Gipuzkoarrek autobideetan hilero 25 euro baino gehiago ordain ez dezaten proposamena egingo du Aldundiak

Goiatz Arana Begiristain 2012ko eka. 28a, 18:33

"Gaur egun jasaten ari garen krisi ekonomiko larria kontuan hartuta, ez da zilegi herritar batzuek bidesarietan dirutza uztea. Urte luze hauetako egoera odoluste ekonomiko ikaragarria izan da hainbat familiarentzat eta hori gainditu egin behar da. Horregatik, Aldundiak AP-8 eta AP-1 autobideen inguruko Foru Arau proiektu bat eramango du Batzar Nagusietara. Gehienezko gastu muga ezartzea egongo da horren oinarrian, autobideen gatibu diren gipuzkoarrek dirutza utzi ez dezaten autobideetan, eta gipuzkoarren arteko orekaren bidean urrats bat emateko", adierazi dute Aldunditik.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko eta Bide Azpiegituretako Departamentuak iritsi bezain laster planteatu zuen errepideen finantziazioaren gaia mahai gainean jarri behar zela eta horri buruzko eztabaida politikoa egin behar zela, hori egiteko bi arrazoi nagusi zeudela argudiatuta:

  1. Gaur egun errepideen finantziazio sistema "erabat bidegabea" dela, gipuzkoar guztiek aurrekontu bidez errepideak ordaintzeaz gain, gipuzkoar batzuek "izugarrizko dirutza" utzi behar izaten dutelako AP-8 eta AP-1 autobideetan; kasu gehienetan, gainera, lanera iristeko.
  2. Aldundian bertan baita Bidegi erakunde publikoan ere "arazoak" zeudelako "beharrezko mantentze-lanak egiteko, errepideak berritzeko, zorrari aurre egiteko eta abarrerako…"

Horregatik, Batzar Nagusietan ponentzia eratu zen, "alderdi guztien artean mugikortasunari eta errepideen finantziazioari buruzko irizpideez eztabaidatzeko eta adostasuna lortzeko". Baina "hilabetetako lanaren ondoren, irizpide politikoak zehazteko ordua iritsi denean, EAJk eta PSE-EEk ponentzia saboteatzea erabaki dute", Aldundiko ordezkarien esanetan: "Horretarako hainbat saio egin dituzte, azkena atzo arratsaldean bertan. Ponentzia bertan behera uzteko saioa egin zuten, baina berriro ere ez zuten lortu eta agerian geratu zen haien joko zikina. Ponentzia berriro elkartuko da irailean, baina EAJren eta PSE-EEren aldetik eztabaidatzeko inolako asmorik ikusten ez dugunez, Aldundiak bere bidean jarraituko du, eta proposamenak egiten segituko du, ezeren zain egon gabe".

Gehienezko gastu muga ezartzeko proposamena

"Arlo horretan aurrera egin eta Aldundiaren proposamen politiko eta tekniko osoaren eztabaidari ateak ireki bitartean", proposamen zehatz egin du Mugikortasuneko eta Bide Azpiegituretako Departamenduak: "Gipuzkoako Foru Aldundiaren ustez, errepideen finantziazioaren arloan gipuzkoarren arteko desoreka eta batzuek jasaten duten bidegabekeria leuntzea lehentasunezkoa da. Izan ere, gaur egun jasaten ari garen krisi ekonomiko larria kontuan hartuta, ez da zilegi herritar batzuek bidesarietan dirutza uztea. Urte luze hauetako egoera odoluste ekonomiko ikaragarri izan da hainbat familiarentzat eta hori gainditu egin behar da. Horregatik, zer gertatu zain egon gabe, Aldundiak AP-8 eta AP-1 autobideen inguruko Foru Arau proiektu bat eramango du Batzar Nagusietara".

Gehienezko gastu muga ezartzea izango da Foru Arau proiektuaren oinarria: "Gipuzkoar bakar batek ere ez ordaintzea 25 euro baino gehiago hilean herrialdeko autobideetan. Alegia, gehienezko gastu muga ezarriko dugu. Honekin lortuko dugu ordainpeko errepideen gatibu diren gipuzkoarrek ez uztea dirutza autobidetan, eta gipuzkoarren arteko orekaren bidean urrats bat egitea".

Aldundiak zehaztu du baita ere, deskontu eta muga horiek izateko ezinbestekoa izango dela deskontudun Via-T gailua izatea eta dei egin diete herritarrei gailua eskuratu dezaten.

"Eragina herritarrengan eta Bidegirengan"

"Erabaki honek eragin nabarmena izango du egunero AP-8a eta AP-1a erabiltzea beste aukerarik ez duten Gipuzkoako herritarrengan, autobideetan dirutzak uztearekin bukatuko du", gehitu dute. Emandako datuen arabera, "gaur egungo egoeran, neurriak Gipuzkoako 15.000 familiengan izango du eragina, eta hainbat kasutan 700 euro baino gehiagoko aurrezkia suposatuko du proposamen berriak".

Herritarrengan ez ezik Bidegirengan "izango duen" ondorio ekonomikoen berri ere eman du Aldundiak: "Gutxi gorabehera 1,2 milioi euro gutxiago jasotzea ekarriko dio Bidegiri. Hala ere, gure ustez, derrigor autobidea erabili behar duten gipuzkoarren kontura ezin zaio aurre egin egoerari eta erabakia hartu egin behar da. Gainera, kontuan izan behar dugu Aldundiak jada proposatu zuela neurri bat beste honi aurre egiteko, hain zuzen, udako tarifen igoera; harekin 2 milioi euro jasoko lituzke Bidegik, eta hori batez ere pasoko ibilgailuen ekarpenarekin".

Aldundiak bukatu du esanez espero duela gainerako alderdiek proposamena onartzea eta, ondoren, planteamendu osoaz eztabaidatu ahal izatea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak