Deskontu horiek eta muga horiek izateko ezinbestekoa izango da deskontudun Via-T gailua izatea. Ugartek azaldu duenez, erabaki horrek eragin nabarmena izango du egunero AP-8 eta AP-1 autopistak erabili beste aukerarik ez duten Gipuzkoako herritarrengan. Gaur egungo egoeran neurriak Gipuzkoako 28.000 familiengan izango du eragina, eta hainbat kasutan 700 euro baino gehiagoko aurrezkia suposatuko du proposamen berriak.
Bidegik 1,5 milioi euro gutxiago jasoko du
Modu horretara, Bidegik, gutxi gorabehera, 1,5 milioi euro gutxiago jasotzea eragingo lukeela azaldu du Larraitz Ugartek, baina horri aurre egiteko modua dagoeneko topatu dutela esan du. Hala, gogoratu du "aurten bertan Bidelan enpresa pribatuak (Bidegiren autopisten esplotazioaz eta mantenuaz arduratzen dena) 1,2 milioi euro gutxiago jasoko dituela. Izan ere, Bidegik ez zuen onartu Bidelanek aurkeztutako plana eta handik eta hemendik gastuak gutxituz 1,2 milioi euro jaistea lortu zen".
Horrez gain, diputatuak gogoratu du 2009an Bidelani kontratua aldatu zitzaionetik Bidegik aurreko kontratuarekin baino 17 milioi gehiago eman dizkiola enpresa pribatu horri, eta hori erabat "onartezina" dela. Beraz, arlo horretan lan egin beharra eta dirua aurreztu beharra azpimarratu du.
"Beste eredu bat"
Larraitz Ugarteren arabera, argi geratu da Aldundi honek "beste eredu bat bultzatuko duela eta ez duela onartuko administrazio publikoek enpresa pribatuen mesedetan jokatzea".
Azkenik, Ugartek dei egin die alderdiei irailean foru arau gisa aurkeztuko den proposamen zehatza onar dezaten, eta proposamen orokorrak adosteko "arduraz jokatzeko" eta "elkarlanean aritzeko" eskatu die.
EAJ: "Larraitz Ugartek Gipuzkoako bidesariak igotzeko plana ezkutatzen du"
Joseba Antxustegi jeltzaleak Bide Azpiegituretako diputatuari eskatu dio "tarifa-sistemaren gaineko plangintza orokorra egiteko eta zatikako neurriak egiteari uzteko, departamentuaren plangintza ezaren ondorio direlako".
Horrekin batera, ukatu egin du talde txostengilean Foru Aldundiari bere proposamenak aurkezteko aukerarik eman ez zaionik: "Diputazioak neurri zehatzak aurkezteko aukera izan du, baina ez du egin eta soilik neurri populistak prentsari helaraztea erabaki du. Horregatik, Ugarteri eskatzen diogu ez esateko neurriak aurkeztu ezin izan dituenik, talde txostengilearen kideei errua ez botatzeko eta gaiari orokorrean heltzeko, izan ere, proposamenik izan ezean ehundaka kamioik lurraldea zeharkatzen jarraituko dute euro bat bera ere ordaindu gabe eta, beraz, errepideen mantentze-lanak gipuzkoarron gain jarraituko du".
Bukatzeko, "ausardia izateko" eta esku artean duen proposamena aurkezteko esan dio: "Diputatua zerbait ezkutatzen ari da. Izan ere, proposamen teknikoa ba omen du, baina ez die aurkeztu ez taldeei ez herritarrei. Oso larria da Bide Azpiegituretako foru diputatuak plangintza teknikoa izatea bai bidesari berriak ezartzeko, bai egungo bidesarien tarifak igotzeko, bai gipuzkoarroi zerga berria ezartzeko, eta Batzar Nagusietan aurkeztu nahi ez izatea".
Aralar: "Aldundiaren proposamenarekin arnasa emango zaie autopisten erabiltzaileei"
"Esan genuen Aldundiaren aurreko planteamenduaren aurka geundela, erabiltzaileak zigortzen zituelako. Gu beti azaldu gara erabiltzaileak estutzearen kontra eta gure lurraldeko erabiltzaileen artean dagoen desorekaren aurka. Horregatik, proposamen honek arazo hori konpontzeko bidean jartzen duela ikusita, begi onez ikusten dugu", adierazi du Rebeka Ubera Aralarreko batzarkide taldeko bozeramaileak.
Larraitz Ugarteren agerraldia eskatu duten EAJ eta PSE-EEren jarrera kritikatu du Uberak, besteak beste, errepideen kudeaketarako plan integrala eskatu dutelako: "Errepideen Ponentziaren egoera zein den ikusita eta, ez aurrera ez atzera dagoela aintzat izanda, Foru Aldundiak bestelako proposamenak izateko aukera du. Etorriko da proposamena Batzar Nagusietara foru arau bezala, eta aukera izango dugu eztabaidatzeko eta gure ekarpenak egiteko".