Maribi Ugarteburu: "Burujabetzaren aldeko lau indar batzeak daukan potentzialtasuna islatzen du EH Bilduk"

Eneko Azkarate Laspiur 2012ko eka. 18a, 02:00

Ezker abertzaleko aurpegi ezagunenetakoa, azkenaldian. Kazetaria, emakumea, bizkaitarra (Amoroto, 1969). Sorturen, EPPKren, Euskal Herria Bilduren, hauteskundeen eta beste hainbat konturen inguruan dihardu.

Euskal Herria Bildu izango da ezker abertzalearen, EAren, Alternatibaren eta Aralarren marka hauteskundeei begira…

Bilduren garapen bat da. Haren zentzuari heldu eta ezkerreko eta burujabetzaren aldeko lau indar batzeak daukan potentzialtasuna islatzen du. Epe luzeko bokazioarekin sortzen den marka. 

Zergatik Euskal Herria Bildu eta ez Amaiur?

Egokiagoa ikusi dugu. Izan ere, zelanbait esatearren, Amaiur izango litzateke gure marka atzerrian.

Burujabetza ekonomikoa eta politikoa aldarrikatu nahi duzue Eusko Legebiltzarrean…

Biak ere lotuta daude, gainera. Euskal Herrian erronka nagusi bi dauzkagu: batetik, konponbide demokratikoa lortzea, baina gatazka sortu duen arazo nagusia gure nazio izaera aitortzea dela kontuan izanda. Arazoa konpontzeko gakoa da gure etorkizuna erabakitzeko ahalmena izatea. Bestalde, gure egoera ekonomiko eta soziala iraultzeko modua ere hori da. Burujabetza ezinbesteko tresna da eraldaketa sozial eta ekonomikorako.

Diozue lehen indarra izateko eta lehendakaritzara heltzeko bokazioarekin jaio dela koalizio berria.

Dudarik barik, baina hori ez da helburua. Gasteizko Legebiltzarra beste tresna bat da, udalak edo foru aldundiak diren moduan, kale mailako eta herri mugimenduko lanak bezala, burujabetza eta eraldaketa sozial eta ekonomikoa lortzeko, konponbide demokratikoa lortzeko. Nahiz eta hiru herrialdetara mugatu, nazio osoko perspektibaz lan egiteko tresna eraginkorra dela uste dugu. Beraz, gobernatzera heldu nahi dugu, gure herriaren askapen prozesuari begira. 

Lehendakarigaiaren inguruan, emakumezkoa eta bizkaitarra izango dela zabaldu da, eta baita izen bat ere: Yolanda Jubeto, Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea…

Hedabideok horretarako zaletasun handia duzue, jakingura hori. Baina guk ez dugu hori elikatu. Yolandak berak ere badaki hura ez dela izango lehendakarigaia… Hori bai, esan dezaket gainerako alderdietako lehendakarigaien antzik ez duela izango gureak. Batez ere politika planteatzeko edo ulertzeko moduetan. Politikari bere benetako zentzua eman nahi diogu, eta, guretako, da herritarren bizimodua antolatzeko tresna. 

Hauteskundeak aurten izango direla ematen du. Zuek ere kalkulu hori darabilzue?

Guk eskatzen dugu lehenbailehen egitea hauteskundeak, batez ere Legebiltzarrak errealitate soziologikoa islatu behar duelako eta gaur egungoa bazterkeria ideologikoan oinarrituta dagoelako. Legealdia zenbat eta lehenago amaitu, hobe. 

Hauteskundeetarako Sorturen gaineko helegitearen gainean erabakia hartuta izango da?

Ekainaren 19tik 21era bitarteko saioan Auzitegi Konstituzionalak ez badu ebazten, hantxe, mahaiaren gainean geratuko da, ze aldaketa baitator, eta okerrera, gainera, Auzitegi Konstituzionalean. Oso larria da Sorturekin geratzen ari dena. Azkeneko ebazpenak zein baino zein larriagoak izan dira: Bateragune, Parot dotrina-ren luzapena… Sorturena dator hurrengo, baina gerta liteke Sortu ez legeztatzea. Espainiako Estatuaren defizit handiena ez da ekonomikoa, demokratikoa baizik. Portaera totalitarioarekin jokatzen dihardu, bereziki, Euskal Herriko indar independentistekiko. Zergatik? Inpotentziarengatik, deseroso daude politikaren mailan, deseroso ezker abertzalearen apustu estrategikoarekin. 

Zenbateraino eta ze neurritan baldintzatzen du ezker abertzalearen lan jarduna Sortu legezkoa edo ez legezkoa izateak?

Egunerokoan, antolaketa mailan, modu deseroso eta desegokian lan egitera behartuta gaude. Antolatzeko, eratzeko, dirua hona eta hara erabiltzeko, komunikaziorako… Jazarrita gaude. Egunero gaude indar polizialen begiradapean, kontrolpean… Salbuespen egoera horiek altxatzeko unea da. 

Hauteskunde errolda aldatzeko PPk esku artean daukan asmoaren inguruan ze iritzi duzu?

Horren larria izango ez balitz, barre egiteko modukoa izango litzateke. Surrealista da. Hautesle errolda muga barik zabaldu nahi dute. Oraingo hauteskundeetara ez dira helduko, seguruen, baina baldintzatu nahi dute etorkizuneko euskaldunon erabakitzeko ahalmena. Eragotzi nahi dute bihar edo etzi euskal herritarrok gure etorkizuna erabakitzeko unea heltzen denean, normal erabaki ahal izatea. XXI. mendean tankeak kalera ateratzea txarto ikusita dagoenez, beste trikimailu hauek asmatu nahi dituzte.

Zelan definituko zenuke Lopezen agintaldia?

7.000 kilometrora tren batean galduta. 

Zergatik ez duzue parte hartu nahi Legebiltzarreko Bakearen eta Elkarbizitzaren Gaineko Ponentzian?

Legebiltzar hori bere osaketan da baztertzailea. Hortaz, halako ponentzia bat hasieratik jaiotzen da herren. Eta zergatik orain, legealdia amaitzera doanean? Jakina, beti da ona bake bidean lanean jardutea, baina uste dut ponentzia horrek, orain, ez duela askorako balio. 

Ze iritzi daukazu Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren azken adierazpenaren gainean?

Oso positiboa. Presoek modu kolektiboan hartutako erabakia da. Urriaren 20ko ETAren erabakia batera hartu zen moduan, orain ere bai. Edukiaren aldetik ere, positiboa da, ze biktima guztien mina aitortzen baitu, besteak beste. Urrats handi bat da eta ez da amaierakoa. Euren eskubideak gorde ahala, beste urrats batzuk emateko prest agertu dira.

Gainerako alderdi politikoek balorazio ezkorra egin dute…

Arduragabekeria handiaz jokatu dute, ze duela hilabete batzuk eskatzen zutena egin dute presoek orain. Nahikoa ez dela diote orain. Norberak urratsik eman barik besteei urratsak ematea eskatzen diotenen diskurtsoa da. 

Langraitzeko bidea aukeratu duten presoek kritikatu egin dute ezker abertzalea eta diote agiria presoen kolektiboak barik ezker abertzalekoek idatzia dela…

Hedabideek Langraitzeko presoei ahotsa ematen dieten moduan, Euskal Preso Politikoek Kolektiboari ere ematea nahiko nuke. Haien iritzia ere jasotzeko.

Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak esan berri du preso guztiak bihar bertan kalean egon beharko liratekeela. Bat zatoz?

Esateko modua bat da. Dena dela, espetxe legedi arrunta aplikatuko balitz, bihurgunerik egin barik, hau da, preso gaixoak, prebentiboak eta euren zigorraren hiru laurdenak beteta dituztenak kaleratuz gero, preso guztien herena edo gehiago kalean egongo lirateke. Presoek eta gobernuek zeresan handia dute.

Bilduk Gipuzkoako Foru Aldundian erakutsi duen kudeaketa lanaren gaineko ze iritzi duzu?

Sekulako zuloak eta porruak topatu ditugu hainbat erakundetan eta horiei buelta ematea tokatu zaigu, gardentasunez eta herritarren parte hartzearekin. Ogasun mailan hasitako norabide aldaketa nabarmenduko nuke zerga politiketan aldaketak eginez. Hondakinen kudeaketan, brziklapenaren aldeko apustua ere aipatzekoa da. Gipuzkoa, Europan, puntaren puntan jar daiteke kontu honetan. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak