Goizean egin du agerraldia Gipuzkoa Garbia taldeak –gehienbat EAJren kargu publikoez osatutako atez atearen aurkako eta birziklapenaren aldeko taldeak– eta Zarautz eta Pasaiako zinegotzi Imanol Lasak eta Nahikari Oterminek egin dituzte bozeramaile lanak.
“Aste honetan birziklapenaren aldeko eta atez atekoaren aurkako 60.000 sinadura gainditu dira. Hori dela eta, plataformek egindako lana goraipatu nahi dugu eta kideak zoriondu; izan ere, herrietan atez ateko bilketa-sistemaren aldeko alderdiek lortutako bozak gainditu dituzte", adierazi dute.
Bergaran, 5.000 baino gehiago
Aurkeztutako datuen arabera, Bergaran, 5.000 sinadura baino gehiago bildu dituzte; Lazkaon, 1.600; Zumaian, 4.000; Legazpin, 3.200; Mutrikun, 1.700; Ordizian, 2.700; Ormaiztegin, 563; Pasaian, 3.100; Tolosan, 6.000; eta Zarautzen, 8.000.
Poztasuna azaldu dute, azkeneko hilabeteotan herritarrek "birziklapenaren aldeko eta atez atekoaren aurkako" konpromisoa adierazi dutela eta horrek "Bilduren inposizioari erantzutea" suposatzen duela esanez: "Gogoan izan Bilduk iragarri zuela 34 udalerritan atez atekoa inposatuko zuela. Hortaz, azken bost hilabeteotan herritarrek Bilduren inposizioari erantzun egin diote, inoiz egin izan ez duten bezala”. Hori esan eta eskaera egin diote Bilduri: "Herritarrak eta euren nahiak entzuteko eskatzen diogu Bilduri, baina ez sinadura eman dutenen polizia-fitxa egiteko".
Gipuzkoa Garbia taldeko kideen hitzetan, "inposizioa iragana da, aldiz hezkuntza, sentsibilizazioa eta kontzientziazioa orainaldia dira”. Atez atekoa "inposatu" gura izatea egotzi diote ezker abertzaleari, herritarren gehiengoa horren "kontra" dagoela esan, eta edukiontzien sistema aldarrikatu.
"Gehiengoaren nahia"
Zabortegiei dagokienean, Imanol Lasak Bilduri eskatu dio, “zabortegi berririk ez irekitzeko eta egungoak ixteko, eta Gipuzkoako Batzar Nagusien zein mankomunitateen gehiengoaren nahia errespetatzeko".