"Eztabaida artifiziala" sortu nahi izatea leporatu die EAJ, PSE-EE eta PPri "Gipuzkoako hautetsien gehiengoak"

Eneko Azkarate Laspiur 2012ko ekainaren 28a

Gipuzkoako Bildu eta Aralarreko hainbat alkate, zinegotzi eta batzarkide hedabideen aurrean agertu dira gaur, hiri hondakinen gainean alderdi politikoek darabilten ika-miken inguruan euren irakurketa egiteko. "Gipuzkoako 482 hautetsiren izenean" ari direla esan dute. Hiri hondakinen arazoari irtenbide egokia emateko, "Gipuzkoako bi gehiengoak elkar ulertzera behartuta" daudela diote. Debagoieneko hainbat hautetsi bertan izan dira.

"Gipuzkoako gehiengo instituzionalak" edo "Gipuzkoako hautetsien gehiengoak", leporatu die EAJ, PSE-EE eta PPri, "hiruak elkar hartuta, eztabaida artifiziala" sortu nahi izatea Gipuzkoan, "arazoa konpetentzia eta gehiengoen kontua izango balitz bezala".

Hauxe da gaur adierazi dutena:

"Zero zabor herriak"

"Lehenik eta behin, gogorarazi nahi dugu Gipuzkoako instituzio gehienok apustu argia egin dugula gure herriak zero zabor herriak bihurtzeko, hondakinen eremuan ditugun eskuduntzak baliatuta. Izan ere, batzuek ahaztu nahi badute ere, udalok, eta ondorioz mankomunitateok, herritarrok sortzen dituzten hondakinak biltzeko ardura eta eskumena daukagu, gure instituzioetan egoki ikusten dugun norabidean. Hala, Gipuzkoako herrietan zero zabor politikan oinarritutako hondakinen kudeaketa ezartzen hasi gara, hots, hondakina zaborra gisa ulertu beharrean, baliabide gisa ulertzen duen ikuspegia, horixe baita Europak ezartzeko eskatzen digun ikuspegia. Zergatik? Hondakinen kudeaketan beste eredu bat posible ez ezik, derrigorrezkoa ere bada: egungo eredua agortuta dago eta ingurumenaren eta ekonomiaren ikuspegitik sostengaezina da".

"%80ko birziklatzea lortzea posible da"

"Hala, erakundeen kudeaketak eskatzen dituen erantzukizunei aurre eginez, gure betebeharra da gure seme-alabei honelako hipotekarik ez uztea, eta ingurumena eta herritarren osasuna errespetatuz, egungo %30eko birziklatze maila gainditu eta helburu anbiziosoak zehaztea, hainbat herritan ikusten ari garen bezala, posible baita %80ko birziklatzea lortzea, eta horretara goaz, herritar guztion ahaleginaren eta parte-hartzearen bidez".

Egungo hiru "zabortegiak ixtea txalotzen dugu"

"Zentzu horretan, txalotzekoa da Diputazioak, zero zabor norabidean, egungo hiru zabortegiak ixteko eta errauste planta ez eraikitzeko hartutako erabakia. Horixe da, hain zuzen, gipuzkoarren gehiengoaren nahia, eta erabaki horrek bat egiten du gipuzkoarren nahiarekin. Erantzun positiboa ematen dio gipuzkoarren nahiari".

"Errausketak ez du arazoa konpontzen"

"Errausketak ez du arazoa konpontzen; larriagotu egiten du. Birziklatzea geldiarazi ez ezik, eragin txarra du ingurumenean eta herritarren osasunean. Errauste planta batek sortzen dituen errautsak oso toxikoak dira, oso kaltegarriak, eta, gainera, zabortegi berezietan gorde behar dira. Beraz, batzuk esaten dutenaren aurka, errauste plantak ez du zabortegien arazoa konpontzen, eta, gainera, zabortegi horiek oso-oso arriskutsuak dira".

"Ikuspegi ekonomikotik bideraezina"

Eta, gainera, ikuspegi ekonomiko batetik begiratuta ere, bideraezina da. Udalak oso larri daude gaur egun, eta, ondorioz, ez gaude prest gure herriak urte luzetarako hipotekatuko dituen azpiegitura kutsakor batera dirua bideratzera, are gehiago, ikusi dugun bezala, posible denean diru gutxiagorekin eta dirua xahutu gabe hondakinak kudeatzea. Beraz, gaurkoan berriro gogorarazi nahi diegu hiru alderdi horiei, baina baita ere Gipuzkoako Diputazioari eta Batzar Nagusiei, edozein dela ere hartzen duten erabakia eta edozein dela ere hondakinen kudeaketarako erabakitzen duten planifikazioa, udalok ez dugula euro bakar bat ere bideratuko errauste planta eraikitzera, eta ez dugula inolako inposaketarik onartuko".

"Errausketa iragana da"

"Errausketa iragana da jada Europan, eta egun errauste planta duten herrialdeek hondakinak beste tokietatik eraman beste aukerarik ez dute, inbertsioari buelta eman eta errauste planta bideragarri egiteko. Bizkaian Zabalgarbiren bigarren lerroa ez zabaltzea erabaki zuten aurrena, eta orain ez dute baztertzen hondakinak beste tokietatik Zabalgarbira eramatea, inbertsioak porrot egin ez dezan. Horrek zer pentsatua eman beharko liguke guztioi. Zabalgarbiren bideragarritasuna zalantzan jartzen hasi dira batzuk. Gipuzkoaren kasuan, ez da bideragarria, jaio aurretik hilda dago: batetik, gure herrietan ez dugulako apenas errefusarik sortuko, eta kopuru hori ez da aski izango errauste planta bideragarri egiteko, ez handi ez txiki, eta, bestetik, ez duelako finantziazioa bermatuta, ez udalen bizkar behintzat".

"Bi gehiengoak elkar ulertzera behartuta"

Ondorioz, Gipuzkoako bi gehiengoak elkar ulertzera behartuta gaude. Ez daukagu beste aukerarik, eta gu elkar ulertzeko prestutasun osoa daukagu. Horrela egin ezean, galtzaile guztiok izango gara. Horixe da Gipuzkoako udalon sentimendua eta konpromisoa. Horregatik, Diputazioari dei egin nahi diogu aurkeztu berri duen asmoetan atzera ez egiteko, eta horretarako Martin Garitano ahaldun nagusiari eta Juan Karlos Alduntzin Ingurumen diputatuari gurekin biltzeko deia egin nahi diegu. Halaber, Batzar Nagusiei eskatu nahi diegu gaur hemen azalarazi dugun gehiengoa kontuan hartzeko, eta elkar ulertzeko urratsak emateko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak