Martin Garitano: "Gustatu ala ez gustatu, Gipuzkoako Foru Aldundiak eutsi egiten dio orain arte egindakoari"

Eneko Azkarate Laspiur 2012ko eka. 13a, 09:57

Martin Garitano diputatu nagusiak, foru diputatu guztiak ondoan dituela, adierazpen instituzionala irakurri zuen atzo hedabideen aurrean, "hondakinak kudeatzeko estrategiak gobernu osoaren mandatuari jarraitzen" diola berresteko. Besteak beste, Juan Karlos Alduntzin Ingurumen diputatuaren defentsa egin du, oposizioak kargutik kentzek eskarien aurrean. Eta orain arteko ia urtebeteko gobernu jardunaren gainean, zera dio: "Gustatu ala ez gustatu, Gipuzkoako Foru Aldundiak eutsi egiten dio orain arte egindakoari, guzti-guztiari, hondakinen kudeaketa barne".

Hauxe da testu osoa:

"Duela urtebete, hauteskunde kanpainan, hondakinen auziari konponbidea emango geniola agindu genuen. Gipuzkoako Foru Aldundiak konpromiso hori bere egin du.

Joan den astean, Europako adituen laguntzaz egindako Garapen Estrategiak abiapuntu hau izan du: gauzak ondo egitea. Estrategiak indarrean dagoen plangintza aztertu du, gaurko errealitatera egokitzeko. Lehengo aurreikuspenak zuzendu egin dira. Etorkizuneko erronkak kontuan hartu dira.

Estrategia berri honi esker, hondakinen kudeaketaren arazoari modu eraginkor batez egin dio aurre Gipuzkoak. Europako Batasunaren jarraibideekin bat, estrategia iraunkorra aurkeztu dugu.

Estrategiaren oinarrian, hondakinen kudeaketako hierarkiaren lehen hiru printzipioak daude: murriztea, berrerabiltzea eta birziklatzea. Hau da gure estrategia. Ez dugu erraustuko, ez dugu zaborretara botako birzikla daitekeen ezer, konposta daitekeen ezer. Hori da konponbidea. Hori da etorkizuna.

Gobernu honek, beraz, hitz emandakoa bete du, arduraz jokatu du.

Horren aurrean, beste edonon ulergaitza den jarrera hartu du oposizioak: kudeaketa alorrean zentzuzko konponbide bat aurkezteagatik, Ingurumeneko eta Lurralde Antolaketako diputatua kentzeko ekimenak han-hemenka iragartzen ari dira, elkarren aurkako hauteskunde kutsuaz. Zergatik, eta gobernu honen mandatua zintzo betetzeagatik.

Garapen dokumentua aurkeztu orduko, korrika eta presaka, urduri, edukiak sakon aztertu gabe, Juan Karlos Alduntzinen burua eskatzen ari ziren hedabideetan. Oposizioko alderdien beldurra agerian gelditu da. Beldurra diote edukiez eztabaidatzeari. Estrategian planteatutakoekin desadostasuna izatea zilegi da, baina oposizioak ez du edukia eztabaidatu nahi izan. Alderdi batek, esaterako, uko egin dio Europako adituen azalpenak entzuteari. Beldur dira adostasunetara iristeko.

Hondakinak kudeatzeko eskumena dutenek, udalek alegia, esan berri dute ez dutela erraustegirik behar; ez dutela halakorik finantzatuko. Azpiegiturak planifikatzeko eskumena duenak, beraz, zergatik ez dio udalen gehiengoari jaramonik egin nahi?

Beldurra diote konponbide berriari. Bilduk gobernuan gauzak ondo egiteari izua diote.
Gipuzkoako foru gobernu hau harro dago hondakinen arloan plazaratutako ekarpenarekin, gobernura ekarri gintuzten herritarren borondatea errespetatzen saiatu garelako, arrazoizko konponbidea delako, Europako Batasunaren ildo nagusiak betetzen dituelako, errealitatera egokitutako planteamendua delako. Eta hori guztia erdi prezioan, gainera.

Gustatu ala ez gustatu, Gipuzkoako Foru Aldundiak eutsi egiten dio orain arte egindakoari, guzti-guztiari, hondakinen kudeaketa barne. Aurkeztutako estrategia ez da diputatu baten burutazioa, gobernu honen mandatuz egindako lana baizik. Hondakinen estrategia gustuko ez dutenek jakin bezate gobernuak ez duela bere jarduna aldatzeko asmorik. Gobernu hau osatzen dugun andre-gizonok talde bat gara, ontzi berean gaude, leku berera goaz arraunean: Gipuzkoa zero zaborren norabidean jartzera, alegia".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak