Egubakoitzeko eta zapatuko gauak oso beroak izango dira. Egubakoitzeko minimak 22-25 gradu hartekoak izango dira, eta zapatukoak 24 gradutik gorakoak izango dira. Domeka goiza beroa izango den arren, arratsalderako ipar-ekialdeko haizea sartuko da eta tenperaturak jaitsi egingo dira. Leku batzuetan euria ere egin dezake.
Astelehenean eta martitzenean tenperaturak apur bat igoko dira, baina "normaltasunez".
Zer egin beroari aurre egiteko
Larrialdiei aurre egiteko, Meteorologiako Zuzendaritzak prebentzio neurri hauek hartzeko gomendatu dizkie herritar guztiei:
- Likido ugari edatea, bereziki ura, deshidratatzeko arriskua saihesteko. Likidoak edan, egarri izan arte itxaron gabe. Alkohola, kafeina edo azukre gehiegi duten edari gutxi hartu.
- Elikagai arinak jan (entsaladak, gazpatxoa, barazkiak, fruta, e.a.)
- Eguzkiaren argia jasotzen duten leihoak itxi eta pertsianak jaitsi; bero gutxien egiten duen orduetan etxea aireztatu eta freskatu.
- Arropa egokiak jantzi, lasaiak, arinak eta kolore argiak dituztenak; oinetako erosoak eta freskoak erabili.
- Bero gehien egiten duen orduetan saiatu kalera ez ateratzen.
- Nahitaez atera behar izanez gero, burua estali eta eguzkitako betaurrekoak jantzi; saiatu beti itzaletik joaten.
- Kirola eginez gero, bero gutxien egiten duen orduetan egin.
- Ez utzi inoiz pertsona edo animalia bat edo ez geratu inoiz aparkatutako ibilgailu itxi batean, itzalean egon arren.
- Gogoan hartu etxe barruan 35ºC edo gehiagoko tenperatura baldin badago, haizagailuek ez dituztela saihesten beroak osasunean eragin ditzakeen ondorioak. Freskatzeko beste metodo batzuk erabili behar dira, esaterako dutxa edo bainu hotzak hartzea, edo aire girotua duen gertuko toki batera joatea.
- Bereziki zaindu pertsona nagusiek eta haurrek ere gomendio hauek betetzen dituztela. Bakarrik bizi diren pertsonei ere arreta berezia eskaini.
Horrez gain, Herrizaingo Sailak sute arriskuaz ohartarazi nahi du, eta herritar guztiei dei egiten die edozein egoera arriskutsu saihets dezaten, hala nola mendietan sua piztea (Arabako lurraldean debekatuta dago) edo zigarreta mutxikinak botatzea.
Euskalmet Euskal Metereologia Agentziaren aholkuak jarraitzea gomendatzen da, www.euskalmet.euskadi.net webgunean zein Twitter bidez, @Euskalmet erabiltzailean.