Martin Garitano diputatu nagusiak Juan Karlos Alduntzin Ingurumen diputatuaren lana defendatu du

Eneko Azkarate Laspiur 2012ko ekainaren 15a

"Hondakinen kudeaketak ezinegona sortu zuen aurreko agintaldietan. Bilduk, hauteskundeetara aurkeztean, hondakinen kudeaketari konponbide integrala emateko erronka bere egin zuen. Gauzak beste modu batean egin daitezkeen ilusioa pizteagatik arrakasta izan zuen. Aire berriaren beharrak ekarri gintuen gu hona". Horixe Martin Garitano ahaldun nagusiak esandakoa, atzo, EAJk iragarritako Alduntzinen kontrako zentsura-mozioaren aurrean.

Hauxe da irakurritako testua:

"Aldundi berria osatu bezain laster, PSEk, EAJk eta PPk Bilduren aurkako aliantza osatu zuten, eta gizartea eraikitzeko bi ikuspegi, bi proiektu, daudela agerian gelditu da. Hasieran, Bilduren aurkako aliantzak programarik ez izatea leporatu zion Aldundiari, batez ere hondakinen kudeaketari dagokionean. Pixkanaka, mezu apokaliptikoak eta gezurrak erruz zabaldu dira: Bilduren gaitasun ezaren ondorioz, hondakinetan itoko ginela; Gipuzkoako Foru Aldundia inprobisatzen ari dela; Bizkaiko hitzarmena eteteak arazoa areagotuko zuela eta abar.

Zirku mediatiko

Bilduren kontrako aliantzak, hondakinak kudeatzeko estrategia norekin lantzen ari ginen jakin aurretik, esperientziarik gabeko jendearen esku utzi genuela zabaldu zuen. Bilduren kontrako aliantzak, hondakinak kudeatzeko estrategia irakurri aurretik, Alduntzinen burua eskatzeari ekin zion. Eztabaidari heldu gabe, ez dio edukiari erreparatu. Hondakinen auzia zirku mediatiko bihurtu du. Inposizioa leporatu digu.

Baina Gipuzkoako Foru Aldundiak, hondakinen kudeaketari dagokionean, gauzak ondo egiteko konpromisoari eutsi dio.

Geure egiten ditugu adierazpenok. Markel Olanok bota zituen 2007ko uztailaren 8an, diputatu nagusi kargua hartu ondoren, prentsari eskaini zion lehenengo elkarrizketan.

52 udal zero zabor politiketan

Gauzak zer diren! 52 Udalek zero zabor politikei serio heldu nahi diote. Udalek dute hondakinak kudeatzeko eskumena, eta gehienek ez dutela errauste planta finantzatuko esan dute. Estrategiak hori guztia hartu du kontuan, eta birziklatze aurreikuspenak errealitatera egokitu ditu, lehen datuak puztuta baitzeuden.

Bilduren aurkako aliantzak sinetsi egin du hark asmatutako gezurra: hondakinen kudeaketari irtenbidea emateko gaitasunik ez dugula. Min eman die guk hondakinen kudeaketari irtenbidea modurik arrazoizkoenean aurkitzea.

Hondakinen prebentzioa

Urtebetean, hondakinen kudeaketari konponbidea eman ez ezik, hondakinen prebentzioan buru-belarri murgildu da Aldundia. Besteak beste, konpostajea egiteko baliabide ekonomikoak areagotu egin ditu. Elikagaien Bankuarekin hitzarmenak sendotu. Europako eta munduko prebentzio politikak sakon aztertu. Geure egoera nazioarteko adituekin konpartitu. Hezkuntza, sindikatu, ostalaritza, eta bestelako eragileekin lankidetza bultzatu.

"Ez dugu erraustuko ez erreko konposta ezin daitekeen ezer"

Horrez gain, Bizkaiko Zabalgarbi bertatik bertara ezagutu dugu, eta badakigu hango eskoriak eta errauts toxikoak Bizkaiko zabortegietan uzten dituztela. Martxan jarri dugu aholku batzordea. Europako legedia hartzen ari den norabidea gertutik jarraitu dugu. Maiz enpresariekin elkartu gara, hondakinen paradigma berriak eskaintzen dizkien aukerak entzuten. Gaur bertan Merkataritza Ganberarekin lankidetza hitzarmena sinatu dugu. Hiri hondakinak kudeatzeko plangintza integralaren aurrerapen dokumentua egokitu egin dugu gaurko errealitatera, Europan eskarmentu handiko teknikari talde baten bidez. Konponbiderik arrazoizkoena aurkitu dugu aurreikusitako diruaren erdia gastatuz. Gipuzkoako hiru zabortegiak 2014ko abenduan itxi egingo ditugu. Ez dugu erraustuko ez erreko konposta ezin daitekeen ezer. Errefusa guzti-guztia tratatu egingo dugu, hondatutako paisaiak berreskuratzeko. Herrietan izan gara plangintzaren berri ematen.

Zentsura-mozioa Aldundiaren aurkako aitzakia

Hondakinen kudeaketa eta Juan Carlos Alduntzinen aurkako zentsura mozioa Foru Gobernu honen kontra jotzeko aitzakia besterik ez da. Bilduren aurkako aliantzak eztabaida politikoaren erdigunean jarri du hondakinen gaia eta Alduntzin bera, kanpaina egiteko. Politika egiteko eta kudeatzeko modu berri bat erakusten ari da Bildu, eta aliantza horrek ez du hori onartu nahi.

Iazko maiatzeko emaitzek agerian utzi zuten bazterketa politikoaren ezintasuna, porrota. Sustatu eta bultzatu egin zutenek edota etekina atera ziotenek, orain, bazterketa instituzionalaz mehatxu egin dute, baina jai dute. Zertarako ari dira horretan? Horrek guztiak zerbaiterako balio al du?

"Ulertezina"

Foru Gobernu honek ez du gertatutakoa ulertzen. Oposizioak iragarritako neurriak denon kalterako dira, inork ez du ezer irabaziko. Kudeaketa arloan eraginkorrak izateagatik, gobernatzeagatik, iragarritako mehatxuen tamainak eta arrazoien tamaina ez datoz bat. Beste zerbait egon beharko du atzean.

Hala ere, Gobernu honek eskua luzatu nahi die oposizioko alderdiei, hondakinen kudeaketari buruzko eztabaidari heltzeko. Ekainaren 30era arteko epea adostu genuen EAJrekin, eta epea oraindik ez da agortu. Gipuzkoako Foru Aldundiak ezberdinen arteko adostasunak bilatu nahi ditu. Eskumen ezberdinak dituzten erakundeen artean adostasuna oraindik posiblea dela uste du.

Bien bitartean, Ingurumeneko eta Lurralde Antolaketako foru diputatuak egindako lanari eusten dio Aldundiak".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak