Sexologia Bulegoko Maialen Elizburuk azaldu du gaur egungo eredu heterosexual eta bikote eredutik, eta familiara bideratutako eredutik irteten direnak direla ezkutuan dauden sexualitateak: eta, batez ere, lesbianak eta transexualak direla baztertuen daudenak. Hala, lesbianismoa eta transexualitatea jorratuko dituzte, besteak beste. "Asmoa da arraro edo perbertsotzat jotzen diren sexualitateak balizkotzat jotzea", dio Elizburuk.
Lesbianak, alboratuta
Orokorrean, gizonezkoen sexualitateak emakumezkoenak baino indar edo nagusitasun handiagoa izan du. Bada, egoera hori homosexualen artean ere islatu da; hala, lesbianak beti egon izan dira alboratuago eta ez dira gizartean gayak bezain ondo hartuak izan.
Bi ama, familia bat
Belen Azkarate eta Iratxe Vazquez 2008an ezkondu ziren, Antzuolan. Urtebete lehenago Beñat semea izan zuten, eta 2010ean Ainhize jaio zen. "Beñat jaio zenean ezkondu barik geunden eta arazoak izan genituen semea bion izenean erregistratzeko; nik adoptatu egin behar izan nuen", azaldu du Belenek. Ainhize jaio zenean, ostera, familia-liburuan erregistratu zuten inongo arazo barik. Alde horretatik, homosexualen arteko ezkontzak legezkoak izatea aurrerapausoa izan dela gaineratu dute. Gizonezkoen kasuan ez da abantaila izan: homosexualen arteko ezkontzak onartzen ez dituzten herrialdeetan homosexualek ezin dute umerik adoptatu –bai ezkongabe moduan, baina ez ezkonduta baldin badaude.
Semearen galderak
Bikoteak dio Beñatek askotan galdetu izan duela ea nola iritsi zen bera Iratxeren tripara. "Guk beti esan diogu bi ama dituela, baina umeek badakite ama eta aita behar direla umeak izateko", diote. Inoiz ez dute izan egia desitxuratzeko asmorik; horregatik, Iratxe intseminazio artifizialez haurdun geratu zela azaldu zioten semeari, eta ordutik mutikoa ase geratu dela diote: "Eskolan berak azaldu du nola etorri den mundura". Beñatek ez du inolako arazorik izan eskolan, baina beldur dira arazoak sortuko ote diren gurasoen aurreiritziak sartzen direnean tarteko. "Ama galdu berri duen mutiko batek Beñati esan zion zelako zortea zuen bi ama izateagatik", azaldu du Belenek. Bitxikeria "hunkigarria". Nagusien aurreiritziak tarteko ez daudenean dena naturala eta normala den erakusle.
Transexualen egoera larria
Transexualak dira ezkutuan dauden beste kolektibo bat, eta Ixotz Louyest bergararrak ondo ezagutzen du hori. "Egia da lesbianak beti ezkutuan ibili direla, eta emakumeak izan dira kolpe handienak jaso dituztenak gizartean, baina egia da baita ere transexualak askoz ere atzerago egon izan direla", dio. 12 urte pasa dira Ixotzek gizona dela onartu zuenetik eta ordutik gauzek hobera egin duten arren, oraindik ere gauza asko dagoela egiteko dio. "GLTB federaziotik irten eta gure federazioa egitea erabaki dugu", azaldu du. "Gustatuko litzaiguke hezkuntzan sexologia sartu eta transexualitatearen inguruan gehiago kontatzea", dio. Ixotzek gogoan du 16 urte zituenean ikastolara sexologo batzuk joan zirela: "Transexualitateaz galdetu nuen, baina klasean ez zuten ezer aipatu. Klasea amaitu ondoren itxoiteko esan zidaten, eta, guztiak joan zirenean, informazioa eman zidaten", gogoratzen du. Informazio horren arabera transexual izateko bidea hartuz gero "etorkizun iluna" izango luke.
Denbora luzean bizi izateko gogo barik egon da Ixotz, baina, azkenaldian, berriro ere indartuta dago. Orain dela sei hilabete faloplastia ebakuntza egin zioten Bartzelonan, teknika berri bat erabilita. "Besotik azal zati bat kendu didate eta aprobetxatu dute besoko arteria erradiala uretra moduan erabiltzeko. Zati horrekin zakila egin dute", dio. Baina arazo bat izan du ebakuntzarekin: besoko azaleko ileak kentzea ahaztu zitzaien eta ile horiek zauriak egin dizkiote. Ekainaren 11n berriro ere joan beharko du Bartzelonara, zakila zabaldu, azala lehortu eta depilazioa egitera. Bestalde, beste bi ebakuntza geratzen zaizkio: batetik, barrabilak jarriko ditu (eskrotoko azala betetzea izango da); eta sexu harremanetarako erekzioa izateko ebakuntza egin beharko diote.
Zirujauak bideoz grabatu gura zuen ebakuntza, eta, horregatik, ia doan atera zaio Ixotzi: "Hala ere, operazio hau 25.000 euro inguru izango da". Gizarte Segurantzak ez du horrelako ebakuntzarik estaltzen: "Gurutzetan endokrinologia eta psikiatria zerbitzuak eskaintzen dituzte". Gaineratu du bularra jarri eta kendu eta baginoplastia eta isterektomia ebakuntzak egiten dituen zirujaua ere badagoela Gurutzetan. Orokorrean, pozik dago Ixotz: "Osorik ikusten dut nire burua, ez bakarrik ispiluaren aurrean, baita nire nortasunarekin ere". Eta gaineratu du emaztea ere pozik dagoela.
Jaurlaritzarekin lanean dihardute
Magala elkarteko kide dira Belen Azkarate eta Iratxe Vazquez. Maiatzean Gasteizko Parlamentuan egon ziren gainerako LGBT taldeekin batera afektibitate eta sexu aniztasunaren kudeaketaren gaineko 2011-2013 lan plana aurrera eramaten. Helburu nagusia sexu-orientaziorengatik eta genero identitatearengatik diskriminazioaren aurka eta berdintasunaren aldeko politika publikoen garapenean lan egitea da, eta baita euskal gizartea eta euskal gizarteko agenteak sentsibilizatzea ere. 12 helburu orokor zehaztu dituzte eta 66 jardun proposatu dituzte ondoko arloetan garatzeko: hezkuntza, osasuna, talde bereziki kalteberen laguntza eta sentsibilizazioa.
Jardunaldietako egitaraua
Kulturaten:
- Ekainak 12 19:00etan Transamérica filma.
- Ekainak 13 19:00etan Crítica del pensamiento amoroso liburua aurkeztu.
- Ekainak 20 19:00etan El último verano de la boyita filma.
- Ekainak 27 19:00etan The kids are all right filma.
Gaztetxean:
- Ekainak 10-14 Lesbianismoaren inguruko erakusketa.
- Ekainak 10 18:30ean Mi sexualidad es una creaccion artistica dokumentala.
Kalean:
- Ekainak 21 19:30ean Pronostiko erreserbatua antzerkia.