Gipuzkoako EAJren ustez, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Hondakinen Planaren aurkezpenean "polemika izan da nagusi" gaur goizean. Batzar Nagusietan hainbat aditu agertu dira, bere iritziak azaltzeko eta taldeen galderei erantzuteko. Bada, EAJren hautetsi Xabier Ezeizabarrenaren ustez, "Aldundiak kale egin du: aurkezpena porrot handia izan da eta, gainera, herritarrei iruzur egin diete".
Gehiengoaren borondatea "errespetatu"
Batzarkide jeltzalearen ustez, Juan Carlos Alduntzin foru diputatuaren hitzak entzun eta gero, "agerian geratu" da "Batzar Nagusien gehiengo demokratikoaren borondatea ez duela errespetatuko".
Xabier Ezeizabarrenaren iritziz, hherritarroi adarra jotzen ari zaigu; hau da, estrategia aldaketari buruz hitz egiten du, egungo hondakinen plangintza aldatu nahi du, baina ez du nahi Batzar Nagusiek eztabaidatzea ez bozkatzea, nahiz eta horien eskumena den".
"Zabortegi batzuk itxi beste batzuk zabaltzeko"
Ezeizabarrenak, bestalde, zabortegien gainean egin du berba: "Foru Aldundiak eufemismoak erabili ditu zabortegia hitza ekiditeko, besteak beste, honakoak erabiliz: 'hondakin egonkortuen fardelen depositatze kontrolatua, espazio degradatuak leheneratu eta berreskuratzeko'. Hau da, zabortegi berriak irekitzeari buruz ari dira eta, beraz, zero zabor politika gezur hutsa da eta Bilduren apustua agerian uzten du: zabortegi batzuk itxi beste batzuk zabaltzeko".
Ildo beretik, jeltzaleak galdetu du zer gertatuko den "ireki nahi dituzten zabortegiak betetzen direnean". Eta gehitu du, "gaur Bilduk proposatu diguna aurrera begirako ihesa" dela.
Batzar Nagusietan eztabaidatu
Azkenik, EAJren batzarkideak Foru Aldundiari eskatu dio, "dokumentua Batzar Nagusietara ekartzeko, bertan eztabaidatzeko nahiz bozkatzeko, eta gehiengoak erabakitzen duena errespetatzeko".