Larraitz Ugarte: "Errepide asko eraiki da, hausnartutako irizpide barik, eta horiek ordaindu egin behar dira orain"

Eneko Azkarate Laspiur 2012ko abu. 18a, 02:00

Gipuzkoako errepideez eta haien finantzazioaz dihardu Larraitz Ugartek, Bide Azpiegituretako diputatuak, baina baita bidegorriez eta Gipuzkoako Foru Gobernuaren urtebeteko jardunaz ere; hiri hondakinez, batik bat.

Gipuzkoarrok ordainpeko autobideetan hilero 25 euro baino gehiago ordain ez dezagun proposamena berretsi du Aldundiak. 

Gipuzkoan bi errepide sare nagusi daude: batetik, AP-1ek eta AP-8k osatutakoa, ordainpekoa; eta, bestetik, N-1, A-15 eta N-121, ez direnak ordainpekoak. Eta hori ez da hausnarketa politiko baten ondorio, baizik eta bere sasoian hala erabaki zutelako, ezelako irizpiderik barik. Horrek esan nahi du AP1 eta AP8 egunero erabili behar dugunok dirutza ordaindu behar dugula, kontuan izanda, gainera, garraio publikoa ez dela guztiz egokia, hori hobetzeko lanean dihardugun arren. Ez dugu trenbide sarerik Debagoienean, esaterako… Horri irtenbidea eman nahi diogu.

Autobidea asko erabiltzen duena saritu nahi duzue, batik bat?

Begira: Bergaratik Donostiara egunero joan-etorria egin behar duenak 100 euro ordaindu behar ditu Via-T gailua baldin badauka; bestela, 260 euro hilero. Urtean, 1.000 euro. Egoera hori injustua da; lurraldean oreka, eskualdeen eta herritarren arteko oreka, bultzatu nahi dugu, eta irtenbideak eman. Irtenbidea planteatu dugu krisi garai honetan premia handiena dutenendako. 

Asko eraiki dela diozue…

Bai, eta modu desantolatuan. Errepideak ordaindu egin behar dira, eta ez da nahikoa zerga bidez ordaintzea. Beste neurri batzuk hartu behar dira. Bidegik 900 milioiko zorra dauka, hori da beste errealitate bat. 

Zein izango da baldintza, Via-T gailua edukitzea?

Bai. Bankuetan dago eskuragarri, eta Ogasunean kontuak eguneratuta daudela ziurtatu behar da. Zenbat eta bidaia gehiago egin, deskontuak orduan eta handiagoak dira, eta behin deskontuak aplikatuta 25 eurora ailegatzerakoan, gehiago ez du inork ordainduko. Gaur egun ordainpeko autobideak erabiltzen ez dituztenak ere anima daitezke erabiltzera, seguruagoa eta egokiagoa delakoan. 

AP-8ko eta AP-1eko Gipuzkoako zatiei eragingo die proposamen horrek?

Oraingoz, Gipuzkoako zatiari eragingo lioke, baina bagabiltza Arabako Diputazioarekin harremanetan hemendik hara eta Gasteizetik Arrasatera, bereziki, jende asko mugitzen delako. 

Honek guztiak Bidegik, gutxi gorabehera, 1,5 milioi euro gutxiago jasotzea eragingo lukeela ere badiozue. 

1,5 milioi euro gutxituko lirateke sarrerak, betiere jakin barik zenbat erabiltzaile berri batuko liratekeen sistema berrira. Egia da Bidegiren egoera oso delikatua dela, baina ikusten dugu autobideen esplotazio gastuak oso handiak direla. Bidelan enpresa pribatuak kudeatzen ditu ordainpeko autobideak, eta, gure ustez, oso kontratu garestia egin zuen bere garaian Bidegik enpresa horrekin. Eta gaur egun sinatuta duten kontratuaren arabera, diru publikotik bermatu behar zaio Bidelani %7,7ko irabazia edukitzea. Horrek esan nahi du urtero 6 milioi euro gehiago gabiltzala ordaintzen. Enpresa pribatuei diru-sarrerak bermatzeko, erabiltzaileek bidesari garestiagoak ordaindu behar ditugu? Uste dugu Bidelanen gastuak murriztu egin daitezkeela. 

Proposamen hori Batzar Nagusietan ordezkatuta dauden gainerako alderdiekin adostu duzue?

Zaila da alderdiek horrelako neurri baten aurka bozkatzea, hori justifikatzea. EAJ edo PSE-EE neurri horren aurka agertuko dira?

Oposizioko indar nagusiek eskatzen dizuete lurraldeko errepideak finantzatzeko plan orokor eta zehatza aurkeztea… 

Oposizioak irudikatu nahi du haiek gobernatzen dutela eta Bildu ez dagoela gobernuan. Hori nabarmena da hondakinen edo errepideen gaian. Eta bestetik, ez daukagula norabiderik, programarik, eta inprobisatzen ari garela. Eta hori ez da egia: oso argi daukagu zer nahi dugun. Errepideak ezin dira zergen bidez bakarrik ordaindu, baina, lehenengo, irizpideak adostu behar ditugu. Hori proposatu genuen Batzar Nagusietan egitea, baina zirku bihurtu dute eta ezin izan dugu benetan sakoneko gaiez eztabaidatu. Ez da borondaterik egon ponentzia eztabaidatu eta beroni amaiera emateko. 

Gaur egungoak baino bidesari gehiago ipintzearen aldekoa da Gipuzkoako Foru Gobernua?

Etxegarateko bidesariaren aurka gaude, hasieratik helburu zuelako diru-bilketa bultzatzea. Nazioarteko garraiolariek ere ordaindu behar dutela aitzakia hartuta. Guk uste dugu Etxegaratekoa partxe bat dela eta politika sakonagoak behar ditugula. Garraiolariak ez kaltetzen saiatu behar dugu, eta, bestalde, gaur egungo kilometrokako sistemak ez ditu babesten gipuzkoarrak. 

Bidesaririk ez, hortaz?

Ez. Ez Etxegaraten, ez eta Andoainen ere.

Eta Deskargan?

Bankuekin konprometituta dago. EAJk Bidegirendako adostu zuenean bankuekin 900 milioi horiek, bankuek behartu zuten Diputazioa bidesariak jartzera, Deskargan jartzera, hain justu ere 2015eko apirilerako. Gainera, akordio horren arabera, kamioiak behartzen ditu kamino zaharra erabili beharrean autobidea erabiltzera eta 9 euro ordaintzera Deskargatik pasatzearren. Ibilgailuendako euro bat inguru da. Hau da, tarifak ere zehaztu zituzten. 

Non jarriko da ordainlekua?

Antzuola eta Bergara artean.

Errepideei dagokienez, zein da une honetan Diputazioaren lehentasuna? 

Urumeako autobidea amaitzen dihardugu, eta Deskargako zatia geratzen da. 2015eko apirilerako amaituta egon beharko du. Datorren urtean hasiko dugu azken zatia; izan ere, orain Urretxutik Antzuolarainokoarekin gabiltza. Eta Antzuola-Bergara urtarrilean hasiko dugu.

Bergarako ekialdeko saihesbidea bikoizteko asmorik AP-1eko sarreraraino?

Ez, oraingoz ez, garestiegia da, hasierako proiektuan aurreikusi bazen ere.

Zelan daude AP-1 autobideko lanetan hondatu ziren baserri auzoetarako bideak Debagoienean, Aretxabaletan eta Eskoriatzan?

Apurka-apurka egiten dihardugu, Aretxabaleta eta Eskoriatzako udalekin batera, badoaz lanak aurrera. 

Aurrera doa Oñatitik Arrasaterainoko bidegorria, baina besteak?

Lanak aurrera doaz kasu konkretu horretan, eta, guretako, gainera, lehentasunezkoak dira bidegorriak mugikortasun ikuspegitik, baina diru aldetik eskas gabiltza eta motel joango dira lanak. Bailara honetan, bereziki, bizikletan mugitzeko kultura handiagoa dago, gainera. 

Atez atekoaren kontra herririk herri, lurralde osoan, 60.000 sinadura batu direla dio EAJk…

Egia da jende multzo dezenteko bat atez ate hiri hondakinak batzearen kontra dela. Errealitatea da eta sinadura, iritzi, guztiak errespetagarriak dira. Entzun egin behar diegu horiei. Baina uste dut atez ateko sistemaren aurka dauden %95ek ez dakitela benetan zer den sistema hori, ez dutela frogatu eta beldur ezezagun baten aurrean erantzuten dutela. Bilduk hauteskunde programan garbi adierazi zuen zein den postura; ez dugu inor engainatu. Uste dut hauteskunde programa hori aurrera atera behar dugula, erabateko babesa lortu genuelako. Hernanin, Antzuolan… frogatu da eredua eta ondo funtzionatzen du.  

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak