"Inposizioaren aurkako" zentsura-mozioa aurkeztuko du EAJk Alduntzin diputatuari zuzendua

Eneko Azkarate Laspiur 2012ko ekainaren 15a

"Bilduk iruzur egin digu; beste demokrazia-oinarria zutela uste genuen, errespetatu beharreko gehiengoak daudela onartzeko". Hala adierazi du Joseba Egibar GBBko buruak.

"Inposizioaren aurkako" zentsura-mozioa iragarri du EAJk, Ingurumeneko foru diputatu Juan Karlos Alduntzini zuzendua. Gipuzko Buru Batzarreko presidente Joseba Egibarrek, GBBren bozeramaile Maria Eugenia Arrizabalagak, EAJ batzarkide taldearen bozeramaile Markel Olanok eta Xabier Ezeizabarrena batzarkideak egi dute iragarpena komunikabideen aurrean.

Bilduk "Iruzurra"

"Bilduk iruzur egin digu; beste demokrazia-oinarria zutela uste genuen, errespetatu beharreko gehiengoak daudela onartzeko". Hala adierazi du Joseba Egibar GBBko buruak.

Bestalde, Markel Olanok konfirmatu du, "posible dela foru diputatu bati zuzendutako zentsura-mozioa aurkeztea; izan ere, 2005eko Erakunde Antolaketako Foru Arauaren 59. artikuluan ezarrita dago".

Joseba Egibarrek gogoratu duenez, "2012ko aurrekontua onartzeko EAJ eta Bilduren arteko akordioan hondakinen gaineko oreka puntua ezarri genuen eta, ondorioz, plangintzari buruzko proposamenak aurkezteko eta Foru Aldundiak Batzar Nagusietara foru araua aldatzeko bideratzea adostu genuen".

Batzar Nagusiei "hitza kendu"

Hala ere, Egibarrek azaldu duenez, "hori ez da gertatu; izan ere, Bilduk iruzurra egin du eta Batzar Nagusiei ez die hitza eman, gutxiengoan dagoelako".

Hori dela-eta, Egibarrek iragarri du PSE-EE eta PP alderdiekin elkarrizketa-prozesua martxan jartzea, Juan Karlos Alduntzin Ingurumeneko foru diputatuaren aurkako zentsura-mozioa aurkezteko. "Inposizioaren aurkako mozioa da; hain zuzen, Bilduren jarduera guztietan dagoen inposizioaren aurka".

"Bilduk ez du hitza bete"

Honenbestez, GBBren presidentearen iritziz, "Bilduk ez du hitza bete. Horrek ez du esan nahi EAJri arrazoia eman behar dionik, baizik eta Gipuzkoako Batzar Nagusiek erabakitakoa errespetatu behar duela, baina ez du hori egin eta ez du egiteko asmorik".

Joseba Egibarrek azpimarratu du Bilduk baduela "eraikitzeko gehiengoa"; "ez, ordea, dena atzera botatzeko, nahiz eta hori den egin nahi dutena. Horregatik guztiagatik, plangintzaren aurkako zentsura-mozioa aurkeztu dugu, iruzurra delako. Hondakinen arazoa konpondu ez ezik, okerrera ere egin du".

Bestalde, Egibarrek aurreratu du ekimen honekin batera "beste hainbat" jarriko dituztela martxan, "gaiari irtenbidea emateko eta egungo plangintza burutzeko".

Gariatanoren aurka?

Martin Garitano diputatu nagusiari zentsura-mozioa egiteko aukerari buruz galdetu diote Joseba Egibarri. Hauxe erantzun du: "Garitanok nahiz Bilduk biktimarena egin dute legealdi hasieratik. Baina herritarrei benetan gertatzen dena kontatzeko garaia da. Espero dezagun Bilduk zentzutasuna berreskuratzea eta Batzar Nagusietan ordezkatutako herritarren gehiengoa errespetatzen hastea".

Azkenik, Egibarrek Bilduren jarrera izan du hizpide: "Honekin guztiarekin Bilduk lortu duen gauza bakarra da porrot izugarri bat estaltzea. Hots, herritarrek atez ateko bilketa sistemaren aurkako iritzia eman dute sinadura bilketaren bidez, nahiz eta kontsultarik egin nahi izan ez duten. Horregatik, orain hondakinak jasotzeko beste aukerei buruz hitz egiten dute".

Hortaz, GBBren presidenteak azpimarratu du "Bilduk kontsultetatik oso urrun" dagoela. Eta ohartarazi die Bildukoei, "baldin eta jarrera horrekin jarraitzen badute, legealdia oso luzea" egingo zaiela.

Pertsonari egokitutako mozioa

Bestalde, EAJ batzarkide taldearen bozeramaile Markel Olanoren ustez, "emandako urrats honen pizgarria Bilduk Batzar Nagusiei iruzurra egin izana da; hau da, demokrazia eta legalitatea zalantzan jarri dituzte".

Era berean, Olanok 1998ko Euskal Ingurumen Legeari buruz hitz egin du: "Lege horrek foru erakundeei ematen die hondakinen kudeaketaren plangintzarako eskumena. Bilduren aginteko Foru Aldundiak Batzar Nagusietan gehiengoa ez duenez, eskumena kendu nahi izan die, bere planarekin aurrera jarraitzeko; alegia, errauste-planta bertan behera uzteko plangintza". 

Uztailaren 4a baino lehen

Markel Olanok azaldu du osoko bilkura uztailaren 4a baino lehen egin daitekeela. Egun horretan amaitzen da bilkuraldia. Hala ez bada, gogoratu du Batzar Nagusietako araudiak tresna bat ematen diela, uztailaren lehenengo hamabostaldian "bilkura egin eta mozioa eztabaidatzeko eta onartzeko".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak