Argindarra eta gasa, garestiagoak dagoeneko

Leire Kortabarria 2012ko uzt. 2a, 13:17

Argindarra eta gasa garestiagoak dira dagoeneko. Hiruhilekoa hastearekin bat, elektraindarraren tarifa handiagoa da. Espainiako Gobernuak zati bat ordaintzen du, eta hori izoztuta gelditu da; handitu dena sektoreari dagokion zatia da, eta, ondorioz, Azken Baliabideko Tarifa (TUR, gaztelaniaz), kontsumitzaile gehienok dutena, batez beste %3,95 garestiagoa da.

Baina horiek ez dira garestitze bakarrak.

Gasa ere garestiago ordaintzen dugu: batez beste, %2,29 garestiagoa da. Urtean, batez beste, 14,89 euro gehiago ordainduko dute kontsumitzaileek.

Baina horiek ez dira garestiago ordainduko diren oinarrizko zerbitzuak edo zergak.

BEZ txikienei agur

Europako Batasunak BEZ handitu dezan presionatzen du Espainiako Gobernua, eta badirudi laster izango dela gertu handitze hori. Oraindik ez du zehaztu Raxoiren gobernuak ze produktuk izango duten orain arte baino BEZ handiagoa, baina bi txikienak (%4ko BEZ, oinarri-oinarrizko produktuek dutena, eta %8koa, eguneroko produktu eta zerbitzu askok dutena) handitu egingo dira produktu eta zerbitzu askorendako.

OCU kontsumitzaileen elkartearen arabera, BEZ tipo txikienak handituta, familia arrunt batek urtean 900 euro gehiago ordaindu beharko ditu zerga horretan.

Zeharkako zergak -kontsumoaren gaineko zergak- handitzeko politika du Espainiako Gobernuak Bruselak exijitzen dizkion baldintzak betetzeko. Tabakoak eta alkoholak zeharkako zergak dituztenez, horiek ere garestiago sal daitezke etorkizunean. Rodriguez Zapateroren gobernuak dagoeneko handitu zuen tabakoaren gaineko zerga: %16tik %18ra.

Gasolina eta erregaiak ere berriz garestituko direla dirudi, Ekonomia ministroak, Luis de Guindosek eman zituen argibideen arabera.

Horrek guztiak garraio bidez merkataritzak jasotzen dituen produktuen prezioetan garestitzeak ekar ditzake. Kontuan izan behar da, bestalde, errepideetan ordainsari gehiago izango direla leku guztietan, baita Gipuzkoan ere.

Aparte gelditzen dira udalen eta mankomunitateen esku dauden tasak, urarena eta zaborrena kasu.

Kopagoa, Nafarroan

Bestalde, ikusteko dago Eusko Jaurlaritzak botiken kopagoaren gainean zer egingo duen. Oraingoz, berau ez duela aplikatuko esan du, eta dekretua onartu du ezarketa hori galarazteko. Nafarroan dagoeneko indarrean dago kopagoa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak