Gipuzkoako 50 alkatek iragarri dute ez dutela finantzatuko errauste planta

Eneko Azkarate Laspiur 2012ko ekainaren 5a

Gipuzkoako 50 alkatek, horien artean Debagoienekoak, iragarri dute ez dutela Zubietako errauste planta finantzatuko eta euren herrietako zaborra ez dutela erraustuko. Bilduko eta formazio independenteetako alkate horiek diote zaborra jasotzeko orain arteko sistemarekin ezin dela jarraitu, eta birzikla daitekeen guztia birziklatzen saiatuko direla esan dute. Donostiako Miramar Jauregian egin dute agerraldia. Han izan dira, besteak beste, Arrasateko, Bergarako edota Aretxabaletako alkateak.

"Zerbitzuei eusteko-eta aurrekontuetako arazo larriak" dituzten garai hauetan, udalak ez daude "nahi ez duten errauste plantan" dirua gastatzeko prest, alkate horiek esan dutenez. Gainera, egitasmo hori ingurumenarentzat kaltegarria dela uste dute.

Debagoieneko bost alkatek egin dute bat ekimenarekin: Arrasate, Bergara, Oñati, Aretxabaleta eta Antzuolakoak.

Atea atekoaren alde

50 alkateak atez ateko sistemaren alde azaldu dira. Izan ere, adierazi dutenez, bilketa era horrekin hondakinen %80 birziklatzen da, Oiartzun, Hernani, Usurbil eta Antzuolako ereduek erakusten omen duten bezala. "Atez atekoa da sistemarik eraginkorrena".

Dena dela, hondakinak gaika jasotzeko sistema horretan era desberdinak egon daitezkeela uste dute. Haien iritziz, bosgarren edukiontzia atez atekoaren datuen aldean "oso urruti" geratzen da.

Bestalde, Juan Carlos Alduntzin Ingurumen diputatuak martitzenean azalduko du Batzar Nagusietan hondakinen kudeaketarako plangintza berria.

Batzar Nagusietan aurkeztu ostean, herririk herri aurkeztuko du Gipuzkoako Foru Aldundiak hondakinak kudeatzeko estrategia. Bost aurkezpen egingo dituzte, hain justu ere, lurraldeko lau herritan ere hiriburuan. Lehena, eguaztenean, 19:00etan, Donostiako San Telmon.

Debagoienean, Arrasate egingo dute, egubakoitzean, 19:00etan Kulturaten. Juan Carlos Alduntzin Ingurumen diputatua eta Laia Valenzuela, Spora Serveis Ambientals-eko zuzendaria izango dira bertan.

Mosaiko erraldoia

Bestalde, hilaren 17an Donostiako Saguesen Zero Zabor taldeak antolatuta egingo den mosaiko erraldoian parte hartzeko eskatu dute Gipuzkoako 50 alkatek gaurko agerraldian.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak