Ikerne Badiola: "Kultura politizatzea da kulturari berari egin diezaiokegun txarrena; ez da gure asmoa"

Xabier Urtzelai 2012ko uzt. 9a, 02:00

Ikerne Badiolak (Zumarraga, 1971) urtebete darama diputatu lanetan, Gipuzkoako Kultura, Kirol eta Gazteria departamentuak kudeatzen. Orain arte egindakoen eta aurrera begira dituzten asmoen gainean egin du berba.

Urtebete honetan aurreikuspenak bete dituzue?

Poliki-poliki ari gara; etxeari eta hiru departamentuei neurria hartzea ez da erraza izan, baina ari gara markatuta geneukana betetzen.

Aurrekoek egin zutenetik zeri egin diozue uko eta zerekin egin duzue aurrera?

Alde batetik, bistan dago egun batetik bestera ezin direla gauzak aldatu. Eta gainera, lehenagotik egindako gauza guztiak ez daude ondo, baina dena ere ez da txarto egin. Dena aztertu ondoren, egiten ari garen lana datorren urtean ikusten hasiko gara.

Zenbateraino baldintzatu du krisiak Diputazioaren jarduna?

Bada, baldintzatu du, eta ez kultura arloa bakarrik, baita gestio osoa ere. Diputaziora sartu eta hilabetera jabetu ginen benetako egoera esaten zena baino larriagoa zela. Aurtengo aurrekontuak prestatzen hasi ginen berehala, eta departamentu guztietan izan du eragina. Orain arteko zerbitzu guztiei ahal izan dugun moduan eutsi diegu. Eta gastu ez horren garrantzitsuetan guraizeak sartu ditugu.

Gizarte Zerbitzuei garrantzi handia eman diezue. Eta ze garrantzi ematen diozue kulturari?

Foru Gobernu honendako kultura oso garrantzitsua da, baina Gizarte Zerbitzuetan hasieratik esan genuen ez genuela murrizketarik egingo, eta horrela bete dugu. Eta gainontzeko arloetan, beharrezkoak ez diren gastuak murriztu ditugu.

Kultura arloko hainbat proiektu dituzue esku artean, baina zuen jardunean protagonismo handiagoa izan dute, edo gai zaratatsuagoak izan dira, errepideenak edota hondakinenak.

Bai, zarata mediatikoa errepideetako bidesarien gaiak atera du, eta baita hondakinen gaiak ere. Baina kultura mailan oso proiektu garrantzitsuak atera ditugu aurrera. Urtetan kaxoian gordeta egon diren proiektuak, polemika sortu dutenak, eta aurrera doazenak. Tabakaleraz ari naiz.

Orain aukeratu dituzue zuzendaria eta gerentea.

Nik uste dut joan den astean erabaki garrantzitsuak hartu genituela Tabakaleraren etorkizunerako. Beste etapa bati ekin genion, 2016an Tabakalera errealitate izan dadin.

Ordurako zabalik egongo da?

Horiek dira aurreikuspenak. Obrak martxa onean doaz, eta zuzendaritzaren aukeraketarekin eta hiru instituzioen inplikazioarekin programa kulturala abiaraziko dugu.

Ze aurrekontu duzue Tabakalera martxan jartzeko?

Aurrekontua 56 milioi euro da; Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Donostiako Udalak hartzen dugu esku proiektuan. Aldi berean, oso garrantzitsua izan da Kutxa proiektuan inplikatu izana, eta etorkizunean ez dugu baztertzen esku-hartze pribatu gehiago izatea.

Eta kopuru horretatik Diputazioak ze kantitate jartzen du?

Instituzio bakoitzaren ekarpena %30ekoa da. Baina, diodan moduan, esku pribatuetatik dirua sartzen doan neurrian, portzentaje hori txikitzen joango da.

Zehazki, zer izango da Tabakalera?

Tabakalera Europan erreferente izango den zentro bat izango da. Gure kultura eta kanpoko kulturak batuko dituen zentroa, eta gure sortzaileendako erakustokia. Hori betetzeko, baina, hiru instituzioek orain arteko apustuarekin jarraitu behar dugu.

Ze eragin izango du Tabakalerak? Donostiara mugatuko da? Gipuzkoara? Euskal Herrira?

Nik uste dut Euskal Herri mailako eragina izango duela. Donostian egongo da, eta bistakoa da Gipuzkoan gehiago igarriko dugula Tabakaleraren presentzia. Baina gure nahia Donostiara doan edonork Tabakalera bisitatu eta askoren elkargune bilakatzea da. Ez bakarrik artista edo sortzaileena, baita herritarrena ere. 

Tabakalera martxan jarrita, Koldo Mitxelena, Arteleku… Proiektu horiek ondo bereiztuta geratzen dira?

Proiektu bakoitza bereiztuta geratuko da, baina haien arteko elkarlana bultzatu beharko da, denak uztartu. Zentro horien arteko harremana sustatu beharko da, elkarren artean osagarri izan daitezen.

Arteleku berriro ere zabalik dago. Zer eskainiko du? 

Zazpi hilabetez itxita egon da, azaroko uholdeek lehenengo solairuan kalte handiak eragin zituztelako. Eta orain arteko ispiritu berberaz jarraituko du; orain momentuan 20 artista dabiltza bertan lanean.

Kultura sailburu Blanca Urgell kritiko azaldu da Bildurekin; hainbat proiektu patrimonializatu egin nahi dituzuela esan du.

Bueno, haren adierazpenak dira. Lan egitea, hori da egin dugun gauza bakarra. Gertatzen dena da, lehen, Jaurlaritzan eta Donostiako Udalean sozialistak zeudela, eta orain, jendeak hauteskundeetan hala erabakita, egoera aldatu egin dela. Eta badirudi batzuei oraindik kosta egiten zaiela egoera berrira moldatzea. Dena dela, pena da kultura eta kulturaren mundua politizatzea; kulturari egin diezaiokegun kalterik handiena da hori.

Aurreko agintaldietan, egoera ekonomiko hobeak izan direnean, inbertsio handiak egin dira azpiegituretan. Orain?

Nik uste dut Gipuzkoan kirol eta kultura arloan azpiegitura politak daudela. Lehenagoko urteotan asko gastatu da, eta egun, esaterako, herri gehienek dute kultura etxe txukuna. Oraindik egingo dira, aipatzen ari gara Tabakaleraren proiektua eta beste. Baina gehiago zentratuko gara ditugunak ondo mantentzen.

Museo asko daude Gipuzkoan; ze asmo duzue horiei begira?

Diputazioak bost museo ditu, eta bakoitza modu ezberdinean kudeatuta dago. Horrekin batera, beste 47 museo ditugu Gipuzkoan, eta horien kudeaketa berrantolatu egin behar dela uste dugu, eta sinergiak aprobetxatu.

Baialaran bada museo bat, Bergarako Errege Mintegiko Zientzia Bilduma, baina leku fisikoa falta da bertako bilduma erakusteko. Konponbiderik?

Horretan ari gara, Bergarako jendearekin egon gara, bai ni eta baita diputatu nagusia ere. Gaur egungo egoerarekin ez da erraza, hori da egia, baina ea legealdi honetan soluzio bat aurkitzen dugun.

Zer duzue buruan? Errege Mintegiko eraikinean bertan kokatzea museoa?

Bada, ideia hori izango litzateke, baina tartean ere beste arazo batzuk daude, eta guztiei eman behar zaie soluzioa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak