Etxepare Euskal Institutuak "oso harrera ona" izan du munduan

Goiatz Arana Begiristain 2012ko eka. 6a, 19:54

2010eko ekainetik institutuko zuzendari den Aizpea Goenaga pozik agertu da bi urtetan egindako lanarekin: "Herri baten kultura zabaltzea herri hori ezagutzera emateko giltza da. Institutuak oso harrera ona izan du munduan, ate asko jo ditugu eta gehienak zabaldu dizkigute. Norabide argi bat markatu dugu eta hori izan da gure indarra". 

Orain arte egindako bidean, unibertsitatearen alorra indartzen, euskal sortzaile eta eragileen beharrei erantzuten eta euskal kulturaren industria babesten egin dutela ahalegina azpimarratu du Goenagak, dituzten "baliabideak erabilita eta elkartasuna sustatuz". Horixe izan da, baliabide eza, egitasmoa sendotzeko topatu duten "eragozpen handiena" eta, horregatik, "elkarlana eta baliabideen optimizazioa arau bihurtu dira institutuarentzat".

Eta orain, bi urte eta gero, Etxepare Euskal Institutuak haztea eta zabaldu dituen bideak mantendu eta indartzea izan behar du helburu, Aizpea Goenagaren iritziz: "Oinez hasi gara, hitz batzuk esaten ikasi dugu… baina orain hegan egin behar dugu".

Katedrak, hitzarmenak eta beste

Euskara eta euskal kultura irakurletza eta katedra programak izan dira gure hizkuntza eta kulturarekiko nazioarte mailako ezagutza eta prestigioa sustatzeko Institutuaren jarduera nagusietakoak.

2010etik 2011ra bitartean 300 bilera baino gehiago mantendu zituen Institutuak euskal sortzaile eta eragileekin, eta 2012an lan-taldeak sortu dira sektore ezberdinekin Institutuaren helburuak eta lan-ildoak elkarrekin finkatzeko.

Institutuaren asmoa da erakunde, unibertsitate eta kultur eragile ezberdinekin elkarlanean jardutea, horrela lana garatu eta bere helburuak erdietsi ahal izateko. Xede horrekin, 22 lankidetzarako hitzarmen izenpetu ditu Institutuak.

Kultur ekintzak

Euskal kulturaren sustapena eta hedapena areagotzeko bidean, Institutuak 20tik gora produkzio eta koprodukzio abian jarri ditu, munduko kulturgune estrategikoetan; bi urteotan, euskal egileen 80 kultur jarduera baino gehiago babestu ditu mundu osoan, euskal presentzia bermatzeko asmoz eta Etxepare Euskal Institutuaren marka finkatu eta zabaltzeko asmoz; eta lan berezia ere egin du euskal kultura puntako jaialdietan egon dadin. Horrez gain, euskal kulturaren ordezkaritza lanak etengabe egiten ditu Etxepare Euskal Institutuak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak