Batzar Nagusietan gehiago dira aurreko agintaldiko hiri hondakinen plana (Zubietako errauste planta barne) defendatzen dutenak (EAJ, PSE-EE eta PP, 28 batzarkide), atez atekoaren edo errauste plantaren aurka daudenak baino (Bildu, Aralar, 23 batzarkide).
Juan Karlos Alduntzinen kontrako zentsura mozioaren sarrera erregistroa bihar egingo dute Batzar Nagusietan, EAJk, PSE-EEk eta PPk eta "argazkilari eta telebista kameren aurrean" agertuko dira.
Hiru alderdiek diote Bilduren gobernuak aldatu egin duela indarrean dagoen hiri hondakinen gaineko foru araua eta hori ez dela legezkoa. Izan ere, diote, aldaketa hori egitea Batzar Nagusiei dagokiela, ez foru gobernuari. Horregatik, eskatzen diote Bilduri, gaia Batzar Nagusietara eroan dezatela han eztabaidatu eta, hala badagokio, aldatzeko ed berresteko.
Bilduk eta Juan Karlos Alduntzinek diote ez dutela foru araua aldatu, "errealitate berrira egokitu" baizik. Izan ere, diote, gaur egun aurreko agintaldian baino gehiago birziklatzen da eta "hiri hondakinen kopurua murriztu" egin da. Ondorioz, dio Bilduk, errauste planta, esate baterako, ez da beharrezkoa eta birzikla ezin daitezkeen hiri hondakinendako beste alternatiba batzuk planteatzen ditu.
Kontrakoak gehiago
Baina Batzar Nagusietan gehiago dira Bilduren planen aurka daudenak. Horregatik aurkeztuko dute zentsura mozioa Bilduren aurka EAJk, PSE-EEk eta PPk.
Uztailaren 6an eztabaidatuko da Batzar nagusietan, Ez ohiko osokoan, eta EAJ, PSE-EE eta PPren 28 botoekin (erabateko gehiengoa) aurrera aterako da Alduntzin kargutik kentzea eskatuko duen ekimena. Martin Garitano Ahaldun nagusia Batzar Nagusien mandatua bete beharrean aurkituko da.
Martin Garitanok, halere, babestu egin du Ingurumen diputatua, hiri hondakinen "arazoari irtenbidea zela eman aurkitu" duelako. Eta hark zuzentzen duen foru "gobernuaren kontrako ekimena" dela esan du zentsura mozioa.
"Hauteskunde kalkuluak"
Bestalde, Pello Urizar EAko idazkari nagusiak Gasteizeko legebiltzarrekin eta begi bistan ditugun hauteskundeekin lotu du ekimena. Urkulluren "hauteskunde kalkuluekin" lotu du Urizarrek Alduntzinen aurkako mozioa. Izan ere, dio, PPrekin edo PSE-EErekin "akordiotara heldu" nahiko lukete jeltzaleek Legebiltzarreko hauteskundeen ostean Eusko Jaurlaritzara heltzeko eta, egoera horretarako prestatzen hasi da.
Hain justu ere, kalkulu elektoralei begira egotea leporatu izan diote sarri PSE-EEk eta PPk Gipuzkoako EAJri, Bilduri foru gobernua osatzea baimentzearren eta, besteak beste, aurtengo aurrekontuak onartzen laguntzearren Bilduri.