Zubietan errauste plantaren ordez, biometanizazio planta bat egitea aurreikusi du Diputazioak

Eneko Azkarate Laspiur 2012ko ekainaren 5a

Gipuzkoako Foru Aldundiak hondakinak kudeatzeko estrategia aurkeztu du gaur goizean Batzar Nagusietan. Estrategia honek Gipuzkoako Hiri Hondakinak Kudeatzeko Plan Orokorraren 2008-2016 eguneratu eta gaur egungo errealitatera egokitu du. Izan ere, "aurreikusitako hondakin sorrera %12 murriztu da gaur egun", eta horrek, "hondakinen tratamenduari eman beharreko neurriak berriro planteatu beharra" dakar berarekin. Hala adierazi du Juan Carlos Alduntzin Ingurumen diputatuak.

Aurkezpenean Juan Carlos Alduntzin Ingurumeneko diputatuak eta estrategia diseinatu duten Europako bost adituetako lauk hartu dute parte: Joan Marc Simon Lluma zientzia ekonomikoetan lizentziaduna eta Zero Waste Europe mugimenduko zuzendaria; Laia Valenzuela Ingurumen zientzietan lizentziaduna eta udal kudeaketan espezializatua; Frederic Puig Magrinya Spora Serveis Ambientalseko sortzaileetako eta zuzendarietako bat, eta Martin Steiner hondakinen kudeaketan eta uraren babesean espezializatua eta Europako Inbertsio Bankuaren proiektu ebaluatzailea.

Zabortegiak itxi

Foru Aldundiaren estrategiak 2014an Gipuzkoako gaur egungo "hiru zabortegi kutsakorrak ixtea", sei konpostaje planta sortzea —horietako bat, Epelen, Bergarako lurretan— eta Zubietan biometanizazio planta bat egitea aurreikusi du: planta horrek energia berriztagarria sortuko du.

Azpiegitura sare osoa egiteko, "orain arte aurreikusitako diruaren erdia" erabili beharko da. Estrategiak "aurrerapauso handia emango du gaur egungo egoerarekin alderatuta, sortutako hondakin guztiak tratatzea ahalbidetuko du-eta. Era horretan, Gipuzkoak Europako araudia beteko du.  

Lurralde osoan, 2016rako %60 gaika sailkatu

Prebentzio arloari ere "garrantzia berezia" emango dio estrategiak: "2016rako hondakin sorrera %4 murriztuko da". Izan ere, Gipuzkoako Foru Aldundiak dioenez, "sortzen ez dena da hondakin onena". Bilketari dagokionez, "2016rako lurralde osoko hondakin guztien %60 gaika biltzea aurreikusi du" estrategiak. Auto-konpostajea eta konpostaje komunitarioa sustatzeaz gain, "elikagaien xahuketa eragoztea" ere aurreikusi du.  

Gaur goizean estrategia Batzar Nagusietan aurkeztu ondoren, gaur arratsaldean Gipuzkoako Hondakin Partzuergoari aurkeztuko dio Foru Aldundiak. Eta bihar arratsaldean, Aholku Batzordearen txanda izango da.

Batzarrak: Arrasaten egubakoitzean

Ondoren, herritarrekin izango dira foru ordezkariak eta planaren egileak: bihar bertan Donostiako San Telmo museoan izango da lehen bilera, 19:00etan. Ostegunean, Pasaiako Trintxerpeko Alkateordetzan eta Zarauzko Antoniano ikastetxean egingo dira aurkezpenak, eta ostiralean, Arrasateko Kulturaten eta Tolosako kultur etxean. Lau bilera horiek ere 19:00etan hasiko dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak