geroz eta jende gehiagok kokatu duenaren seinale.
Baina paraje hauek iragan bat dute. Ez oraingoa bezain alaia. Pirinioetako biztanleek aurreko mendean izandako bizimoldearen garraztasuna ezin dugu ahaztu goi-mendien edertasunaz gozatzen dugun bitartean.
S. Pallaruelok Pirineos tristes montes liburuan jasotako historia latz, zorigaiztokoek, edota Julio Llamazaresen La lluvia amarillan Ainielleko azken biztanlea irudikatuz idazleak idatzitakoek, lurralde eta herri hauek ezagututako miseria ezin hobeto irudikatzen dute.
Mendi hauetan bizi izatea zer izan zen erakusten digute turista eta mendizale zoriontsuoi inguru latza menperatzeko premian galtzaile gertatu direnen historiak.
Ainielle: abandonatua baina oraindik harro.
Ilusioa piztu da berriro
Gaur, aldapan gora eta behera gabiltzanean, azken urteetan gertatutako aldaketaz egiten dugu gogoeta eta poztu baino ezin gara egin. Betiko abeltzaintzarekin batera, turismoarekin, aisialdiarekin, eta abenturarekin lotutako jarduera ekonomikoak indartu dira bertako biztanleei bizimodu hobe eta baikorragoa eskainiaz. Ilusioa piztu da berriro mendi eta aran hauetan.
Bertakoei kanpotik etorritako jende gaztea bildu zaie, lurralde hauekin bat eginez, bizimoduan aurrera egiteko asmoarekin.
Horietako bi ditut gogoan hau idazterakoan. Ane eta Maddi, edo Maddi eta Ane. Bi hauek Donostiako alde zaharreko neska gazteak dira; bikiak. Lagun baten alabak. Donostiako kresalaren usaina eta ur gaziaren zaporea baztertu eta mendi hauetara hurbildu dira bide desberdinak jorratuz.
Anek urte asko darama neguan Kandantxuko aterpe batean lanean. Aurten, lehen aldiz, berak eta bere bikotekideak udan aterpea zabalik edukitzea pentsatu dute nagusiaren adostasunarekin. Anek ilusio handiak jarriak ditu mendi hauetan. Esan beharrik gabe antzematen zaio.
Aterpetxea Kandantxun.
Maddi beste bide batetik abiatu eta iritsi da Pirinioetara. Eskalada lehen eta orain mendi lasterketak dira mendilerro honekin dituen lokarriak. Ultra trailak eta maratoiak. Batzuetan postu onak lortu ditu. Garaipenak ere bai. Besteetan porrota eta sufrimendua, Grand Raid des Pyrénées-en egokitu zaion bezala. Maddik ere soberan du ilusioa.
Maddi Hautacam-en.
Baldintza berriek eta pertsona hauen -bertako nahiz kanpotik etorritakoak- guztien lanak eta ilusioek biziberritu dituzte inguru hauek, eta natura zainduz eta naturarekin bat eginaz mendi inguruetan bizi izatea posible dela erakutsi dute.
Izan bedi oparoa edo zekena
Lukurreria eta diru-egarria ez dira falta. Eski estazio erraldoiak, porrotean amildutako makro-bainuetxeak edota Pirinioak erdi-erditik zeharkatuko lituzketen autobide eta tren azkarrak ere proiektatu dira. Zorioneko krisiak bakoitza bere tokian jarri du eragindako kalteak txikiagotuaz.
Garapen orekatua eta jasangarria da krisien aurkako antidotorik onena. Izan bedi berriro lur hau bizimodua zuzentasunez atera nahi duenarentzat toki oparoa; eta zekena, edertasuna bere probetxutan txikitu nahi duenarentzat.
A! Ahaztu egin zait Batisielles eta Escarpinosari buruzko informazioa ematea. Berdin du. Edozein lekutan aurki zenezake: benasque.com; eu.wikiloc.com,… nahi duzun tokian. Ibilbide hau gomendatzen dizuet egun-pasa baketsu eta lasai bat nahi duzuenoi. Baina Estoseko aranak eta aterpetxeak beste aukera batzuk ere eskaintzen dizkie ibilaldi exijenteagoak nahi dituztenei: Posets-eko igoera glaziarretik, Mendi berari itzulia, Perdigeroko igoera...