Bailarako Bilduko eta Aralarreko udal ordezkariak (zinegotziak eta alkateak) batu dira gaurko agerraldian, Arrasaten. Horiekin batera, hainbat herritar ere.
Euskal Herria Bildu ez dator bat Gipuzkoako Batzar Nagusietan oposizioak (EAJ, PSE-EE eta PP, gehiengoa) hartu duen bide horrekin. Izan ere, EH Bilduren esanetan, "oposizioak, orain dela aste gutxi arte, Gipuzkoa geldirik zegoela zioen. Baina, hondakinekin dugun arazoa konpontzeko gai den plan bat mahairen gainean jarri denean, kontraesanak agerian gelditu dira eta oso urduri jarriz, inoiz inon ikusi ez den ekimen bateratu bat abiatu dute EAJk, PSE-EEk eta PPk.
EAJren jarrera "kezkagarria"
EAJren jarrera kezkagarria dela azpimarratu dute, "PSE-EE eta PPrekin batu baita, alegia, Gipuzkoan erabakitze eskubidearen inguruko gehiengo berriak osatzeko urratsak eman beharrean, herri honi hitza behin eta berriz ukatzen diotenekin batu da".
Gainera, zentsura mozioa "benetan neurriz kanpokoa" dela nabarmendu du EH BIlduk. Are gehiago, horrelako mozioak "lapurretak egin dituzten politikarientzat pentsatuak" daudela argi utzi dute.
Autobusak bailaratik
Autobusak antolatu dituztela zapatuan Donostiako manifestaziora joateko. Autobusean joateko Debagoieko herriko tabernetan eman beharko da izena. Oñatiko Arranon, Arrasateko Iratin, Bergarako Arranon, Aretxabaleko Urbeltzen, Eskoriatzako Ikernun...
TESTU OSOA
Hemen, gaurko prentsaurrekoko testu osoa:
"Egun gutxi barru, EAJk, PSE-EEk eta PPk Juan Karlos Alduntzin Gipuzkoako Ingurumen diputatuaren aurkako zentsura mozioa onartuko dute. Honen aurrean, EH Bildu koalizioa osatzen dugunok ez ginela geldirik geratuko iragarri genuen eta, gaurko agerraldi honen bitartez Debagoienatik ere bai, oposizioak blokean hartu duen bide horren aurrean gure desadostasuna agertzeaz gain, mobilizazio bat deituko dugu.
Ezer baino lehen komeni da gogoaraztea nola iritsi garen zentsura mozio honetara. Oposizioak, orain dela oso aste gutxi arte, Gipuzkoa geldirik zegoela zioen, Diputazioa ez zela Gipuzkoako arazoei konponbidea aurkitzeko gai eta abar eta abar. Baina hondakinekin dugun arazoa behingoz konpontzeko gai den plan integrala mahai gainean jarri denean, kontraesanak agerian gelditu dira eta oso urduri jarriz, inoiz inon ikusi ez den ekimen bateratu bat abiatu dute EAJk, PSE-EEk eta PPk: diputatu baten aurkako zentsura mozioa.
"Konponbidea esku artean"
Zer proposatzen du bada plan horrek, bere aurkezpenak horrelako ezinegona sortarazteko oposizioan? Hitz gutxitan laburbilduz, konponbidea dugu esku artean, eta, gainera, 200 milioi euro gutxiago kostatuko da, erdia alajaina, eta Europako ebazpenetan oinarritzen da, hau da, birziklatzean, eta ez hondakinen errausketan. Horixe da gakoa: plan hau oso egingarria eta errealista da, ez da utopikoa. EAJ, PSE-EE eta PP laster jabetu dira planaren potentzialtasunaz eta hori ezkutatzeko, zarataka eta espantuka hasi dira, benetako eztabaidari ihes egiteko.
Alternatibarik?
Errauste plantak ez zeukala alternatibarik esan eta esan ibili dira Gipuzkoan azken hilabeteetan. Baina erakutsi digute baietz, badagoela beste aukera ekologikoagoa eta eramangarriagoa, eta gaur egun Zubietan errauste planta bat eraikitzea zentzugabekeria galanta dela. Alde batetik, gipuzkoarrok ez dugulako gaur gaurkoz horrelako azpiegiturak behar dituen adina hondakinik ekoizten. Martxan hasi bezain pronto hondakinak inportatzen hasi beharko litzateke. Bizkaiko Zabalgarbi errauste planta jada egoera horretan dago, eta EH Bildu ez dago prest horretarako, inondik inora.
Europako ebazpenak
Beste aldetik, Europako ebazpenak daude. Jakina den bezala, 2020 baino lehenago birziklatu daiteken guztia birziklatu behar da, eta ezingo dira erraustu ez eta isuri. Hori denok argi badaukagu, eta, ondorioz, errefusa erretzeko errauste planta planteatzeak, zentzugabekeria baino, gipuzkoarrei iruzurra egitea da.
"Debagoienean adibidea"
Debagoienan, gainera, badaukagu oso adibide ona. Antzuolan hondakinak biltzeko atez ateko sistema jarri zuten martxan eta dagoeneko %80tik gora birziklatzen dute. Azken Udal hauteskundeetan, oraindik sistema jarri berri, saiatu ziren egoera berria erabiltzen bozka gehiago lortzeko. Ez zuten lortu, jakina. Orain sistemak gero eta hobeto funtzionatzen du, beraz, zilegiak izango ziren kontrako argudioak erabili beharrean, gezurrak eta argazki manipulatuak erabiltzen dituzte Debagoiena osoan.
"Lobby ekonomiko-mediatikoa"
Orain artekoa aztertuz, argi dago errauste plantaren eraikuntzaren atzetik beste interes ekonomiko eta politiko batzuk daudela. Lobby ekonomiko-mediatikoa eta EAJ, PSE eta PP gipuzkoarren eta debagoiendarren interesak alde batera uzten ari direla. Gaur zentsura mozioa da, baina argi dago hau ez dela ekimen isolatua. EH Bilduren aurkako estrategia komun batean kokatu behar da zentsura mozioa. EAJ, PSE-EE eta PP hirukotearen asmoak argi daude: ezkerreko soberanista eta independentistaren aurkako fronte bat osatzea eta Gipuzkoan abian den aldaketa politiko eta soziala gelditzea.
"Aldaketa polotiko eta soziala"
Haatik, Gipuzkoan eta are gehiago Debagoienan aldaketa politiko eta soziala sendotzen ari da. EH Bildu koalizio berriak politika egiteko beste era bat ekarri du, herritarrekin eta herritarrentzat. Euskal Herrian bizi dugun aro politiko berria osasuntsu dago Gipuzkoan eta Debagoienan, eta gure kaleetan bakera eta demokraziara doan bidean aurrerapausoak ematen ari gara etengabe. Baina EAJ, PP eta PSE oraindik ez dira aro berri honetara iritsi, iraganari lotuta jarraitzen dute, eta oraindik ez dira gai izan egoera politiko berri honetan kokatzeko.
"EAJren jarrera kezkagarria"
Eta honetan guztian EAJren jarrera bereziki kezkagarria da. Azkeneko udal hauteskunde kanpainan, 2011n, "batu gaitezen" leloa erabili zuen, erabakitze eskubidearen aldeko batasuna aldarrikatuz. Urtebete geroago, ordea, badakigu zein den beraien lehentasuna: iraganeko status quo mantentzea, eta horretarako PSE eta PPrekin batu da.
Gipuzkoan erabakitze eskubidearen inguruko gehiengo berriak osatzeko urratsak eman beharrean, herri honen hitza behin eta berriz ukatzen dutenekin batu da. Gaur, Alduntzinen aurkako mozioa da, baina aste honetan, ikusi ere egin ez duten euskal presoei buruzko film bat zentsuratu zuten Donostiako udalean, berriro ere PP eta PSE-EEren eskutik. EAJ edozeinekin paktatzeko gai da denak berdin jarrai dezan.
"Bidegin utzitako 900 milioiko zuloa"
Eta zentsura moziora itzuliz, benetan neurriz kanpokoa dela nabarmendu behar dugu. Horrelako mozioak, lapurretak egin dituzten politikarientzat pentsatuta daude. Eta ezin da ukatu Gipuzkoan horrelako ekimena merezi izan duten iruzurrak egon direla, baina inoiz ez da erabili. Bidegin utzitako 900 milioiko zuloa, adibidez. Baino ez EAJk, ez PPk eta ez PSE-EEk ez dute horretarako beharrik sentitu, eta lehen aldiz zentsura mozio bat bere programa betetzen duen diputatu bati ezarriko diote.
Egoera honek herritarren artetik erantzun bat merezi du. Zentsura mozioa Batzar Nagusietan uztailak 6an tratatuko da, eta datu guztien arabera, aurrera aterako da. EH Bilduk debagoiendar guztiei dei egiten die hurrengo egunean, uztailak 7 larunbata, arratsaldeko 17:30ean Donostiako Boulebard-etik Birziklatzeari zentsurarik ez; Gipuzkoa aldatzen ari gara lelopean egingo den manifestazioan parte hartzeko.
Autobusak antolatuko dira herri guztietan".