Euskal hedabideen geroaz jardun dute Tokikom jardunaldian

Monika Belastegi Aranzabal 2012ko eka. 15a, 10:27

Euskal hiztun komunitatearen komunikazio beharrak aztertu dituzte gaur, ekainak 15, Arrasateko Garaia Berrikunta Gunean, Tokikom jardunaldian. Tokikomek eta Topaguneak antolatu dute eta gogoeta teoriko-praktikoa egin dute, Euskal Herriko zein kanpoko adituen eskutik galdera orokor honi erantzuteko: 'Zer esparru komunikatibo behar du XXI. mendeko euskal hiztun komunitateak?'. 

Ehun lagunek hartu dute parte. Jardunaldia zuzenean jarraitu ahal izan da atari honetan bertan eta #tokikom hitz gakoa erabilita Twitterren.

Galdera horri erantzuteko oinarrizko gakoak aurkitzen saiatu dira eta, uztailean zehar, jardunaldietan azaltzen diren kezka puntu nagusiak landuko dituzte, tailer monografikoetan.

Aldaketa handiak

Azken hamarkadan aldaketa erraldoiak gertatzen ari dira hedabideen alorrean. Inteneten hedapenak goitik behera aldatu ditu informazioa kontsumitzeko ohiturak, eta horrek eskaintza egokitzeko beharra ekarri du. Bestetik, krisi ekonomikoak ere publizitate inbertsioaren beherakada nabarmena ekarri du, orain arteko diru iturririk nagusiena kolokan jarriz.

Testuinguru horretan, euskal hedabideak elkarlaneko dinamika batean murgildu dira berriki, etorkizuneko erronkei aurre egiteko baliabide eta estrategiak elkarrekin garatzeko. Hala, zailtasunak zailtasun, une zirraragarri eta itxaropentsuak bizi dituzte egun sektorean.

Aldaketari sendo aurre egiten

Tokiko hedabideak ere sendo ari dira aldaketari aurre egiten: Tokikom sortu zuten 2009an, marka bateratu gisa; 2012an, marka hori edukiz hornitu eta azpisektorearen ordezkari bilakatzen ari den Tokikom enpresa sortzea erabaki dute, tokiko hedabideen esparru komunak eta integrazio bideak kudeatzeko. Horrekin guztiarekin, Tokikomen jardueraren estrategia nagusiak finkatzeko unea heldu dela uste dute, eta hori da, hain zuzen, jardunaldiotan elkarlanean landuko dena.

Jardunaldi teoriko-praktikoa

Goizeko zatia teorian zentratu da batik bat: hasteko eta behin, Huheziko Sorguneak ikertegiko Nekane Goikoetxeak hedabideen funtzio soziolinguistikoen inguruan jardun du. Hizkuntzaren plano orokorretik, hedabideen mundura hurbildu dira jarraian, Huheziko Aitor Zuberogoitia eta Eneko Bidegain doktoreen eskutik. 800.000 euskal hiztunak hedabideen bidez ikusgarri bihurtzeko erronkaz aritu dira, eta tokiko hedabideen sare trinkoa testuinguru eta informazioa kontsumitzeko ohitura berrietara egokitzeko premiaz.

Atsedenaren ondoren, teknologiaren ikuspegitik heldu diote gaiari CodeSyntax-eko Gari Araolazak eta Luistxo Fernandezek. IKTen garapenak erronka handiak suposatzen ditu hedabideentzat, eta CodeSyntaxekoak erronka horiek, eta aukerak ere, identifikatzen saiatu dira.

Ondoren, atal praktikoa hasi da, han-hemengo esperientziak erakutsiz. Hasteko, Belgikatik etorriko den Bart Bijnens-ek Het Belang von Limburg egunkari lokalaren berri eman du. Bere eskualdean liderra den tokiko egunkariak 100.000 ale saltzen ditu egunero, ia hiru laurden harpidetza bidez. Duela hilabete batzuk, egitasmo hiperlokalari ekin diote, irakurleak ere egunkariaren parte bihurtuz.

Jarraipena GOIENA.NET-en

Euskal hedabideen gaineko saioa streaming bidez eman du zuzenean  GOIENA.NET-ek. Horrez gain, tokia egin diogu jardunaldiak eragiten duen elkarrizketa sozialari: twitter bidez egindako ekarpenak, emandako iritziak... jasoz. #tokikom hashtag-a erabili da horretarako. Argazkiak, hitzaldien laburpenak, bideoak, kronikak... informazio osatua duzue eskura.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak