Zela eragin dizue krisiak?
Ingurunearen egoerak eragin zuzena du gure saltokietan. Eta, hala, langabezia tasa %30ekoa den tokietan, Espainiako hegoaldean-eta, gure ahulezia nabariagoa da.
Raxoiren neurriek zelan eragingo dute kontsumoan?
Eragina txarra izango da kontsumoari begira; bereziki, jendearen animoan, konfiantzan.
Gobernuaren azken neurri hauekin areagotu egingo da okerreko egoera?
2008ko urrian bertan nabaritu genuen krisia. Eta, egia esateko, oinarrizko elikagaietan baino gehiago, beste kontsumo gai batzuetan igarri genuen: etxetresnetan, autoetan… Elikagaietan gutxiago. Bestalde, ordutik hona etengabeko jaitsiera izan dugu, okerretik okerrera joan gara. 2010eko lehen hilabeteetan igarri genuen hobekuntza, baina urte hartako udatik aurrera jarraitu zuen beherakoak. Murrizketak eta murrizketak etorri dira, eta horrek eragina izan du salmentetan.
Zenbatekoa izan da beherakada?
Oinarrizko elikagaietan ez da horrenbestekoa izan. Batez beste, 600 kilo jan-edaten dugu pertsonako urtean. Baina orain, nabaritu dugu hasi garela gutxiago jaten. Inoiz gertatu ez dena gertatu da. Bestalde, bereziki jaitsiera ikaragarria izan dugu jatekoak ez diren kontsumo-gaietan. Horregatik, elikagaiak ez diren gaiak saltzen dituztenek sufritu dute, bereziki, krisia. Etxetresnak, altzariak eta halakoak bakarrik saltzen dituzten dendak sufritzen dute eta desagertzeko bidean dira.
Krisiagatik saltokiak itxi beharrik izan duzue?
Bai, aurten bospasei denda handi itxi egin behar izan ditugu. 130 bat denda itxi edo saldu behar izan dugu krisian sartu ginenetik.
Eroskik non ditu saltoki gehienak?
Hego Euskal Herrian eta Espainian; gehienak iparraldean: Galizia, Hego Euskal Herria, Aragoi, Katalunia, Balear uharteak…
Europan?
Ez. Frantzian genuen sarea iaz saldu genuen.
Kontsumo ohiturak aldatu egin direla aipatzen duzu, baina zertan?
Oso kuriosoa da. Izan ere, krisi gogorrean murgilduta egon arren, telebista aparailu berriak denok erosi ditugu. Tablet aparailu horiek ere gero eta gehiagok ditugu. Krisiak ekarri du konfiantza haustea, baina errenta maila populazioaren ia erdiak ez du galdu. Eta horiek eskaintza egokia eginez gero, dirua gastatzen du. Eta luxuzko gaiek edo gama altukoek eutsi egiten diete salmentei.
Elikagaietan?
Asteburuetan, bereziki, pizzak edo elikagai prestatuak lehen baino gehiago saltzen dira. Etxetik kanpo gutxiago kontsumitzen dugu, eta etxean, janari prestatu geroago eta gehiago. Argi dago aisialdiari eutsi nahi diogula.
On line bidezko erosketak ere gora?
Bai, bai, eta ez merkeagoa delako, erosoagoa delako baizik. Jendea gustura dago zerbitzu horrekin.
Elikagai merkeagoak kontsumitzen ditugu?
Bai. Hori krisiaren lehen zatian igarri zen bereziki. Orain, produktu freskoak gutxiago saltzen ditugu elaboratuak baino. Produktu elaboratuak, askotan, freskoak baino merkeagoak dira, arrain edo barazki izoztuak, esaterako… Baina patata gutxiago saltzen ditugu eta patara frijituak egiteko izoztu gehiago. Horrek erakusten digu orain lehen baino txarrago kontsumitzen dugula.
Eroskiren supermerkatuak egokitu behar izan dituzue krisiagatik?
Bai. Saltoki handietan igarri dugu bereziki krisia. Etxe ondoko, auzoko, saltokietan dabil batez ere jendea. Jateko ez diren gaien kontsumoa jaitsi egin denez, superfizie handietara geroago eta jende gutxiago doa. Herrietako saltokiak supermerkatu handi bihurtu nahi ditugu, ez hipermerkatu txiki. Elikagai gehiago jarriz, bestelakoak murriztuz, sail berriak jarriz…
Ze sail berri?
Parafarmaziak, lurrinenak...
Eroski Bidaiak?
Jendeak jarraitzen du bidaiatzen, baina denbora laburragoan eta hurbilago. Eta hor, fakturazioaren aldetik, igarri dugu. Krisiaren aurreko urteetan, oparoaldian, zabaldu genituen bulego dezente, eta orain, geure neurrira etorri gara berriro.
Bidaia agentzietako bulegoak beharrezkoak dira?
Bai, eta izango dira. Ez da bakarrik hegazkinerako txartelak saltzea, hori baino askoz ere gehiago da. Aholkularitza eskaintzen dugu, bezeroari ziurtasuna emateko.
Logistikan egin dituzue inbertsio garrantzitsuak, ezta?
Bai, Madrilen eta Elorrion. Automatizazioa bultzatu dugu lan baldintzak eta eraginkortasuna hobetzeko. Ulmarekin eta LKSrekin batera. Proiektu interesgarria da, kanpoan-eta salgarri izan daitekeena, ze Europatik etorri baitira hainbat banaketa enpresa logistika zentro hauek ikustera.
Zuen lehiakide nagusiak?
Espainian hirugarrenak gara. Lehenengoa, Mercadona; gero, Carrefour. Eta gure tzetik datoz El Corte Ingles, Alcampo…
Eroski zergatik ezagutzen, estimatzen, bereizten dute kontsumitzaileek?
Besteen aldean, gure marka zuria gehiago saltzen da, eta, kalitate-prezioa konparatuz gero, bezeroek guri ematen digute puntuazio handiagoa lehiakideei baino. Beste ezaugarri bat da produktu fresko gehiago saltzen dugula besteek baino. Prezioetan ez dugu lehiatzen, ez gara merkeenak, baina kalitate-prezioan bai. Hortaz, marka zuria eta produktu freskoak dira Eroskiren bereizgarriak.
Mercadona indartsu dator…
Gure lehiakide nagusia da. Leku guztietan gaude harekin lehiatzen, nahiz eta Euskal Autonomia Erkidegoan ez egon. Baina Nafarroara badatoz eta hona ere etorriko dira. Euskal Herrian daude banaketa enpresa handienak eta sekula ez dute baimenik eskatu hona etortzeko. Ez da egia Interneteko hainbat forotan esaten den hori, Eroskik eta Mercadonak itun bat dutela Mercadona Euskal Herrira etor ez dadin.
Zelako urtea izan da iazkoa Eroskirendako?
Urte zaila, 2010ekoa bezalatsu. Bezeroarekiko etengabe konfiantza galduz eta etengabe eskaintza egokituz. Datu ona? Urte zaila izanik ere, merkatu kuota irabazi dugula. Izan ere, bezeroak ematen dizu kuota. Bestalde, zorra murriztu egin dugu azkeneko hiru urteotan eta hori ere datu pozgarria da. Efizientziaren aldetik ona izan da, gastuak kontrolpean izan ditugulako.
Irabaziak ala galerak?
46 milioiko irabaziak izan zituen taldeak. Kontsolidatua kontuan izanda, 36 milioiko galerak izan ditugu, baina aurrekoan baino gutxiago.