Alduntzinek "gatazka elikatzen" aritzea egotzi die jeltzale, sozialista eta popularrei, eta errauste planta "inposatu" nahi dutela salatu du. Egindakoarekin "harro" agertu da eta oso hunkituta egin du agurra.
Garitano ahaldun nagusiak defendatu egin du Ingurumen diputatuaren lana, eta salatu du "beste interes batzuk" dauzkatela EAJk, PSE-EEk eta PPk.
Aralar, EAJ, PSE-EE eta PP
Aralar alderdiko taldearen izenean, Rebeka Uberak hitz egin du eta akordioaren alde aritu da. "Adostasun zabala bilatzea da irtenbidea, ez dago besterik" esan eta dei egin die hondakinen kudeaketarekin zerikusia duten erakundeei "espazio bat" bila dezaten ados jartzeko. Oposizioaren jarduna kritikatu du, eta Diputazioak aurkeztutako ekimena goratu.
Jeltzaleen izenean, Xabier Ezeizabarrenak hitz egin du eta Diputazioaren plan berria gutxietsi du. Herritarrei "arazoak" sortzea egotzi dio Alduntzini eta Zero Zabor politikaren kontra ere egin du, "ameskeria" dela esanez. "Ezinezkoa" dela esan du, hondakinak ez direlako desagertzen.
PSE-EEren bozeramaile Mikel Duran aritu da. Diputazioak hondakinen kudeaketan proposatutako aldaketek "kontrolik eta segurtasunik eza" eragin dute, haren hitzetan. Atez atekoa inposaketa dela salatu du eta esan du "eskumenak eta funtzioak errespetatu ezean, Batzar Nagusiak ezin direla geratu eskuak gurutzatuta". Garitanori esan dio adi egon dadila eta gogoan har dezala gaur Batzar Nagusiek bozkatutakoa.
PPren aldetik, Juan Carlos Cano mintzatu da. Argi laga du PPren asmoa ez dela Alduntzinen aurka egitea soilik. Bilduren aurkako ekimena dela azaldu du, eta zentsura mozio gehiagoren alde dagoela berretsi du, adostasuna eskatuz PSEri eta EAJri. Bestalde, PSE-EEk egin moduan, Garitanori ohartarazi dio, hala jarraitzekotan, hurrengo pausoa bere aurkako zentsura mozioa izango dela.
Lohitzune Txarolaren erabakia
Presidentetzak erabaki du EAJ, PSE-EE eta PPren artetik batek bakarrik edukiko duela mozioa babesteko dituzten arrazoiak azaltzeko aukera. Sozialistek helegitea jarri dute erabaki horren aurka, baina mahaiak ez du onartu.
Osoko bilkuraren lehen txandan hizketarako aukera EAJri eman diote, zentsura mozioa defendatzeko. EAJko kide Xabier Ezeizabarrenak hartu du hitza, 90 minutu zituen baina bi soilik erabili ditu. Lohitzune Txarolaren erabakia salatu du, eta iragarri du talde bakoitzari dagokion txanda baliatuko zutela mozioaren arrazoiak emateko.
45 minutuz osoko bilkura eten ondoren, Juan Carlos Alduntzinek hartu du hitza. Taldeetako ordezkarien txanda izan da ondoren.
Protestak atarian
Atarian protesta egin dute erraustearen aurkako plataformako kideek.