Ezker abertzalea: "PSE-EE, EAJ eta PP errauskailua eraiki nahi duten eraikuntza enpresen interesen alde daude"

Eneko Azkarate Laspiur 2012ko ekainaren 20a

Gipuzkoako Ezker abertzaleak salatu du PSE-EEk, EAJk eta PPk "errauskailua eraiki nahi duten eraikuntza enpresen interesak lehenesten dituztela Gipuzkoako jendartearen interesen gainetik". Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioan (GHK) PSE-EEk duen ordezkaritza bertan behera uzten duela-eta horren gaineko balorazioa ere egin du Gipuzkoako Ezker abertzaleak ohar bidez.

PSE-EEk gaur iragarri du Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioan (GHK) duen ordezkaritza bertan behera uzten duela. GHK hondakinekin zerikusia duten azpiegituren kudeaketan eskumena duen antolakundea da.

Erabaji horren aurrean, Ezker abertzaleak honakoa adierazi du erredakziora bidalitako oharraren bidez:

"Lehenik eta behin, Gipuzkoako jendarteari PSE-EEk erabaki hau hartzeko erabili duen argudioaren zentzugabetasunaz ohartarazi nahi diogu. PSE-EEk dio, lotsarik gabe, GHK utzi duela argudio ekonomikoengatik. 

Kostu-benefizio azterketa xume bat egitea nahikoa da konturatzeko argudio horrek ez daukala ez hankarik ez bururik: zer da garestiagoa, 500 miloi euro kostatzen duen errauskailu bat egitea, edo errauskailua ez egitea eta eraikuntzan inplikatuta dauden enpresekin kontratua birnegoziatzea, hondakinak kudeatzeko herrialdean eraiki beharko diren beste azpiegiturak kontuan hartuz?

Zoritxarrez, gero eta garbiago dago PSE-EEk, eta bere bazkideak diren EAJk eta PPk, errauskailua eraiki nahi duten eraikuntza enpresen interesak lehenesten dituztela Gipuzkoako jendartearen interesen gainetik.

Gipuzkoako hondakinak kudeatzeko aurkeztu den estrategia berriak aurrekoaren erdiko kostua du eta horrelakorik ezin dute onartu ez PSE-EEk, PPk ezta EAJk ere.

PSE-EEk gaur hartu duen erabaki hau, Ingurumen Diputatuaren aurkako zentsura mozioaren iragarpenaren atzetik dator, eta hau dena PPk, PSE-EEk eta EAJk demokratikoki hautatua izan den Gipuzkoako Gobernuaren aurka daramaten estrategia adostu baten barruan kokatu behar da.

Estrategia komun hau azkartu egin da Diputazioak hondakinak kudeatzeko estrategia berria aurkeztu zuenetik, non errauskailua ez den beharrezkoa argi eta garbi geratu den.

Estrategia honek Denis Itxasok eta enparauek defenditzen duten porlanaren eta errauskailuaren grisaren aurrean kolorez margotu nahi du Gipuzkoa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak