Lehen hilabeteetan gora egin zuen sarearen erabilerak baina halakoetan horren ohikoa den hasierako zirrara fasea besterik ez zen izan. Google-en proposamen sozialak bere alde pribatutasuna kudeatzeko zirkulu ezagunak zeuzkan eta atzetik bilaketen handikiaren ekosistema osoa. Google Plus-en kontua duten erabiltzaile kopuruak azkar egin zuen gora Gmaileko erabiltzaileak eramanda.
Asko baina gutxi
Otsailean heldu ziren 100 milioi erabiltzaile izatera baina erabilpen maila eta denbora ez da hazi, erabiltzaile gehiago izanda ere. Otsaileko estimazioekin jarraituz, bataz beste erabiltzaile bakoitzak hilean hiru minutuz besterik ez dihardu Google Plusen. Facebook-en, esate baterako, zazpi ordu dira hileko. Datu eta joerei begira, ematen duenez, hasiberriak produktuak probatu eta utzi egiten duela, interes faltarengatik. Facebooken partekatzen dituzte edukiak erabiltzaileek eta horrekin hautsi beharra dute Google-ekoek. Kontu horrekin gainera oso jarrera tematia izan dute Google-ekoek bilaketa orriak +1 gomendio botoiarekin josiz ala Reader RSS irakurgailuan partekatzeko aukerak desgaituta. Erabiltzaile asko haserrarazi zituen honek. Biziraupenerako gakoa baina publizitate sarreretan dago eta Google azkenaldian enpresei aukerak eskaintzen dabil, bilaketekin loturako iragarkiak aprobetxatuta. Mugikorretan eskain ditzakeen alternatibetan ere arrakasta aurki dezake Google-ek interfaze eroso eta funtzionalak eskaintzen baititu dagoeneko, Hangouts txata bera bezalakoak.