Epeleko zabortegian lanak egingo ditu Mankomunitateak

Irati Goitia 2012ko uztailaren 11

Epeleko hondakin ez arriskutsuen zabortegian zenbait lan egingo ditu Debagoieneko Mankomunitateak: zabortegiaren zati bat zigilatuko dute, gelaxka berri bat sortu eta garbigune berria egingo dute.

1992 eta 1993 urte bitartean eraiki zuten Epeleko hondakin ez arriskutsuen zabortegia, eta 1993an hasi zen martxan. 9,5 hektarea inguruko lursaila okupatuko du erabat betetzen denean eta 1.800.000 metro kubiko inguruko kapazitatea dauka.

Bergarako lurretan dagoen Epeleko zabortegi horretan Debagoieneko industrian eta eraikuntzan sortutako hondakinak jasotzen dira, soilik.

Legedia aldaketak

Hondakinak kontrolpean desegiteko egoki prestatutako instalazioa da. Hala ere, urteekin legedia aldatzen eta zorrozten joan da, batik bat, Europako Batasuneko Ingurumen legediak ezarritako baldintzak betetzeko.

Hala, Epeleko zabortegiak arautegi berria betetzeko Ingurumen Baimen Integratua eskuratu zuen 2008an, eta orain egingo dituzte lanak hori aintzat hartuz.

Mankomunitateko arduradunek adierazi dute obrak berehala hasiko direla eta urtebeteko epean bukatzea aurreikusten dutela. Aldi berean, azpimarratu dute eguraldiaren oso menpe egongo direla lanok.

Lanak: aurrealdea zigilatu, eta gelaxka eta garbigune berria

Batetik, egungo zabortegiaren aurrealdea zigilatu egingo dute, gune hori iragazgaiztuz.

Bigarrenik, zaborra batzeko iragazgaitza izango den gelaxka berri bat sortuko dute. Hain justu ere, hori da lehentasuna; hortik abiatuko dituzte lanak eta urri edo azaroan dagoeneko hondakinak bertan botatzea espero dute.

Eta proiektuaren hirugarren ardatza garbigunea eraikitzea da. Hor batuko dituzte Linea zuri eta gris-marroiko etxetresna elektrikoa.

Mankomunitateko Ingurumen sailetik adierazi dute lizitazio aurrekontua hiru milioi eta erditik gorakoa dela, BEZ barne.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak